Australiako enbaxadoreari harrera egin diote Gernika-Lumon
Euskal Australiar Alkarteak urteroko bazkaria egin du gaur [ekainak 14], Gernika-Lumon. Rosemary Morris-Castico australiar enbaxadoreak elkartekideekin bat egin du aurten, eta Gernika-Lumoko udal gobernuak ongietorria egin dio.

2018az geroztik, australiar eta euskal kulturen arteko harremana indartu eta garai batean Australiara joan ziren euskaldunen lana eta bizitza ikusarazteko asmoz lanean dihardu Euskal Australiar Alkarteak. Kulturen arteko senidetzea sendotzeko, elkartekideak —60 bat dira gaur egun—, Australiara joandakoak zein bertatik etorritakoak, edota bi kulturei buruz ikasi gura duenak biltzen dituen bazkarian elkartzen dira urtean behin. Azken urteetan bazkarian gonbidatu berezi bat izaten ahalegindu dira, eta aurtengoan lortu dute: Rosemary Morris-Castico australiar enbaxadoreak gonbitea onartu eta gaur [ekainak 14] egiten ari diren bazkarira bertaratu da.
Enbaxadorearen helduera dela eta, Gernika-Lumoko Udalak, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea buru, ongi etorria egin dio udaletxean. Alkatea eta enbaxadoreaz gain, udaletxean izan dira Ziortza Olano Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearen Zuzendaria, Amaia Antxustegi foru diputatua eta Euskal Australiar Alkarteko kideetako batzuk, tartean Amaia Urberuaga presidentea. Gorroñok elkarteak garai batean “bizimodua aurrera ateratzeko” Australiara joandakoak gogoratzeko egituen duen lana goraipatu du, urteroko hitzordua “gauza ederra” dela nabarmenduta: “Garai hartako Euskadiko historia ez da egungoa, beste bizimodu bat zen; jendea Amerikara, itsasora edo Australiara joaten zen, bizimodua aurrera ateratzeko; gogor behar egin eta gero, hona itzuli, etxebizitzak erosi eta seme-alabei ikasketak emateko asmoz”, gogoratu du. Gorroñoren esanetan, euskaldunen joan-etorriak “aberastasuna” ekarri dio Euskal Herriari, eta “oso eskertuta” agertu da: “Egin behar zutena egin zuten, eta horrekin asko lagundu zuten, beraien seme-alabai eta bilobei gaur egun duten bizitza izatea ahalbideratuz”.
Australiar enbaxadoreak haritzaren hostoa daukan koadroa jaso du Gorroñoren eskutik, “opari xumea baina esanahiz betea”: “Haritzaren, Gernikako arbolaren hostoa du, euskal askatasunen sinboloa, Baita Picasso txiki bat ere. Gernika Picassoren ondoan, eta Picasso Gernikaren ondoan, bakearen eta giza eskubideen aldeko eta gerraren kontrako ikurra da, gaur egun horren garrantzitsua dena”, azaldu dio alkateak Morris-Casticori.
Komunitate langilea.
Enbaxadorea Gernika-Lumon egoteagaz “pozik” agertu da: “Ohorea da Gernikan egotea, polita bezain sinbolismo historiko eta politikoz beteriko herrian”. Morris-Casticok bisitaldiak XX. mendean Australdiara migratu zuten milaka euskaldunen errealitatea ezagutzeko aukera emango diola nabarmendu du: “Nire herrialdera etorri ziren euskaldunek Australiak langileak behar zituen zeregin oso gogorretan aritzen ziren, kanabera eta tabako bilketan, esaterako. Emakumeek, neurri handi batean etxeko-lanetan lan egiten zuten”. Australiako euskal komunitatea “txikia, xumea eta langilea” zela gogoratu du, askok ingeles hitz egiten ere ez zekitela nabarmenduta.
Euskal Australiar Alkartaren lana aitortu du, Australiako euskal diasporak bere “identitatea eta kultura mantentzea” laguntzen duelako: “Badakit emigranteen bizitza ez dela beti erraza, baina espero dut nire herrialdera joan ziren euskaldunek, zailtasun guztien gainetik, Australia beraien etxea zela sentitu izana, edo behintzat, beraien bigarren etxea”. Enbaxadoreak Euskal Herriak azken hamarkadetan izandako aldaketa azpimarratu du: “Gaur egun, aukera eta indar ekonomiko handiko lurraldea da. Australiak eta Euskal Herriak lehen baino antz handiagoa dute gaur. Espero dut bi lurraldeek kultura, ezagutza eta aukerak partekatzen jarraitu ahal izatea”.
Lotura iraunkorraren ospakizuna.
Urberuaga “oso eskertuta” agertu da enbaxadoreak gonbidapena onartu izanagaz, eta bi lurraldeen arteko loturak sendotzeko aukera eskertu dio. “Gaurko bazkaria otordu bat baino gehiago da; balio partekatuen, elkarrekiko errespetuaren eta gure komunitateen arteko lotura iraunkorraren ospakizuna da”, adierazi du elkarteko presidenteak. Horregatik, Morris-Casticoren bisita “adiskidetasunaren sinbolo indartsua” dela azpimarratu du: “Ozeanoen bidez ere, gure kulturek harmonia aurki dezaketela gogorarazten digu. Harro gaude Australiako euskal ondareaz eta gure komunitateen artean eraikitzen jarraitzen dugun zubiez. Gure jendearen berotasunaz, gure kulturaren aberastasunaz eta Gernikaren harreraz gozatzea espero dugu. Izan ere, herri honek ez du inoiz bere iragana ahazten, eta bakearen eta loturaren etorkizunari begiratzen di0”.
Antxustegik Euskal Australiar Alkarteak egindakoak “meritu handia” duela nabarmendu du: “Komunitate indartsua zarete, ikusgarritasua emanten diozue, gure euskal nortasuna eta hizkuntza mantendu dituzue bertan”. Bera ere diasporakoa dela aipatu —bere amak Belgikara emigratu zuen 70ko hamarkadan eta bertan jaioa da— eta australiar diasporarekiko “inbidia puntu bat” sentitzen duela nabarmendu du: “Guk ez daukagu indar hori. Zorionak zuen indarragatik, hemen zaudeten guztiok familia bat zarete, urtero batzen zaretenak eta disfrutatzea merezi du”. Olanok, bestalde, Australia eta Euskal Herriaren arteko harremana XVI. mendetik datorrela gogoratu du, gobernu arteko akordioak egoten zirela azpiamarratuta. Halaber, dibertsitatea besarkatzearen garrantzia nabarmendu du: “Identitatea ez da bat, identitate asko dira. Oso komunitate indartsua dugu munduan zehar”. Hala, bere mintzaldia The Seekers taldearen I am Australian abestiari erreferentzia eginez amaitu zuen: “Aparteko kantu bat duzue, we are one but we are many —bat gara baina asko gara— dioena; uste dut gure dibertsitatea besarkatu behar dugula, komunitate oso boteretsua dugulako”.
Ekitaldia amaituta, enbaxadoreari ohorezko aurreskua dantzatu diote. Jarraian, denek batera herria bisitatu dute, Gernikako Bakearen Museaon eta Pasealekuko bunkerrean geldialdiak eginez. Bertatik, Zallo Barrirako bidea hartu dute, bertan elkartu baitira bazkarira animatu diren herritar guztiak, 87 pertsona inguru guztira. Giro ederrean aritu dira jan-edanean denak, eta 2018az geroztik egiten dabiltzan legez, datorren urtean berriro ere elkartzea aurreikusten dute.