Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak geldialdia egingo du Gernika-Lumon
Lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxista landuko dituen Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa zapatu arratsaldean [maiatzak 10] iritsiko da Gernika-Lumora.

Barden (Nafarroa) hasi eta Araba, Bizkaia eta Lapurdi zeharkatuko ditu etzi [maiatzak 10] Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak iluntzean Donostiara iritsi aurretik. Nazioateko VI. ekintzaren parte den ekimenak “zapalkuntzaren hiru ardatz” landuko ditu: lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxista. Ibilbidean zehar geldialdiak egin eta salaketak agertzeko ekitaldiak egingo dituzte, eta Bizkaiko geralekua Gernika-Lumon izango dute.
Ekhiñe Petriati Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kideak azaldu duenez, “indarkeriareik gabeko gorputz eta lurraldieen alde” antolatutako ekitaldi nazionalak “herrien burujabetza eta bizitza duina” jarriko ditu erdigunean. Martxa egungo testuinguruari “erantzun eta aurre egiteko” tresna legez planteatu dute aurten: “Testuinguruari buruzko gogoeta egin nahi dugu, eta ikertu horrek nola eragiten duen emakumeen gorputzetan eta gure lurraldeetan. Bestetik, Horri erantzuteko zer ardura eduki dezakegun ere aztertu nahi dugu eta zer interpretazio feminista egiten dugun”.
Ekintza nazionalaz gain, herrietan ekintza txikiagoak egiteko deia ere luzatu dute antolatzaileek, Euskal Herriko hainbat txokotako mugimendu femenistaren eta eragile sozio-sindikalean laguntza izan dutela nabarmentzeagaz batera. Bardenan gerra eta militarizazioa landuko dituzte, Aramaion (Araban), berriz, “landa eremuak duen garrantza” izango dute hizpide, lurragaz eta haziekin lotutako ekintza batean.

Argazkia: Euskal Herriko Emakumeen Martxa
Arratsaldeko lehen geldialdia izango da Gernika-Lumokoa, 16:ooetan. Bertan, ekologismoaren garrantzian jarriko dute fokua, “Urdaibain dagoen erreserba naturala oinarritzat hartuta”. Gernikako Sare Feministak Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxari ongi etorria emateko deia zabaldu du, eta 14:30ean jarri dute hitzordua, Errenteriako zubian. Giroa alaitzeko musika egongo da, eta martxa iristeagaz batera, koloretako zapiak eskuan, emakumeen saretzea islatuko duen emakumeen sinboloa irudikatuko dute. Ekitaldia bukatuta, Irun eta Hendarairantz abiatuko den martxa agurtuko dute.
Hiru zapalkuntza ardatz.
Petriatik ekintza nazionalak oinarrian dituen hiru ardatzak “Euskal Herrian ahalik eta lurreratuen” kokatu gura dituztela azaldu du, beti ere “testuinguru globala ulertuta”. Lurraren defentsari dagokionez, “mundu eta bizitza bizigarriak” aldarrikatuko dituzte, kapitalismoaren izenean makroproiektuak aurrera eramateko Euskal Herriko lurrak ustiatzen ari direla salatzeko. Horrez gain, Emakumee Mundu Martxak “sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialistari zuzenean begiratzeko beharra” azpimarratu gura du, egungo gizarte egitura “lur eta gorputz batzuen gaineko esplotazioan” oinarritzen baita, eta “bazterreko subjektuak” izaten direlako kolpetuenak.
Ekimen nazionala migrazio politiken “negozioa” salatzeko ere baliatuko dute: “Europako migrazio politikak gorroto arrazistan ardaztutako neurriak eta diskurtsoak bereganatzen ditu”. Horrez gain, “urgentziazko neurritzat” dute atzerritasun legea bezalako neurriak indargabetzea: “Indarkeria eta arrazismo instituzionala salatu nahi ditugu, baita egitura horiek guztiak sostengatzeko erabiltzen dituzten inbertsioak ere”.
Indarkeria matxistak “egiturazkoak” direla ere gogoratuko dute, gizonek, erakunde patriarkalek eta estatuek “emakume eta gorputz disidenteen bizitza, gorputza eta sexualitatea kontrolatzeko” erabiltzen dituztela salatuz.