Materia organikoaren bilketari buruzko ingurumen-kanpaina abiarazi du udalak
Azken urteetan hondakin organikoen bereizketa indizeak jaitsi direla ikusita, herritarrak sentsibilizatzea helburu duen kontzientziazio-kanpaina jarri du martxan Bermeoko Udalak. Lau informazio saio eskainiko dituzte maiatzaren 7 eta 8an.
Azken urteetako datuen joera “kezkagarria” ikusita, Bermeoko Udalak materia organikoaren bilketari buruzko kontzientziazioan eta sentsibilizazioan oinarritutako ingurumen-kanpaina berri bat jarri du martxan, “ingurune garbiagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko”. Zehaztu dutenez, gaur [maiatzak 5] hasitako kanpainak hondakinen kudeaketari “norabide arduratsuagoa” emateko eta “lurraldearekiko errespetuzkoagoa” den eredu bateratz aurrerapausoak emateko konpromisoa du.
Hondakin organikoen bereizketa indizeak “nabarmen” jaitsi dira azken urteetan. 2024an, esaterako, hondakin organikoen bilketa 2023an baino %16 txikiagoa izan zen: 118 tona batu ziren, biztanleko 7 tona inguru. Udaletik azpimarratu dutenez, horrek hondakinak behar bezala tratatzea zailagotzen du, udalerriko birziklatze-tasa murriztu eta tratamenduaren kostua handitzeaz gain. Horregatik, udaletik arlo horretan “ahaleginak areagotu” behar direla uste dute.
Bermeon 2019an hasi ziren hondakin organikoak biltzen, eta gaur egun 50 edukiontzi marroi daude herrigunean. Horrez gain, ekoizle handiek sortutako organikoa ere biltzen dute, besteak beste ostalaritzak, ikastetxeek edota udal-merkatuak sortutakoa. Horregatik, abian dagoen kanpainaren helburua herritar, denda eta ikastetxe guztiak “berriro sentsibilizatzea” da, materia organikoa behar bezala bereizi eta eguneroko bizitzan integratzeak duen garrantzia barneratu dezaten.
Hitzaldi informatiboak.
Mezua ahalik eta gehien hedatzeko helburuagaz, udalak herritarrei zuzendutako hitzaldi informatiboak antolatu ditu maiatzaren 7 [eguaztena] eta 8an [eguena], Nestor Basterretxea aretoan. Egun bakoitzean bi saio egongo dira, 10:00etan eta 18:00etan. Ekoizle handientzako “saio berezi bat” ere prestatu dute biharko [maiatzak 6], 18:00etan, Nestor Basterretxean bertan. Horrez gain, ostalaritzako eta ekoizle handien establezimenduetara bisitak ere egingo dituztela iragarri dute, “mezua indartzeko eta inplikazioa sustatzeko”.
Ikastetxeetan berriz, kanpaina kontzientziazio programen bitartez zabalduko dute, “haurtzarotik iraunkortasun balioak ereitearen alde eginez”. Etxeetara informazio triptikoak bidaliko dituzte, eta gainera, ikusgarritasuna handitzeko, herritarrak etxean hondakin organikoak bereiztera animatzeko, zelan egin behar den jakinarazteko eta beharrezko materiala (kuboa, poltsak eta txartela) jasotzea errazteko helburuagaz kartelak kokatuko dituzte udalerriko hainbat tokitan.
Erantzukizun kolektiborako deia.
Zigor Uriondo Arrue Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, gaizki bereizitako poltsa bakoitza hondakinak baliabide bihurtzeko “aukera galdua” da: “Ezin dugu lekua galtzen jarraitu gaikako bilketan”. Horregatik, kanpainagaz bat egiteko deia egin die herritarrei: “Ez da ekintza instituzional bat bakarrik, erantzukizun kolektiborako deia da. Bermeok bat egiten duenean, Bermeok aurrera egiten du”.
Bermeon 2.300 familia baino gehiago daude edukontzi marroiak erabiltzeko izena emanda, eta Uriondok herritar bakoitzaren keinua “garrantzitsua” dela nabarmendu gura izan du: “Askoz gehiagorengaa iritsi gura dugu”. Horregatik, “etorkizun hobe baten alde egiteko”, kanpaina herritar guztiengana iristea da udalaren helburua.