"Garaipena lortu eta gogoratzeko egun bat izatea espero dugu"
Ohorezko Mailatik bi pausora dago Gernika Rugby Taldea, eta lehena etxean eman beharko du, maiatzaren 18an. Iker Olaeta kapitainaren ustez, basurdeak "egoera onean" iritsiko dira finalaurrekora.

Kamiseta berde-beltza jantzita hazi eta hezi da Iker Olaeta (Gernika-Lumo, 1990), Gernika Rugby Taldeko kapitaina. Urbieta etxe duenetik, kolore guztietako partiduak jokatu ditu, eta, orain, maiatzaren 18an etxean jokatuko duten Ohorezko Mailara igoera lortzeko finalaurrekoak 2020/2021 denboraldikoak bezalako bukaera izatea espero du. Oraingo honetan, Bartzelonako Club de Rugby San Cugat izango dute parez pare.
Urte guztiko lana, eta hil ala biziko partidu bat. Nola ikusten duzu taldea?
Ondo, taldea egoera onean iritsiko da azken fase horretara. Guk, gainera, zortea izan dugu, bi asteko atsedenaldia izan dugulako. Ligako azkenengo jardunaldian atseden hatu genuen, lanak aspaldi eginda genituela. Alde horretatik, uste dut gure aurkaria baino hobeto helduko garela finalaurrekora.
San Cugat aurkari ezaguna duzue. Elite Multzoko bigarren jardunaldian garaipena lortu zenuten, Bartzelonan.
Jardunaldi hartan, azkenengo jokaldian erabaki zen partidua eta, zorionez, geure alde erori zen. San Cugat talde dinamikoa da, gaztea, eta oso ondo jokatzen duena. Uste dut finalaurrekoa parekatuta egongo dela, baina guk etxean jokatzea alde izango dugu; horrekin aurrera egitea lortu behar dugu.
Jokalari beteranoa zara, kapitaina, eta garrantzi handiko partiduak jokatutakoa. Zein mezu helarazten diezu taldekideei?
Aurten apur bat ezberdina izaten ari da. Denboraldi hasieran helburu argia jarri genuen: Elite Multzora sailkatu, eta bertan lehiatzea. Aspaldi lortu genuen helburu hori, eta, gero, disfrutatzen joan gara. Hala ere, ikusi da jokalariek, lantaldeak eta klubak gehiago nahi zutela, eta beti sortzen da presio puntutxo bat. Azken batean, nire eskarmentutik, disfrutatzeko esaten diet, biziko duguna bezalako egunak ez direlako asko izaten: finalaurrekoa etxean jokatzea, geure zaleen aurrean, egin dugun bezalako denboraldia eginda… Sari oso handia da, eta sari horretaz disfrutatu behar dugu guztiok: jokalariok, lantaldeak, klubak eta zaleek, hau da, Gernika Rugby Taldea osatzen dugun partaide guztiok.
Noiz hasi zineten igoeraz hitz egiten? Edo saihestu gura izan duzuen gaia izan da?
Igoeraz hitz egitea ekidin dugu, argi eta garbi. Egia esateko, denboraldi hasieran, talde oso indartsuan geundela ikusita, igoera oso urrun ikusten genuen helburua zen; horregatik, pausoz pauso joan gara. Denborak aurrera egin ahala, ikusi da sekulako taldea osatu dugula, eta hemen gaude, finalaurrekoetarako astebete falta dela, ilusioz gainezka. Finalera iristeko sekulako aukera dugu, eta, esan bezala, gozatzeko eguna izango da.
Finalaurrekoak ligako gainontzeko partiduak bezala prestatzen ari zarete?
Bai, guk ez dugu aldaketa handirik egingo. Urte guztian zehar jarraitutako dinamikagaz segituko dugu. Aurkariaren, kasu honetan San Cugaten, jokoaren irakurketa egingo dugu, non erasotzen duten edota zelan defendatzen duten jakitekio. Finean, urte guztian zehar egin dugun lan bera da. Guk gure jokoa zelairatuko dugu. Urte guztian, ez gara inoren jokora moldatu, eta bide beretik jarraituko dugu: dinamika berberagaz, betiko lana eginez.
Etxean jokatzea abantaila dela aipatu duzu. Zenbateraino eragin dezake horrek?
Beti esaten dute etxean jokatzea, faktore hori alde izatea, ona dela, baina nire esperientziatik esango nuke horrek presio puntu bat ere sortzen duela. Azken batean, guk badakigu Urbieta guztiz beteta egongo dela, egun izugarria izango dela, ekintza ezberdinak ere egongo direlako aukeran. Etxeko jokalari batek edota urte guztia hemen daraman jokalari batek sentitzen duen presio maila kanpotik datorren batek baino handiagoa delakoan nago. Beraz, zelaia alde izatea ondo dagoela uste dut, etxean jokatuko dugu eta ez dugu bidaiatu beharko, baina, halere, ikusiko da ea presio hori noraino iristen den.
Hitzordu handiaren atarian, denboraldiaren zein balorazio egiten duzu?
Indibidualki, denboraldi ona izan da; asko disfrutatu dut, eta urte polita izan da. Partiduak irabazten dituzunean eta helburuak betetzen zoazenean, dena da askoz errazagoa, denak egiten du min gutxiago: ez zara nekatuta sentitzen. Oro har, dena da askoz hobea. Taldeari dagokionez, etxeko jokalariok, aurten etorri diren jokalari atzerritarrek eta iaztik gurekin daudenek talde izugarria osatu dugu. Pila bat konektatu dugu, ekipoa bai, baina taldea egin dugu, eta uste dut emaitzak horregatik ere iritsi direla. Badirudi urte asko daramatzagula batera, eta uste dut urte askotan ikusi izan dudan talderik trinkoena eratu dugula.
Harmailek zeresana izango al dute datorren domekan?
Bai. Esan bezala, guretzat etxean jokatzea saria da, eta argi dugu urteetan zehar gurekin egon diren zaleek horrelako egun handi bat merezi dutela. Urbietara etortzeko, gurekin bat egiteko eta elkarrekin disfrutatzeko deia egin gura diegu gernika-lumotarrei, Gernika Rugby Taldeko zaleak direnei nahiz sekula Urbietan egon ez direnei eta errugbia ezagutzen ez dutenei, heldu zein ume; kamiseta berdea edo beltza jantzi, eta berezia gurekin pasatzera hurbildu daitezela. Guretzat, klubarentzat eta beraientzat garaipena eskuratzeko eta gogoratzeko eguna izatea espero dugu, eta denok batera errazagoa izango dela sinisten dugu.
Finala tabu da akaso, baina dagoeneko horrekin amesten al duzu?
Noski, saihestezina dela uste dut. Argi dago guztiok final horretara iritsi nahi dugula, eta, nahi zein nahi ez, gertu ikusten dugu: gure helburua eta buruan ezarri dugun data garrantzitsua da maiatzaren 24a. Talde bezala izaera lehiakorra baldin baduzu, eta nik uste horrela izan behar dela, beti pentsatzen duzu azken fasera arte helduko zarela. Dena dela, oso argi dugu maiatzaren 18koa dela lehenengo pausoa: finalaurrekoa da, partidu bakarrera, eta ondo dakigu berdegunean edozer gertatu daitekeela. Horrenbestez, irabaztea lortzen badugu, poztasun ikaragarria hartuko dugu, ziur asko; partidua galtzen badugu, berriz, domeka horretan sekulako kolpea hartuko dugu. Edozelan ere, finalaurrekoa galduta ere, uste dut pare bat aste igarota, kanpotik ikusteko gai garenean, ohartuko garela aurten taldeak egin duen lanaz eta lortu dugun guztiaz.