Kamerak eta artea, gizarteak ikusten ez duen hori islatzeko
Amamagaz leihotik begiratzean otu zitzaion Ane Gangoiti diseinatzaileari Itsasbegi proiektua Open House lehiaketara aurkeztea. Europa mailan saritu dute, eta bermeotarrak Atenasera bidaiatuko du.

Isilik, bere pentsamenduetan galduta eta beti esku artean kamera digital konpaktua, koaderno eta arkatza hartuta. Hala deskribatuko luke bere burua Ane Gangoiti 25 urteko diseinatzaile bermeotarrak. Txikitan oparitu zioten lehen kamera, bere begirada beti egunerokotasuneko detaile txikiei begira zegoelako, eta horiek islatuta uzteko aukeran bere zaletasuna aurkitu zuen. Denborapasa beste maila batera eramatea lortu du Gangoitik, Europako Open House lehiaketan saritua izan baita: «Oso pozik nago, ezer espero barik parte hartu nuen, eta ilusio handia egin zidan; sinistu ezinik nago».
Arkitekturari buruzko «begirada zabalagoa eta irekiagoa» eskaintzea da Open House programaren helburua, «gorabidean dauden estudioetatik eraikuntzarik gabeko arkitekturetara begiratuz», arkitekturari buruzko «eztabaida inklusiboagoa» sustatu gura duena. Lehiaketara begira, programak urtero gai bat ezartzen du, eta parte hartu gura dutenek argazki bat edo argazki sorta bat aurkeztu behar dute. Aurten, Gangoitik ondorengo gaia jorratu behar izan du: irisgarritasuna eta inklusioa arkitekturan.
Unibertsitatean izan zuen bermeotarrak Open Housen berri, eta ikaskideekin batera izena ematea aukeratu zuen: «Ikaskide gehienak, 21 pertsona inguru, aurkeztu ginen, eta kasualitatez nire gelakide bat eta biok sarituak izan ginen Bilbon». Bertan saritu zituzten biak, baina lehiaketa hamaika herrialde eta hiritan egiten da: Lisboan, Atenasen, Stockholmen, Vilnan, Esloveniako hiri ezberdinetan, Tallinen, Brnon, Tesalonikan, Essenen eta Bilbon. Egoitza bakoitzak hiru lan onenak aukeratzen ditu, eta horiek hiriz hiri lekualdatuz doan erakusketa batean biltzen dira: «Lehenengo pausoa herrialde bakoitzean hiru lan onenak izendatzea da. Gero, 36 lanak herrialde guztietan ikusten dituzte, eta, azkenik, urtekoan (aurten Dublinen egin da) Europako hiru lan onenak aukeratzen dituzte».
Bai Bilbon, bai Europa mailan hiru onenen artean geratu da Gangoiti. Sari ekonomikorik jasoko ez badu ere, Europan zehar egoitza bat aukeratu, eta erakusketa bertatik bertara ikusteko aukera izango du diseinatzaileak: «Atenas aukeratu dut, batetik, ez naizelako inoiz Grezian egon, eta, bestetik, datorren urtekoa bertan izango delako».
Itsasbegi, gertutik
Behin gaia ezagututa, zein argazki aurkeztu aukeratu behar izan zuen Gangoitik eta, buelta asko eman zizkion arren, egunerokotasuneko momentu txiki batean aurkitu zuen erantzuna: «Amamagaz egon nintzenean otu zitzaidan. Txibitxan bizi da, eta atzeko aldea da Itsasbegi. Leihotik begira geundela, jendea ikusten genuen poltsekin eta motxilekin igotzen…Gaur egun dauden teknologia guztiekin, auzoan herritarrei lagundu ahal dien zerbait nolatan ez dagoen pentsatu zuen orduan». Argazkiak atera, eta lehiaketara bidali zituen, Itsasbegi izenpean: «Agian, Itsasbegi ez da horrenbeste ikusten, nik baietz uste dudan arren; ikusten ez den lekua da, eta hor dagoela, bizirik dagoela ikustea nahi nuen».
Jasotako errekonozimenduagaz «pozik», bermeotarrak ez du pentsatu horrek bere etorkizun profesionalean nola eragingo dion, positiboa izatea espero badu ere: «Uste dut Atenasera joatea jende asko ezagutzeko bidea izango dela, eta etorkizunera begira hemen nagoela esateko aukera eman ahal didala: argazkiak ateratzen ditudala eta bermeotarra naizela esateko aukera».
Artea, bokazio
Bermeotarrak ez du beti argi izan diseinatzaile izan nahi zuela, baina bai arteari lotuta egon nahi zuela: «Txikitan plastikako irakasleak ere esaten zidan artistikotik jo behar nuela. Arteak beti izan du tokia nire bizitzan». Diseinuaren alor ezberdinetan trebatu da azken urteetan, Kostako proiektuaren parte ere baita: «Online denda da, eta kamisetak, laminak… diseinatzen ditugu, Euskal Herriko ikonografia ardatz hartuta». Unibertsitatean hasi aurretik sortu zuten, eta, orain, leku batean ikasten duena besterako baliagarria zaiola uste du. Denda «jasangarria» da, eta, gainera, salmenta bakoitzeko arbola bat landatu edota itsasotik plastikoak ateratzen dituzte.
Hasieran, diseinuak «eskuz» egiten zituen arren, gaur egun tableta gehiago gustatzen zaio Gangoitiri, «lan guztiak gordeta izateko aukera ematen duelako». Hala ere, kamara eta koadernoa gainean daramatza beti, «gizakiak gizakien gauzak egiten» irudikatzeko: «Momentu horiek gabe, beste guztiak ez du zentzurik».