88. urteurrena, bake iraunkorrerantz ahaleginak areagotzeko dei eginez
Gernikako bonbardaketa gogoratzeko egitaraua antolatu du Gernika-Lumoko Udalak herriko hainbat eragilegaz batera. 88. urteurrenak Nazio Batuen Erakundeetako asanblada orokorrak izendatutako Konfiantzaren eta Bakearen Nazioarteko Urteagaz bat egingo du.

88 urte beteko dira aurten Kondor Legioko eta Italiako Aviacion Legionariako hegazkinek Gernika-Lumora 5.771 bonba jaurti eta ehunka herritar erail zituztenetik. 88 urte geroago, udalerritik zabaldu nahi den mezua “bakarra” dela esan du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak: “Bakea. Gerrarik ez; giza eskubideak errespetatu”.
Urtemuga hori gogoratzeko egitarau zabala prestatu du Gernika-Lumoko Udalak, Gernika Gogoratuzegaz, Gernika-Lumoko Kultur Etxeagaz eta beste zenbat eragilegaz elkarlanean. Aurtengoa berezia izango da, bonbardaketaren 88. urteurrenak bat egingo duelako Nazio Batuen Erakundeetako asanblada orokorrak izendatutako Konfiantzaren eta Bakearen Nazioarteko urteagaz. Gorroñok zehaztu duenez, bonbardaketaren urteurrenean hasita, urte guztian zehar ekintza ezberdinak egitea da asmoa, “kontzientzia globala sortu eta bake iraunkorrerantz ahaleginak areagotzeko deia egiteko bake ekitaldi global batzuen bidez”.
Nazio Batuen Zibilizazioaren Aliantza (UNAOC) erakundeko ordezkari nagusia den Miguel Angel Moratinosek eman zion Gorroñori albiste hori, eta hark azaldu zion “mundu mailako ekintza” antolatzea zela horien asmoa, ekimenari hasiera Gernika-Lumon eman nahi ziotela gehitzeagaz batera. Bakearen, gerren amaieraren eta nazioarteko legezkotasunaren errespetuaren aldeko oihua izenpean garatuko duten ekimenak, beraz, Gernika-Lumo izango du lehen geltokia, gero beste hiri batzuetatik igaro —tartean, Sarajevo— eta Nagasakin (Japonia) bukatu aurretik. Gorroñok nabarmendu duenez, Moratinosek bere iritzia ezagutu gura izan zuen, eta honek erantzun argia eman zion: “Gerraren kontra eta bakearen alde bada, gu beti gaudela prest”.
Nazio Batuen Erakundeak Religions For Peace elkarteagaz antolatutako ekimena apirilaren 26an [zapatua] egingo da, XX. Bakearen eta berradiskidetzearen aldeko Gernika Sariak 2025 ekitaldiaren markoan. Hain zuzen ere, aurten Jai Alai frontoian jarri dute hitzordua, 10:30ean. Bertan, Antonio Manuel de Oliveira Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak eta Argentinako Auzitegiko Antropologia Taldeak (EAAF) jasoko dute Gernika Saria. Jone Martinez sopranoaren emanaldia izango duen interludio musikalaren ostean ekingo diote bakearen, gerren amaieraren eta nazioarteko legezkotasunaren errespetuaren aldeko oihua ekimenari. Horretan parte hartuko dute, besteak beste, Moratinosek berak, Amos Gitau Why war pelikularen zuzendariak eta Francis Kuria Religions For Peaceko idazkari nagusiak. Horrez gain, akademiko, kirol ordezkariak eta politikariak ere izango dira bertan, tartean Espainiako Gobernuko presidente izandako Jose Luis Rodriguez Zapatero.
Cristina Arana kultur etxeko zuzendariak azaldu duenez, nazioarteko ekitaldia ez da bakarrik 26an egingo: “Apirilaren 25ean hasiko gara, eta ekitaldi horiek Lizeo Antzokian izango dira. Hainbat mahai inguru izango ditugu, 09:30etan hasi eta 21:00ak arte, gutxi gorabehera”. Zehaztu duenez, horietan, munduko hainbat erlijio ordezkarik, gizarte eragilek, munduko bakearen aldeko emakumeak… parte hartuko dute.
Paraleloki, ohikoak eta “oso inportanteak” diren omenaldiak ere egingo dituzte; hala nola, Jose Labauria 1937ko alkateari, gudariei edota George L. Steer kazetari britainiarrari. Gainera, ohi legez, apirilaren 26an bertan, 15:45ean sirena hotsak entzungo dira herrian zehar. Jakinarazi dutenez, betiko lekuez gain (Pasealekua, Astra, San Fidel Ikastola, Errenteriako zubia eta Santa Luzia), aurten institutu parean, Gernikako gerra presoen ospitale militar izandakoaren aurrean ere entzun ahal izango dira sirenak.
Kultura egitaraua.
Gernika-Lumoko kultur eragileekin batera elkarlanean aritu da kultur etxea 88. urteurreneko egitaraua lantzeko, eta besteren artean, Gernikako Bakearen Museoa eta Gernika Gogoratuz elkartearen lana eskertu du Aranak: “Ez bakarrik egitarau hau egiten lagundu digutelako, baizik eta antolakuntzan ere euren laguntza izan dugulako eta daukagulako”.
Aranak hurrengo egunetan ikusgai egongo diren hiru erakusketa nabarmendu gura izan ditu: apirilaren 4an inauguratu zen Ricardo Abaunza erakusketa gelan ikusi daitekeen Triskantzatik esperantzara: guztion ondarea II erakusketa; Iñaki Berazategiren Emakumeak 1931-1939 argazki erakusketa eta Fernando Sanchez Castilloren Bandera zuria. Futuro Damnatio aldi baterako erakusketa. Horrez gain, Anael Bazterrica uruguaitarrak Lizeo Antzokian aurkeztuko duen Ainara de Gernika antzerkia ikustera bertaratzeko gonbitea ere luzatu die herritarrei: “Bonbardaketan dagoen 12 urteko neskato baten bizipenak kontatzen ditu antzerkiak. Fikzioa da, baina benetako gertakarietan oinarrituta eta inspiratuta dago. Gernikar guztiak animatzen ditut bertaratzera, uste dut oso hunkigarria izango dela”.
Bide beretik, Photoka Gernikak lehenengo aldiz antolatu duen I. Rally fotografikoa azpimarratu du. “Egunean zehar egingo da eta hainbat lekutako argazkilariak etorriko dira Gernikara, eta egunean zehar gertatzen den horrekin lehiaketa bat egingo da”, zehaztu du Aranak.
EGITARAUA
- Apirilak 22, martitzena.
- 19:00. Gernika Memoriaren Lekukok antolatuta, Iñaki Berazategiren Emakumeak 1931-1939 argazki erakusketaren inaugurazioa, Elai Alai Txikin.
- 20:00. El Puente pelikularen proiezioa, Zine Klubak eta Gernika Memoriaren Lekukok antolatuta Lizeo Antzokian.
- Apirilak 23, eguaztena.
- 09:30/14:00 eta 16:00/18:00. Gernika Gogoratuzek antolatutako Gernikako Kultura eta Bakearen XXXV. Nazioarteko Jardunaldiak, goizez Elai Alai aretoan eta arratsaldez Lumo gelan.
- 18:00. Gernikako Bakearen Museoaren eskutik, Fernando Sanchez Castilloren Bandera zuria. Futuro Damnatio aldi baterako erakusketaren inaugurazioa.
- 20:00. Masacre, ven y mira filmaren proiekzioa, Zine Klubak eta Gernika Memoriaren Lekukok antolatuta Lizeo Antzokian.
- Apirilak 24, eguena.
- 09:00/14:00 eta 16:00/18:00. Gernika Gogoratuzek antolatutako Gernikako Kultura eta Bakearen XXXV. Nazioarteko Jardunaldiak, goizez Elai Alai aretoan eta arratsaldez Lumo gelan.
- 18:15/19:45. Auzitegi-antropologiaren ekarpena bakeari eta demokraziari mahai-ingurua, Ricardo Abaunza erakusketa gelan.
- 20:00. Anael Bazterricaren Ainara de Gernika antzezlana, Lizeo Antzokian.
- Apirilak 25, barikua.
- 09:30/10:30. Zibilizazioen Aliantzak eta Gernika-Lumoko Udalak antolatuta, mahai-ingurua hainbat erlijiotako ordezkariekin, Lizeo Antzokian.
- 10:30/12:30. Mahai-ingurua gizarte eragileetako ordezkariekin, Lizeo Antzokian.
- 10:30/11:00. Jose Labauriari omenaldia. Jose Labauria plazan.
- 11:15/11:45. Gudariei omenaldia, Pasealekuan.
- 12:00/12:45. Adiskidetasun hitzarmena Auschwitzekin, udaletxeko batzar aretoan.
- 13:00/13:45. George L. Steer-i omenaldia, Barrenkalebarrena kalean.
- 18:00. Sabin Ibazetaren Gernika laborategi esperimentala unitate didaktikoaren aurkezpena, Markina-Xemeingo udaletxeko bilkura aretoan, Gernika Memoriaren Lekukoren eskutik.
- 18:30/20:30. Mahai-ingurua eta Why war pelikularen emanaldia, Lizeo Antzokian.
- 20:00. Sare Gernika-Lumok deituta, azken ostiraleko Etxera elkarretaratzea, Pasealekuko eskaileretan.
- Apirilak 26, zapatua.
- 10:30/13:30. XX. Bakearen eta berradiskidetzearen aldeko Gernika Sariak 2025 eta Bakearen, gerren amaieraren eta nazioarteko legezkotasunaren errespetuaren aldeo oihua ekimenaren auzkezpen ekitaldia, Jai Alai Frontoian.
- 14:00. Bonbardaketatik bizirik atera zirenen omenezko bazkaria, Jai Alai frontoian.
- 15:45. 4 minutu. Sirena hotsak, herrian zehar.
- 16:30/17:30. Lora eskaintza bonbardaketan hildakoen omenez, Zalloko hilerrian.
- 16:30. I. Rally fotografikoa, Maria Agirre aretoan.
- 21:00. Gernika garretan kale-antzerkia, Pasealekuan.
- 21:30. Gernika Batzordeak antolatuta, ibilbidea kandelekin, Pasealekutik.
- Apirilak 28, astelehena.
- 12:00. Gernikazarra Historia Taldearen eskutik, omanaldia Gernikako Hiri Gutunari, bere 659. urteurrenean, Foru Plazan.
- Apirilak 29, martitzena.
- 16:00/20:00. Ondare artistikoa gerra garaian nazioarteko mintegia, Elai Alai Aretoan.
- 18:00. Ross Dantza Eskolaren eskutik, Dantza izan dadila gure gerra arma dantza ikuskizuna., Jai Alai frontoian.
- Apirilak 30, eguaztena.
- 10:30/13:30.Ondare artistikoa gerra garaian nazioarteko mintegia, Elai Alai Aretoan.
- Maiatzak 3, zapatua.
- 13:00. Prentsa Askatasunaren Mundu Egunez, Lauaxetaren jaiotzaren 120. urteurren ekitaldia, Merkurion.