Lan-arriskuen prebentzioa «ikusezina» dela salatu du LABek
Gernika-Lumoko Udaleko langileek «ia urtebete» daramatela segurtasun eta osasun batzordetik gabe salatu du LABek Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean [apirilak 28].

Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna baliatuta, LAB sindikatuak Gernika-Lumoko udalean laneko arriskuen prebentzioa “ikusezina” dela salatu du. Udal gobernu taldearen “jardun ezak” udal langileen lan-osasuna eta segurtasuna “kolokan” jartzen dituela azaldu dute gaur eguerdian [apirilak 28] udalaren aurrean egindako agerraldian.
“Gobernu taldeak ez dio inolako garrantziarik ematen laneko arriskuen prebentzioari eta muzin egiten dio legediak ezarritako minimoak betetzeari”, salatu dute. Horren adibide dira udalean ez dagoela lan osasun eta segurtasun arduradunik, kanpo prebentzio zerbitzua kontraturik gabe dagoela, ez dutela gatazken konponketarako eta erasoen aurkako protokolorik edota “ia urtebete” daramatela segurtasun eta osasun batzordetik gabe. Legearen arabera, urtean lau batzorde egin beharko lituzkete.
Horrez gain, lan ikuskaritzarik egindako “eskari askori” erantzunik eman ez zaiela gehitu dute sindikatutik: “Langileak segurtasun bermerik ez duten leku eta baldintzetan lan egitera”. Horregatik, duela astebete “salaketa berri bat” aurkeztu zuten lan ikuskaritzan. Horretan, batzordeen deialdirik eza eta “legez ezarritako deialdien hiru hilean behingo maiztasuna ez errespetatzea —Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko legearen 38. artikulua— salatu dute: “Azken 9 urteetan, behin bakarrik (2026) errespetatu zen aldizkotasun hori.
Batzordea 2024ko maiatzaren 20an bildu zen azkenekoz, eta bertan adostutako konpromisoak “gaur egun oraindik ez dira bete”. Konpromisoen artean daude, besteak beste, udaltzaingoaren egoitzako berriztapen lanak, Larrialdi planerako jarduerak, desfribiladoreak eremu ezberdinetan jartzea, lan gatazkei buruzko mahaia sortzeko proposamena.
Horrez gain, udalak lan ikuskaritzak azken urteetan egin diren eskaera ezberdinei “muzin egitea” salatu dute, hala nola, Brigadako biltegian ikuskaritzak proposatu zituen hobekuntzetan “inolako aurrerapausorik ez egitea”: “Udaleko eta Udaltzaingoko eraikinetan era partzial batean soilik bete izan dira errekerimenduak”. Gainera, prebentzio eremua aurrera eraman duen teknikari lanpostua ez ordezkatzea salatu dute, Esleitutako Prebentzio Zerbitzuaren kontratua “aspaldi” bukatuta dagoela eta hilabetero “prorroga bidez luzatuz” funtzionatzen duela gehituta.
Batzordearen garrantzia.
“Honek dakarrena da praktikan ez dagoela legeak behartzen duena, hau da, benetako prebentzioa: arrisku ebaluazioak, osasun zaintza, bitarteko prebentiborik, jardueraren planifikazioa, langileberriak ez dute jasotzen derrigorrezko formakuntza, esaterako, altuerako lanaren formakuntza…”, zehaztu dute LABetik sartutako salaketan. Hala, sindikatutik laneko segurtasun eta osasun batzordearen garrantzia azpimarratu dute, bertan eztabaidatu eta finkatzen direlako langileen lan osasunaren nondik norakoak eta langileen arriskuen prebentzioaren arloko kontuak. “Batzorderik gabe udalak langileek laneko arriskuak identifikatzen eta konpontzen aktiboki parte hartzea eragozten du”.
Zehaztu dutenez, azken urteetan pilatu egin dira laneko egoerek sortarazitako bajak eta “bat baino gehiago” izan dira egondako lan istripuak: “Langileen aurkako erasoren bat ere izan dugu. Noiz arte jaraituko dugu horrela? Noiz arte jarrai dezakegu horrela?”.
Hala, “lantoki seguruak” behar dituztela aldarrikatu dute goizeko agerraldian, udalari eskariak agertzeagaz batera. Segurtasun eta Osasun batzordea martxan jarri eta hiru hilabetean behin elkartzea, arrisku psikosozialen azterketa egitea eta prebentzio zerbitzua sortu edo kontratatzea dira eskaeretako batzuk, beti ere “baldintza eta irizpideak prebentzioko ordezkariekin adostuta”. Horrez gain, “kanpoko zerbitzuaren lanen jarraipenaz eta koordinazioaz arduratuko den udal langilea izendatzea eta gatazken kudeaketarako eta erasoen aurkako protokolo propioak lantzea” eskatu diote udalari.