Ekainaren 13ra arte eman daiteke izena danborradan
Busturiko danborradan parte hartu gura dutenek ekainaren 13a [barikua] aurretik eman beharko dute izena, udal liburutegian. Lehen entsegua ekainaren 27rako [barikua] deitu dute.

San Kristobal jaiak gero eta hurbilago daudenaren jakitun, urteroko emanaldia prestatzen hasteko ordua iritsi zaie busturiarrei. Atxurkulu Elkarteak, Busturiko emakumeen elkarteak bultzatutako danborradatik hainbat eta hainbat herritar igaro dira azken 26 urteetan, eta aurten ere deialdia zabaldu diete busturiarrei. Berdin da danborradan aritutakoa izan zein aurtez estreinakoz aurkeztea, denek dute ekainaren 13ra arte [barikua] izena emateko aukera.Hala, interesa dutenek Altamirako udal liburutegian egin behar dute inskripzioa.
Era berean, uztailaren 10eko emanaldiari begira prestaketa lanekin hasteko lehen hitzordua ere finkatu dute: ekainaren 27an [barikua] elkartuko dira. Lanak errazte aldera, bi txandatan egingo dituzte entseguak: lehenengo, 19:00etan, umeen txanda izango da eta, segituan, 20:00etan, nagusiena.