Kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko proba egitera animatu dituzte herritarrak
Bermeoko Udalak, Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta Osakidetzak kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko proba egitera animatu dituzte bermeotarrak, "parte hartzea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta babestuago egongo delako komunitatea".
Bermeoko Udalak, Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta Osakidetzak kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko proba egitera animatu dituzte 50 eta 74 urte bitarteko herritarrak, Egin ezazu testa, kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko lelopean. Minbiziaren Aurkako Elkartea udalerriko farmazia, denda, elkarte eta bestelako eragileekin harremanetan jarri da, kanpaina zabaltzen lagundu eta parte-hartze handiagoa lortzeko helburuagaz.
Oihana Urraza Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko lurralde-garapenerako arduradunak jakinarazi duenez, Osakidetzak bildutako datuen arabera, 2023. urtean 50 eta 69 urte bitarteko bermeotarren %69,29k egin zuen proba: “Kasuen %4,66 positiboak izan ziren”. Nadia Nemeh Bermeoko alkateak prebentzioaren garrantzia nabarmendu du, bizitzak salbatzeko “ezinbesteko tresna” dela zehaztuta: “Diagnostiko goiztiar batekin tratamendua arrakastatsua izateko askoz aukera gehiago daude”.
Minbizia goiz detektatzeko proba —gorozkietan ezkutatutako odolaren testa— egiteko pausoa ematea batzuetan “zaila” dela aitortu du Nehemk, zalantzak edo beldurra izan daitezkeelako; horregatik, proba hau “erraza eta irisgarria dela eta bizitzak salba ditzakela” gogoratu du: “50 eta 74 urte bitarteko herritar guztiak animatzen ditugu parte hartzera eta ingurukoekin horri buruz hitz egitera”.
Osasuna “konpromiso kolektiboa” dela aldarrikatu du alkateak: “Parte hartzea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta babestuago egongo da gure komunitatea. Elkarrekin prebentzioa funtsezko zutabe bihur dezakegu bermeotarren ongizaterako”. Bermeoko osasun zentrotik, Familia eta Komunitateko erizaina den Marina Cifuentesek ere herritarrak gonbidatu ditu behaketan parte hartzera, patologia horren lesioak goiz identifikatzeko “funtsezkoa” delako: “Osasun hezkuntzaren eta prebentzio goiztiarreko programa honen bidez, pazienteen bizi kalitatea hobetzea lortzen dugu, inbaditzaileak izango diren tratamenduak eta gaixotasunaren fase aurreratuei lotutako konplikazioak saihestuz”. Era berean, edozein zalatza duten herritarrek informazioa osasun zentroan eskatu dezaketela gogoratu du.
2.000 kasu baino gehiago.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan kolon eta ondesteko minbizia da intzidentzia handieneko tumorea: “Urtean 2.000 kasu baino gehiago daude, eta ohikoagoa da gizonen artean”, azaldu dute elkartetik. Era berean, minbizia goiz detektatzeko Osakidetzaren programak indarrean daramatzan 14 urteetan “36.000 lesio aurre-gaizto eta 4.200 tumore inbaditzaile baino gehiago” detektatu eta tratatu direla zehaztu dute, horietatik %70,64 gaixotasunaren hasierako faseetan. “Test honek bizitza salba diezazuke, garaiz detektatutako kolon eta ondesteko minbizi batek sendatzeko %90eko aukera duelako”, azpimarratu du Urrazak.
Herritarrak testa egitera animatu dituzte, “batez ere zenbait arrazoirengatik partu hartu ohi ez duten kolektiboak”, eta erakundeak “edonork” parte hartu dezakela argitu du, osasun txartel indibiduala izan, edo ez. Txartelik ez dutenek doako 90-084 00 70 telefono zenbakira deituta erregistratu beharko dira probara.