Busturiko Udalak udal etxebizitza baten erabilera utzi dio Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari
Bi erakundeek lau urterako lagapen-hitzarmena sinatu dute, eta San Bartolome auzoko etxebizitzaren erabilera KONEKTA programara bideratuko da.

Busturiako Udalak Medikuaren etxea izenez ezagutzen den udal-jabetzako etxebizitzaren erabilera laga dio Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomuniteari. Udaletik jakinarazi dutenez, San Bartolome auzoan kokatutako eraikina “gizarte-larrialdiko kasuetarako aldi baterako ostatu-zerbitzu bezala erabiliko da”.
Bi erakundeek lagapen-hitzarmena sinatu dute, eta etxebizitzaren erabilera KONEKTA programara bideratzea onartu dute. Programa Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Etorkintza Fundazioagaz sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da, eta “aldi baterako ostatu-zerbitzua eta etxebizitza-irtenbideetara igarotzeko lagutza” eskaintzen ditu. Aitor Aretxega Busturiko alkateak adierazi duenez, mankomunitateak “gizarte-larrialdi egoeretarako” etxebizitza bat behar zuela ezagutzen zuen, eta etxe hori libre geratu zenean jarri ziren erakundeagaz harremetan: “Pozik gaude laguntza eskaintzeagaz eta gure gizarte zerbitzuak hobetzen laguntzeagaz”.
Udalak eta mankomunitateak adostutako lagapenak 4 urteko iraupena izango du, baina automatikoki luzatu ahal izango da urte baterako. Gehienez lau urterako luzatu ahal izango da. Era berean, mankomunitateak etxea eraberritu edo erabilera berrira egokitu nahi badu udalaren baimena beharko duela azaldu dute, lagapen-epea bukatzean eraikinaren onurarako geratuko dela zehaztuta.