Bermeo partzialki tentsio handiko eremu izatetik, osorik izatera pasako da
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako txostenaren arabera, Bermeok tentsio handiko eremu izateko irizpideak betetzen ditu. Bestalde, beste hamar udalerrigaz batera, Gernika-Lumo zerrendatik atera dute.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak atzo [maiatzak 5] argitaratu zuen 2022tik 2024ra bitarte egindako tentsio handiko eremuen azterketaren txostena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrien artetik zeintzuk izan daitezkeen tentsio handiko eremu jaso dute zerrendan, eta Bermeo partzialki tentsionatua izatetik, osorik tentsio handiko eremu izatera pasako da. Era berean, beste hamar udalerrigaz batera, Gernika-Lumo zerrendatik atera dute.
2023an argitaratutako txostenean Etxebizitzaren Euskal Behatokiak bi irizpide eduki zituen kontuan: familia errentaren %30 baino gehiago etxebizitza gastuetara bideratuta egotea eta azterketa egin den bost urteetan etxebizitza alokairuaren prezioaren hazkundea gutxienez ehuneko hiru puntu handiagoa izatea dagokion KPIaren hazkunde metatua baino. Aurtengo azterketa egiteko, ostera, hirugarren irizpide bat gehitu dute: azterketa egin den bost urteetan etxebizitzen salerosketa prezioaren gorakada ehuneko hiru puntu handiagoa izatea KPIaren hazkunde metatua baino.
Gutxienez hiru irizpideetako bat bete behar da tentsio handiko eremu izendatzeko. Bermeok bi irizpide betetzen ez dituen arren, etxebizitzen alokairuaren prezioa %20,2 hazi da, eta tentsio handiko eremu izendatzeko gutxienez %19,6ko hazkundea egon behar da. 2023ko txostenaren arabera herriko hainbat barruti soilik ziren tentsio handiko eremuak; azken txostenaren arabera, aldiz, herri guztia izendatu dute tentsio handiko eremu.
14 udalerri gehiago. Hamalau udalerri sartu dituzte zerrendan: Derio, Gorliz, Elorrio, Ermua, Lekeitio, Sopela, Bergara, Legazpi, Deba, Oiartzun, Getaria, Oñati, Hondarribia eta Orio. Ildo beretik, Gipuzkoan Zarautz izango da osorik tentsionatua izatera pasako dena. Era berean, 11 udalerri zerrendatik atera dira, besteak beste, Etxebarria eta Gernika-Lumo.