Herritarrentzako "benetako hobekuntzak" biltzen dituen aurrekontua onartu dute
Muruetako Udalak 811.047,52 euroko aurrentua onartu du 2025. urterako, EAJren aldeko botoekin. Aurrekontua "udalaren funtzionamendu eraginkorrera bideratuta" dagoela zehaztu du Julen Karrion Muruetako alkateak.
Muruetaren apustua “etorkizunari begiratzea eta oraina hobetzea” da. Horrela zehaztu du Julen Karrion Muruetako alkateak 2025. urterako onartu duten aurrekontuare berri ematean. 811.047,52 euroko aurrekontua onartu dute, EAJren aldeko eta Murueta Independiente Taldearen (MIT) kontrako bozkekin. Karrionek azaldu duenez, udalak agintaldi honetan martxan jarritako proposamenak betetzeko “pausoak ematen” jarraitzen du, aukera berriak sortuz: “Aukera berriak sortzen ari dira, herriarentzat positiboak diren heinean, gure kudeaketan txertatzen ditugunak”. Hala, aurrekontuan muruetarrek helarazi dizkieten “beharrizan eta asmoekin” bat datorren “kudeaketa eraginkorra garatzeko baliabideak” aurreikusi dituztela nabarmendu du.
Udaletik zehaztu dutenez, 811.047,52 euroko aurrekontua iaz Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz egindako erakundeen arteko lanari esker lortu dituzten diru-laguntzetatik dator, “neurri handi batean”. 213.982,85 euro inbertsio errealetara bideratuko dituzte, hau da, “bizilagunen egunerokotasuna hobetzeko jardueretara”. Gehien behar dutenak zaintzea “lehentasuna” dela eta, 13.5oo euroko diru-saila Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera bideratuko dute; 5.400 euro, berriz, Urremendi Landa Garapen elkartera, “landa garapenari, turismo jasangarriari, gazteriari eta gure udalerrian eta eskualde osoa sortzen diren proiektuei laguntzeko”. Lanbide Ekimena erakundearentzat 1.200 euroko diru-saila aurreikusi dute, “eskualdean enplegugarritasuna hobetzeko“.
Udal gobernu taldearentzat jasangarritasuna eta klima aldaketaren aurkako borroka “funtsezko premisa” direla eta, Tokiko Energia Plana onartu eta garatzera 80.000 euro bideratuko dituzte. Berdintasun Plana garatzeko aurreikusitako zenbatekoa 3.000 eurokoa da, eta Muruetako HAPOren hasierako onespenagaz jarraitzeko aurrekontua, bestalde, 16.000 eurokoa.
Proiektu estrategikoak.
Aurrekontuak proiektu estrategikoetako inbertsioak ere barne biltzen ditu, esaterako, hilerriko lanen “azken errematera” bideratuko diren 13.000 euroak. Udalak otsailean erosi zituen Torregana Dorretxearen Gane Palazioko upategiaren eraikina eta lurrak “sendotzeko” berriz, 45.000 euroko diru-saila aurreikusi da. Proiektu estrategikoetako inbertsio handiena baina, “egoera txarrenean” dauden farolak LED teknologiadun beste farola batzuengatik ordezkatzera bideratuko da: 80.000 euro.
Muruetako gizartea, kultura eta kirola dinamitzeko ekarpenak ere azpimarratu dituzte udaletik, tartean, Gazteria Zerbitzuetara bideratuko den 9.000 euroko diru-saila, edota jai eta azoketarako aurreikusi diren 19.000 euroak. Kirol jarduetetara 10.000 euro bideratuko dituzte, eta 4.5oo euro, berriz, “kultura sustapenerako”. Murueta herri gisa hazteko “funtsezko faktorea” direla nabarmenduta, kultura eta kirol elkarte eta klubak laguntzeko 10.000 euroko diru-saila gorde dute.
Udalak, gainera, 600 eurogaz lagunduko du udalerriko “jaiotza bakoitza”. Horrez gain, 1.000 euro bideratuko dituzte bizilagunei musika ikasteko diru-laguntza emateko, eta beste horrenbeste, euskara ikasteko.
Aurrekontua “arduraz” diseinatu dutela azpimarratu du Karrionek, “udalaren funtzionamendu eraginkorrera bideratuta eta gure bizilagunentzako benetako hobekuntzekin”: “2025ean, gure herria hobetzen jarraitzeko konpromisoa berretsi gura dogu, herritarrak kontuan hartuta, inor atzean utzi barik”. Alde horretatik, “elkarrekin berba egiteko, entzute aktiborako eta proposamen berriak baloratzeko eta aintzat hartzeko prest dagoen udal gobernu taldea” direla zehaztu du Karrionek.