Euskal Herriko lehenengo zigilu diskografikoaren argazkia, dantzaren bidez

Herri Gogoa Euskal herriko lehen zigilu diskografikoan oinarritutako ikuskizunagaz dator Haatik Dantza Konpainia Gernika-Lumora. Disketxe batek inspiratutakoa izanik, musikaren erabilerak garrantzi berezia dauka OTS lanean. Bihar (maiatzak 10) 19:00etatik aurrera eskainiko dute Lizeo Antzokian (sarrera 12 euro, eta 9 euro Laguna Txartelagaz).
Garraxi mutuak, ixiltasun dantzatuak. Herri Gogoa disketxearen katalogoa erabiliz, mundu horren “argazkia” sortu eta konposizio, soinuzko dokumental eta testigantza musikalen erreportajea eraiki dute, inprobisazio eta experimentazioari esker bizirik bidaiatzen duena emanaldiz emanaldi. Nazioarteko ospea duen Jone San Martin dantzari eta sortzaile donostiarrak sortutako koreografiak, euskal dantza dauka inspirazio iturri. Euskal dantzak aztertzerakoan, antolatzeko eta espazioan idazteko modu berriak sortu, eta euskal dantzen mekanismoak, interprete bakoitzaren eta taldearen sentimendu intimo eta personalagoak adierazteko tresna gisa erabili ditu. Sortzaileen hitzetan, agertokian gertatzen dena “egoera metafisikoa” bihurtzen da, “bakoitzak eszenan nola egon nahi duen, zer esan eta nola esan nahi duen deskubritzen hasten den lekua”.
Aiert Beobidek eta Iurre Aranburuk zuzendutako lana Herri Gogoa zigilu diskografikoan islatutako mugimendu kultural abangoardista “berrinterpretatzeko bultzada” gisa sortu dute: “Zentsura zela eta, zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, 200 diskotik gora argitaratzea lortu zuen, euskal kultura biziberritu eta berritzeko helburuarekin”.