Basoen kudeaketa-egoera simulatzeko baso-gela sortu du Neikerrek
LIFE Urbaso proiektuko Arronategiko Marteloskopioa baso-gelak kontrolatutako ingurunean baso kudeaketa simulatu eta natura-ingurunera eraman aurretik eragina aztertzeko aukera emango du.

Baso kudeaketa jasangarria «erronka iraunkorra» da, oreka ekologikoa eta biodibertsitatearen kontserbazioa bermatu behar dituelako, baliabide naturalak arriskuan jarri gabe. Horrez gain, ekosistemen konplexutasunak jarduera-ondorioak aurreikustea zailagotzen du. Egoera horren aurrean, sektorea ezagutzan oinarritutako tresnekin hornitzeko helburuagaz, Neiker teknologia zentroak Arronategiko Marteloskopioa jarri du martxan.
Espazioa baso-gela bezala sortu dute, Bermeoko Udalak utzitako 47. onura publikoko mendian, eta zentrotik jakinarazi dutenez, «kontrolatutako ingurune batean hainbat kudeaketa-egoera simulatzeko eta haien eragina aztertzeko aukera ematen du, natura-ingurunera eraman aurretik».
Lursail horretan «lan oso zehatz bat» egin dute: zuhaitz bakoitza zenbakitu, geoerreferentziatu eta neurtu da, diametroa, garaiera, hartzen dituen mikrohabitatak eta egurraren kalitatea ezagutzeko. «Simulazio-software baten bidez, erabiltzaileek hainbat erabilera-estrategiaren eragin ekologikoa eta errentagarritasun ekonomikoa ebalua dezakete, zuzeneko esperimentazioan oinarritutako ikaskuntza praktikoa ahalbidetuz», nabarmendu dute zentrotik.
Arronategiko Marteloskopioa LIFE Urbaso proiektuaren barruan jarri dute martxan, naturan oinarritutako soluzioak, giza kontsumorako ur kantitatea eta uraren kalitatea bermatzeko helburuagaz. Nahia Gartzia-Bengoetxea Neikerreko ikerlariak esan bezala, proiektuaren eskutik, gertuko baso-kudeaketarako «gidaliburu garrantzitsuenetakoa» den Silvicultura pro silva-ren euskarazko bertsioa kaleratu dute. Izen bereko erakundearen gomendioetan oinarritutako basogintza eredua praktikan nola jarri azaltzen du gidak: «Gure kasuan, Arronategiko Marteloskopioak mota horretako basogintza ingurune kontrolatu batean martxan jarri eta saioak egiteko aukera ematen digu».
Integrate+ Sarea.
Baso-gela «bereziki garrantzitsua» dela azpimarratu dute, Integrate+ Sarearen parte den Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako «lehen baso-espazioa» delako. Sarea Europako Basogintza Institutuaren ekimena da, eta basoetan zur-ekoizpenaren eta biodibertsitatearen kontserbazioaren arteko konbinazioa sustatzen du. Sarean sartzeari esker, baso-gela ezagutzak eta metodologiak trukatzeko «erreferentzia-puntua» izango dela zehaztu du ikerlariak: «Aukera ematen digu baso-ekosistemak kudeatzen dituztenen gaikuntza hobetzeko, espazio bat ematen dielako estrategia desberdinak probatu ahal izateko, ingurune errealean aplikatu aurretik, eta horrela, arriskuak murriztea eta kudeaketa informatuagoa eta jasangarriagoa izatea lortzen delako».
Ikerketarako izan dezakeen balioaz gain, baso-gela baso kudeatzaileen belaunaldi berriak prestatzeko «funtsezkoa» izango dela nabarmendu dute, erabakiak hartzeko prozesua modu praktikoan ezagutzeko espazioa ematen duelako.
Horrez gain, Arronategiko Marteloskopioak Euskobasoa 2050 planeko helburuarekin, hau da, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako basogintzako hobekuntzarako I+G+B+ planagaz bat egiten du.