Zaintza mahaia "ahal bezain laster" desblokeatzea eskatu diote udalari
Gernikako Sare Feministak zaintza lanek "erantzukizun kolektiboa eta partekatua" behar dutela eta, borondate politikoa edukitzeko eta tresnak benetan eskaintzeko eskaera egin dio Gernika-Lumoko Udalari.

2023ko azaroren 30ean milaka herritarrek Gernika-Lumoko zein eskualdeko beste hamaika herritako kaleak hartu zituzten Euskal Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa aldarrikatzeko. Eskubide kolektiboen aldeko greba feminista hamaika aldarri egiteko erabili zuten, besteren artean zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioarekin amaitzea, zaintza sistema publikoa indartzea, etxez etxeko zerbitzua indartzea, atzerritartasun legea bertan behera uztea eta, bitartean, zaintza langile guztiak erregularizatzea, erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri izatea, etxebizitza eskubidea bermatzea, gure ingurua eta lurrak zaintzea eta babestea, denontzako pentsio duinak ezartzea eta gutxieneko 1080 euroak bermatzea, zaintza sektoreko langileen eskubide eta lan baldintzak hobetzea eta zaintzaileei laguntzeko sareak sortzea.
Bide beretik, Gernikako Sare Feministak, Gernikako Greba Komitearen bidez “udalerri nahiz eskualde mailako gabeziak” detektatu zituen, eta herri akordio baterako gaiak hartu neharreko “neurri eta oinarriak definitu eta adostu” zituzten: “Zaintza ereduaren inguruan lanketa egin eta gure eskualdekoe egoera eta kezkak hobetzeko adostasunak finkatu genituen”. Hala, akordioan jasotako lerro nagusiak udalbatzan aurkeztu zituzten.
Bost ziren akordioan nabarmentzen ziren ideiak, hala nola etxez etxeko langileen kontratazioa Gernikako-Udalak kudeatzea, “lan baldintzak dignifikatuz eta ez api-kontrata baten interesak elikatuz”. Gernikako Ospitalean oheak eta urgentziazko pediatria zerbitzua jartzea eta Kaltzada egoitzako langileen “lan-baldintzak duindu eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea” ziren eskaeretako beste batzuk: “Gernika-Lumoko alkateak Patronatoko Presidentea izanik, badu zeregina horretan”. Era berean, udal aholularitza zerbitzua eta ingurunea zaintzea eskatu zituzten: “Bizitza zaintzea, ingurunea babestu eta zaintzea ere delako, gure inguruan eragin itzela izango duen Guggenheim bezalako proiektuak goitik behera, inolako herritarren eta eragile zein erakundeen parte hartze eta iritzirik kontuan hartu gabe bideratzea ez da onargarria”.
Testuinguu horretan, Gernikako Sare Feministak udalerrian norbanazkoz, alderdi politikoez, erakundeez eta gizarte eragileez osatutako “zaintzarekin loturiko gabeziei aurre egiteko mahai bat” eratzeko proposamena luzatu zuen, lanketarako tresna eta baliabideak antolatzeko asmoz. Halaber, zaintzaren inguruko tokiko diagnostikoa egiteko prozedura abiatzea eskatu zuen talde feministak. Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba feministatik ia bi urte igaro direnean baina, mahaia “geldi” dagoela salatu dute: “Udalak eten du, errotik. Orain arteko dinamikak eta lana balioan jarri gabe, ordea”.
“Ez dugu mahaiaren egitekoa eta lana etetea ulertzen. Zaintza lanek erantzukizun kolektiboa eta partekatua behar dute”, zehaztu dute Gernikako Sare Feministatik. Izan ere, mahaia bermatzearen ardura erakundeena ere badela gehitu dute: “Borondate politikoa edukitzeko eta tresnak benetan eskaintzeko deia egiten dugu”. Hala, zaintza mahaiaren foroa “berriz eta urgentziaz aktibatzeko deia” egin diote Gernika-Lumoko Udalari. Herri mailako diagnosia egitea eta herri akordioko puntuak betetzea “beharrezkoa” dela eta, “zaiantza mahaiaren gaia ahal bezain laster desblokeateko eskaera” luzatu dute.