Eskualdeko eskola txikiek Busturia izan dute aurten topaleku
Euria ezusteko gonbidatu izan badute ere, jai giroa izan da nagusi goizean zehar Busturialdeko Eskola Txikien Jaian. Gautegiz Arteagako Montorre Eskolak jaso du datorren urtean festa antolatzeko lekukoa.

Herri hauetan eskola barik / ez daukagu zer eginik / eskola txiki biziei esker / herri txikiak bizirik. Eguraldi txarrari bertsoekin erantzun diote gaur goizean Busturian. Ikasturte hasieratik prestakuntza lanetan murgilduta egon dira Busturiko Jose Maria Uzelai Herri Eskolan, eta euriak azken orduko aldaketa batzuk ekarri baditu ere, goi-goitik ari dira Busturialdeko Eskola Txikien Jaia ospatzen.
Kalean egitekoa zen ospakizuna tenis pistetara lekualdatuta, goizeko 10:3o aldera egin die Uzelaikoek harrera eskualdeko gainontzeko eskola txikiei, hau da, Gautegiz Arteagako Montorre eskolari, Mundakako Eskolari, Muxikako Urretxindorra Herri Eskolari eta Ibarrangeluko, Eako eta Elantxobeko ikasleak hartzen dituen Haizeder Eskolari. Izan ere, azken horien lekukoa hartu du aurten Uzelaik.
Aterpean eta euriaz babestuta zeudelarik, Urzelaiko ikasleek bertsoak abestu dituzte, eskola txikien aldeko aldarrikapenak eginez. Gainera, gainontzeko eskoleei kopla bana eskaini die, ongi etorria eman eta goiza jai giro alaien pasatzeko dei eginez. Bertsoei trikitixa eta pandero hotsek lagundutako kalejirak eman dio jarraipena. Zikloka banatuta, eskoletako ikasle, irakasle eta ordezkariek dantza eta kanturako tartea hartu dute.
Jaialdiaren antolatzaileak bakarrik ez, bost eskoletako ikasleak ere gaurko festarako prestaketa lanetan aritu dira. Izan ere, zikloka banatuta koreografiak entseatu dituzte, Busturian gainontzeko eskoletako maila bereko ikasleekin dantzatzeko. Horregatik, emanaldi ofizialaren aurretik entsegu saioa egin dute. Orduan bai, indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa egin ostean, dantza emanaldiaren unea iritsi da. Zikloka antolatuta, gaurko eszenatoki inprobisatura atera dira ikasleak, aurretik aukeratuko abestiak laguntzeko parestatutako koreografiak erakustera.
Emanaldia bukatuta txikienak bazkaritara joan diren arren, gainontzekoek denetariko tailer eta jolasak izan dituzte aukeran: sokatira, marrazketa-tailerra, zapi-jokoa, txokor batzea, zaku-lasterketa…
15:00ak aldera esango diote agur aurtengo Busturialdeko Eskola Txikien Jaiari parte hartzaile guztiak bilduko dituen agurragaz, eta orduantxe, Monterre Eskolak jasoko du lekukoa, 2026. urtean jaia antolatu eta kudeatzeko ardura.


































































































































