Sormena, lankidetza eta pentsamendu kritikoa lantzeko topagunea
U-BAI Ekintzailetza Jaialdian elkartu dira Busturialdeko bost hezkuntza zentrotako 65 ikasle.

U-BAI Ekintzailetza Jaialdia ospatu zuten asteburuan, Gernika-Lumoko Institutuan. U-BAI: Urdaibaiko Garapen Ekonomikorako Planak antolatuta, U-BAI Kids ekimenaren barruan, eskualdeko DBHko bost hezkuntza zentrotako ikasleak bildu ziren, tokiko hainbat enpresak aurkeztutako erronkei aurre egiteko.
San Fidel Ikastolako, Gernika BHIko, Barrutialde BHIko, Bermeo BHIko eta Bermeoko Sagrado Corazoon Ikastetxeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetako 65 ikaslek institutuan pasatu zuten gaua.
Hain zuzen ere, Maier, Birding Shop eta ZureAldek proposatutako erronkak 24 orduko epean konpontzea izan zen ikasle horien zeregina: «Parte hartzaileek haien inguruko enpresen erronkei aurre egin zieten, Maier, Birding Shop eta Zure Alde enpresek eskainita. Ekitaldi honen helburua ikasleen artean sormena, lankidetza eta pentsamendu kritikoa sustatzea izan da, haien ezagutzak ingurune praktiko batean aplikatzeko aukera paregabea eskainiz».
Amaiera ekitaldian, planteatutako erronken irtenbideak aurkezteaz gain, ziklo bakoitzeko talde bana saritu zuten, guraso, enpresa eta lagunen aurrean.
Eskualdeko hezkuntza zentroak eta enpresak batzen dituen jaialdiaren garrantzia goraipatu dute antolatzaileek: «Ekitaldi hau ahalegin handia da hezkuntza-zentro, erakunde publiko eta enpresa pribatuen partetik, Urdaibaiko hezkuntza-komunitatea eta enpresa-komunitatea batzeko, hurrengo belaunaldiko liderren prestakuntza bultzatuz eta sektoreen arteko lankidetza sustatuz. Gainera, eskualdeko udalerri ezberdinetako ikasleek bat egiten dute, helburu amankomun bati aurre egiteko».