Don Telloko bizilagunak "pozik", ETSk gaueko lana eten beharko duelako
Don Tello kaleko auzokideek Eusko Trenbide Sarearen Gernikako gune logistikoaren gaueko zaratagatik jarritako salaketaren epaia jaso dute, partzialki aldekoa dutena: ETSk ezingo du gaueko jarduerarekin jarraitu zarataren legea betetzen duela ziurtatu arte.

Gernika-Lumoko Don Tello kaleko auzokideek osatutako talde batek administrazioarekiko auzi-errekurtso bikoitza jarri zuen 2024ko udaberrian, Eusko Trenbide Sarearen (ETS) Gernikako gune logistikoaren gaueko zarata “jasanezina”salatzeko. ETS eta Gernika-Lumoko Udala salatu zituzten, eta maiatzaren 2an jaso zuten epaia, “partzialki” taldearen aldekoa dena.
Salaketa taldea 19 bizilagunek osatzen badute ere, kaltetuak “askoz gehiago” direla azaldu dute auzokideek. Hala ere, oraindik aurrera “lo egiteko aukera” izango dutelako “pozik” daudela zehaztu dute: “Sententziak adierazten duen modura, ETSk ezingo du gaueko jarduerarekin jarraitu, zarataren legea betetzen duela ziurtatzen ez duen bitartean”. Epaiak, epe luzera, gune logistikoa Gernika-Lumotik kanpora lekualdatzea ekarriko duela uste dute.
Jakinarazi dutenez, maiatzaren 28ra arte [eguaztena] epaia ez da irmoa. Gainera ETSk errekurtsoa aurkeztu du; hala ere, sententzia iritsi bitartean, bai ETSk bai udalak horrek dioena bete beharko dute. Izan ere, ETS kondenatua izan da eta “moralki sortutako kalteak nolabait konpentsatzeko indemnizazioak” ordaindu beharko ditu. Gainera, gaueko lana gelditu edo lekualdatu beharko dute, eta hori da bizilagunentzat “garrantzitsuena”: “Argi geratu da ETSk ezin dituela hiritarron oinarrizko eskubideak urratu bere lanak egiteko. Gure eskubideak ETSren lanen gainetik daude”. Izan ere, auzokideentzat “argi” geratu da 13 urtez beraien osasun eta intimitaterako eskubidea urratua izan dela, eta “sinplea eta begibistakoa” dena epaile batek esan behar izatea “lotsagarritzat” jo dute.
“Salagarria ere bada ETSren aldetik etengabe jaso dugun mespretxua: isiltasuna izan da haien erantzun nagusia”, nabarmendu dute. Hala ere, “harrokeriaz” ‘etxeak bota beharko dituzue ETSren gune logistikoa aldatu baino lehen’ bezalakoak ere esan dizkietala azaldu dute.
Gernika-Lumoko Udalari dagokionez, ez da kondenatua izan, baina epaiak haren zeregina herritarren eskubideak babestea dela eta “bere esku hartze eza ez dela zilegia izan” aipatzen du: “Aurrerantzean ezingo dio uko egin bere erantzukizunari; bere gain hartu behar du gauez zaratarik ez egoteko ardura”.
Don Telloko bizilagunak udalaren aldetik “abandonatuta” sentitu dira azken 13 urteetako ibilbide “luze eta neketsuan”: “Behin eta berriz esaten ziguten ezin zutela ezer egin, eurei ez zegokiela horren ardura”. Kaltetuek “harrigarri eta kezkagarritzat” dute udalak epaiaren aurretik zein ostean erakutsitako “jokabide desegokia“, eta oraindik haien deiaren zain daudela adierazi dute: “Oraindik deiaren zain gaude, txarto ibili direlako berbak entzuteko eta, garrantzitsuena, haien konpromisoa hemendik aurrera zien izango den azaltzeko. Udalak oraintxe du aukera bere seriotasuna eta herritarren eskubideak babesteko prest dagoela erakusteko”. Izan ere, udalak ETSeri helegitea atzera bota eta “epaia betetzea exijitu” beharko liokela aldarrikatu dute: “Eusko Jaurlaritzari bestalde, ETSren gune logistikoa beste leku batean egin dezaten eskatu beharko lioke”.
EH Bilduri, bestalde, eskerrak eman dizkiote “Legebiltzarrean ahotsa emateagatik eta arazoari behin betiko konponbidea bilatzeko komisio berezi bat bultzatzeagatik”.
Gauak, infernu.
Auzotarren ibilbidea “neketsua” izan da, 13 urtez jasan behar izan dituzten zaratek “gauak infernu” bilakatu zituztelako. Gauero makinak eta motorrak martxan, rotaflexa, zementerak, harrien garraioa… entzun behar izan dituzte, eta horri aurre egiteko “denetarik” egin behar izan dutela defendatu dute: somniferoak, koltxoiak etxeko beste puntara lekualdatu… “Ibilbide honetan bizikidetzarako tresna guztiak erabili izan ditugun arren, txarto tratatuak izan gara, oso txarto”, zehaztu dute.
Epaiarekin pozik, epaietegietako garaipena beraiena, Don Tello kaleko biztanle talde batena bakarrik ez, “garaipen kolektiboa” dela nabarmendu dute: “Garaipen sozial eta politikoa da”. Hala, zarata “oso kontu serioa” dela gogoratu dute, legez kanpoko zarata egitea delitua dela azpimarratuta: “Berdin dio nork sortzen duen zarata hori: gobernupean dagoen azpiegitura handiko enpresa batek edo tailer familiar batek, zarataren legea bete behar da, salbuespenik barik!”. Halaber, udalak legea betetearazteko ahalmena duela zehaztu dute, kontrola, jarraipena eta ebaluazioa egitera “behartuta” daudela aldarrikatuta.