Argindarra itzultzen ari da pixkanaka Busturialdean
Euskal Herrian, Espainian, Frantzian eta Portugalen ez da argindarrik egon gaur [apirilak 28] 12:30etik aurrera. Pixkanaka herri batzuetan itzultzen ari da.

Busturialdean pixkanaka argindarra itzultzen ari da, tokian tokiko arazoak badaude ere. Ez dago argindarrik Euskal Herriko herri batzuetan, ezta Espainiko (Balear eta Kanariar Uharteetan izan ezik), Frantziako eta Portugaleko zonalde batzuetan ere. Gaur [apirilak 28] 12:30ean joan da argindarra. Hainbat zerbitzu bertan behera geratu dira eta komunikazio sareak ere eten dira.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du, eta adierazi lanean ari direla argindar etenaldiaren jatorria zein den argitzeko: “Oraindik ez dugu informazio guztiz argigarririk, hobe da espekulaziorik ez egitea, baina guk ez dugu hipotesi bakar bat ere baztertzen”. Nabarmendu du ez dagoela segurtasun arazorik, eta osasun sistemak “ongi” funtzionatzen duela.
Herritarrei hiru gomendio egin dizkie: ahalik eta gutxien mugitzea autoz, informazio iturri ofizialak erabiltzea eta “modu arduratsuan” erabiltzea sakelako telefonoa —112 zenbakira behar denean soilik deituz, eta deiak ahal bezain laburrak eginez—. Espainiako Nazioaren Segurtasunerako Kontseiluak bigarren bilera eginen du 19:00etatik aurrera.