Palestinar herriaren aurkako erasoak "jasanezinak" direla salatu dute
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak elkarretaratzeak deitu zituen atzo [apirilak 8], Palestinako herriaren aurkako erasoak salatzeko. Euskal Herriko 130 udalerrik egin zuten bat deialdiagaz, tartean Eak, Foruak, Busturiak, Bermeok, Mundakak eta Gernika-Lumok.

Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean “salaketa ozena” adierazteko, eta Palestinar herriari “maitasuna eta babesa” helarazteko helburuagaz, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak deitutako elkarretaratzean bildu ziren atzo arratsaldean [apirilak 8] Euskal Herriko 130 herritan, Lurra. Justizia. Bakea. lelopean.
Eskualdean, Ea, Forua, Mundaka, Busturia, Bermeo eta Gernika-Lumon egin zuten bat deialdiagaz, eta herritarrek Palestinako herriarren egoera “jasanezina” dela aldarrikatu zuten, Jon Maiaren idazkiagaz bat eginez: “Jasanezina egiten zaigu Israelen eraso bakar bat gehiago. Jasaezina handik iristen zaigun odolezko eta sufrimenduzko irudi bakar bat gehiago. Jasaezina palestinarren heriotza bakar bat gehiago”. Era berean, hainbat herrialde eta erakunderen “konplizitatea”, eta konponbidearen bidean pausoak eman beharrean “genozioagaz aurrera egitea” onartezina dela adierazi zuten: “Jasaezina eta onartezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean”.
Palestinaren “eskubide legitimoa” dela zehaztuta, onartuko duten soluzio bakarra “herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera” dela nabarmendu zuten Busturialdeko herritarrek, palestinarren borroka “justizia unibertsalaren aldeko borroka” dela azpimarratuta: “Genozidio ororen aurkako borroka da, giza eskubideen eta herrien aldeko borroka da. Gutako bakoitzaren eta gure seme alaben etorkizuneko munduaren borroka da”. Hala, irmo adierazi dute “behar den guztietan” salatuko dituztela Israelgo estatuaren “bihotz gabeko gerra politika sionista genozida”, eta horrekin bat egiten duen ororen konplizitatea.
Hala, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak mobilizazioei “adi” egoteko deia egin die eskualdeko herritarrei, Palestinara begira jarraitu eta Euskal Herritik salaketekin aurrera egin eta “konponbidearen aldeko bidea” zabaltzen jarraitu, eta herri palestinarra bakarrik ez uzteko.







