Helmuga, pedalak biraka hasi ziren tokian
Astelehenetik zapatura bitartean lehiatuko dute Itzulia Basque Country lasterketa. Aurtengoa motibazio iturri berezia da Pello Bilbao eta Txomin Juaristirentzat: etapa bana beraien jaioterrietan amaituko da, Gernika-Lumon eta Markina-Xemeinen, hurrenez hurren.

Errepidea da epaile. Aldapak dira fiskal. Ikusleak dira testigu. Euskal Herriko Itzulia epaia emateko prest dago. Itzulia Basque Country, mundu mailako lasterketarik puntakoenetakoa, abiatzeko prest dago. Nazioarteko txirrindularirik onenek azterketaz jositako gurutze bidea izango dute aurten ere, astelehenetik zapatura artean, Gasteizen hasita eta Eibarren amaituta. Tropela osatuko duten erromesetako bakoitzak bere egitekoa izango du: nork bere helburua, nork bere penitentzia.
Euskal Herriko Itzulia World Tour egutegian ikusmin berezia pizten duen proba baldin bada, are bereziagoa piztuko die aurten Pello Bilbao Lopez de Armentiari eta Txomin Juaristi Arrietari. Lehena sailkapen orokorrean gailentzeko hautagai nagusietako baten presioagaz aterako da, azken urteotako ekitaldirik irekienetako batean. Bigarrenak ihesaldietan protagonismoa bilatuko du, Euskaltel Euskadiren elastiko laranjak Euskal Herriko Itzulian eduki ohi duen eskakizunagaz.

Juaristi, astelehenean egingo duen bezala, erlojupeko saio bat bete-betean lehiatzen. Argazkia: Sprintcycling.
Motibazio gehigarria dute biek ala biek: etapa bana beren jaioterrietan, Gernika-Lumon eta Markina-Xemeinen, amaituko da. Ekitaldirik bereziena izan daiteke, beraz, probalekurik berezienean. Goi mailan hamalaugarren urtea du Bilbaok, eta, lasterketa batzuetan “lasai asko” irteera hartzen duen arren, etxeko lehiaren kasuan “ez da hala”: “Urduritasun eta ilusio nahaspila sortzen du Itzuliak: urteko lasterketarik garrantzitsuena da, eta zerbait handia egiteko prest nago”. Juaristik Itzulia “buru aldetik sendo” hastea izan du azken egunotako jomuga: “Urtez urte gogortzen ari den proba da, eta anbizio handiz eta sufritzeko prest abiatzea ezinbestekoa da”.
Bi txirrindulariek bestelako prismetatik helduko diote urteko hitzordu handiari. Bilbaoren azken denboraldi hasierak onak izan badira, aurten koska bat igo du bere maila: podiuma zapaldu du hala Valentziako Itzulian, nola UAE Tourrean; bosgarrena izan da Strade Bianchen; bederatzigarrena, Tirreno-Adriaticon. Juaristi Miguel Indurain Sari Nagusian eta Alentejoko Itzulian lanak ondo eginda iritsiko da, baita O Gran Camiñoko zoru galiziarra dastatuta ere. “Erorketa gogorra izan nuen, eta kostatu zitzaidan errekuperatzea; Alentejoko lasterketa, ostera, neure txirrindulari profilerako leunegia zen, eta kalitatezko entrenamendua egiteko balio izan zidan”.
16 kilometroko erlojupekoa izango da lehen azterketa. Markina-xemeindarrak iazko estreinako erlojupekoan marka polita egin zuen; aurtengoa “presio eta prestaketa espezifiko barik” hartuko du, “baina gogotsu“. Gernika-lumotarrak azken probak egin ditu egunotan erlojupeko ahuntzaren gainean, eta badu zeresanik lehen etapari buruz: “Luzetxoegia iruditzen zait; Joao Almeida edo Brandon McNulty moduko espezialista petoek alde handiak urratu ditzakete”.
Txomin Juaristi: “Mendikoa moduko bigarren mailako sailkapenak lehiatzea izango dut helburu”
Ihesari jota aritu beharko da Juaristi, bere helmuga lortuko badu: “Mendikoa moduko bigarren mailako sailkapenak lehiatzea izango dut helburu; horrez gain, taldeak UCI puntuei begiratu behar die, baita Jon Aberasturik Lodosako etapan izan ditzakeen aukerei ere”. Bilbaok, berriz, Santiago Buitrago kolonbiarragaz partekatuko du sailkapen orokorraren zama: “Biok ekingo diogu lehiari sailkapenerako bermeekin. Buitragok Kataluniako Volta albo batera laga behar izan zuen, baina sailkapena lehiatzea begitan hartua du”.
Metro oro, “aprobetxagarri”.
Egun batean ere ez da Itzulia irabazten, baina edozein egunetan gal daiteke. Ibilbidearen bereizgarria “metro oro aprobetxagarria” dela da, Bahrainekoaren ustez: “Ez dago lasaitzeko tarterik; kokapena gako da uneoro”. Alde horretatik, ez du “presio gehigarririk” sumatzen. Azterketa bailitzan, “lezioa ondo ikasita eramanda, lasaiago egiten da”.

Pello Bilbao gernika-lumotarra.
Lezio hori inork baino hobeto ikasia edukiko du Urduña eta Gernika-Lumo lotuko dituen bosgarren etapan: Bilbaok etaparen diseinuan parte hartu du. Juaristik berak ere argi du: “Pelloren ezaugarrietara doi-doi moldatzen den eguna da: hasieratik amaierara urduria, teknikoa, gorabeheratsua. Bera moduko ziklista burutsu batentzako paregabea da”. Busturialdean murgildu bezain pronto, Errigoitiko mendatea igaro beharko dute; aurretiaz Las Campas eta Aretxabalagane gaindituak izango dituzte. Laida pasatuta, lehen dema serioa irisiko zaie: Gametxotik Akordara igoko dira, Ibarrangelutik Ereñora, eta jarraian Nabarnizera.
Pello Bilbao: “Errigoitiko jaitsieraren ostean, lasterketa luze-luze eginda iritsiko da, eta Ajangizerako aldapatxo horretan min egin daiteke”
Ordurako, hankak ondo berotuta izango dituzte txirrindulariek. Asko, gainera, Eibarko azken etapa beldurgarriaren pentsuan egongo dira. Mapak erakusten duena baino egun “arriskutsuagoa” aurreratzen du Bilbaok: “Ez du zailtasun erraldoirik, baina azken 60 kilometroek desnibel metatu aipagarria dute, etengabeko erritmo aldaketak eskatuko dituzten errepide estuetan”. Zallobante izango da eguneko azken mendate serioa, baina, Artekalen helmugaratu orduko, azken tranpa bat edukiko dute ezkutuan: Kanpantxutik Mendietara igoera, Ajangizen. “Errigoitiko jaitsieraren ostean, lasterketa luze-luze eginda iritsiko da, eta Ajangizerako aldapatxo horretan min egin daiteke“, dio Bilbaok.
Juaristik ere etapa “irekia” iragartzen du: “Baliteke norbaitek Zallobanten erasora jotzea, eta helmugaraino iristea; izan daiteke Errigoitiko jaitsieran baten bat aurreratzea; Mendietako koskak ere iheserako leiho bat zabal dezake; aukera horiekin guztiekin, talde ertain bat esprintera heltzeko agertokia ere mahai gainean dago. Denetariko eszenatokiak eskaintzen dituen eguna izango da Gernika-Lumokoa”.
Matsariako industriagunetik igoko dute Izua: %20ra arteko aldapa koskorrak dituen hiru kilometro eta erdiko mendatea da
Bezperan, baina, beste lagin garrantzitsu bat biziko du Itzuliak. Laugarren etapak Beasain eta Markina-Xemein lotuko ditu, mendatez josiriko ibilbidea tarteko. Zazpi izango dira aldapa puntuagarriak; beste hamaikatxo, gainditu beharreko gainak. Horietako azkena Izua izango da. Itzuliaren ibilbide sortaren klasikoetako bat da portu hori. Edozelan ere, errepide nagusitik barik, Matsariako industriagunetik helduko diote: %20ra arteko aldapa koskorrak dituen hiru kilometro eta erdiko mendatea da.
Juaristik, behintzat, “bideko zulo bakoitza” ezagutzeak duen abantaila alde izango du. Mendateari Maltzagako saihesbidetik helduko diote, goranzko joeragaz. “Tarte horretan, txirrindulari asko alde batera apartatuko dira, abiadura egundokoa izango baita”, argitu du. Halaber, benetako guda aldapa gorako borroka orduko kokatu du markina-xemeindarrak. Wattio festa ziurtatuta dago, mendate magalerako bidean: “Matsariara sarbidea oso gogorra da, eta errei biko errepide zabaletik bakar bateko bidera pasatuko gara, bihurgune bakarra hartuta. Kokapenerako lehia, hortaz, hil ala bizikoa izango da”.
Juaristi: “Izuako jaitsieran bada puntu bat, guk ‘txerrien bihurgunea’ deitzen dioguna, oso-oso arriskutsua dena; Enric Mas hantxe erori zen”
Agertoki posible guztiak.
Igoera bolo-bolo dabilen arren, bada ostondutako beste sekretu bat: Izuatik Etxebarrira jaitsiera. Inguruko errepiderik teknikoena izan ez arren, tarte batzuk “arriskutsuak eta ospelak” direla adierazi du Euskaltel Euskadikoak: “Bada puntu bat, guk ‘txerrien bihurgunea’ deitzen dioguna, oso-oso arriskutsua dena; Enric Mas hantxe erori zen”. Horrenbestez, hanka jokoaz gain, joko teknikoa izan daiteke etapa garaipenerako giltzarria. “Barinagatik Etxebarrira eta Etxebarritik Markina-Xemeinera arteko inguru leunean geldialdia egon daiteke, eta une aproposa izan liteke ustekabeko erasoaldiren baterako”, adierazi du gernika-lumotarrak.

Txomin Juaristi markina-xemeindarra.
Hain zuzen, ihesaldiak zein tropeltxoak ailegatu izan dira Zelaira, azken urteotan. Karta sorta zabalez joka daitekeen partida da. 2017an, Amanda Spratt australiarra segundo biko aldetxoagaz helmugaratu zen, Emakumeen Biraren bigarren etapan. Duela urte bi, Demi Vollering nederlandarrak ia minutuko abantailagaz lortu zituen hala etapa, nola lidergoa. Uzta berbera jaso zuen 2016an Luis Leon Sanchez murtziarrak, baina 50 laguneko tropelean esprinta irabazita. Ate denak zabal-zabalik daude.
Astro handirik gabeko Itzulia da aurtengoa. Tadej Pogaçar, Jonas Vingegaard, Primoz Roglic eta Remco Evenepoel, astebeteko itzulien espezialistak, ez dira irteeran egongo. Gainontzeko izarrek, baina, euskal errepideen konstelazioa beteko dute. Zerrenda amaigabea da: Joao Almeida, Brandon McNulty, Isaac del Toro, Mathias Skjelmose Jensen, Marc Hirschi, Romain Grégoire, Oscar Onley, Enric Mas, Ion Izagirre, Dani Martinez, Maxim Van Gils, Florian Lipowitz, Aleksandr Vlasov, Ben Healy, Ilan Van Vilder, Sepp Kuss, Harold Tejada. Horiek denak lagin txiki bat baino ez dira.
Gernika-lumotarragaz eta markina-xemeindarragaz batera, Ander Okamika lekeitiarra ere irteera lerroan egongo da
Kuadrillabete lagun, irteeran.
Bilbaok eta Juaristik kilometro mordoa egin dute parez pare. Ander Okamika ere lagun eduki ohi dute, eta Burgos BH-Burpelleteko lekeitiarra ere irteeran egongo da. Beraiekin, eguneroko saioetako taldetxo edo ‘grupeta’ ariko da bai pedalei indartsu eragiten, bai bide bazterrean: Jon Barrenetxea, Javi Romo, Jonathan Lastra, Ander Ganzabal, Mikel Bizkarra edo urte amaieran erretiroa hartuko duten Omar Fraile izena emanda daude.
Lagun eta adiskideek, ostera, indarra beren animoekin emango diete. Bilbaorentzat “ederra” da eguneroko lagunekin lehiatzeko aukera edukitzea: “Irteeran eguneroko taldeko hainbeste kide egotea zerbait ondo egiten dugun seinale da; nork bere interesak defendatuko ditu, baina polita da hain eremu txikian hainbeste txirrindulari profesional egotea eta etxeko proban guztiok elkartzea”.
Bilbao: “Gernika-Lumoko etapa garaipena lor daitekeen gauzarik handiena da; horregaz batera, podiumean sartzea helburu erreala da”
Ametsak betetzen dituzten boligrafoa eta kontratua eskuartean ipiniz gero, markina-xemeindarrak nahiz gernika-lumotarrak argi dute zer sinatuko luketen: etxeko etapak poltsikoratzea. “Hurrekoen aurrean besoak altxatzea izugarria litzateke; dena dela, aste osoan maila ona bistaratzea, ihesaldietan protagonista izatea eta bigarren sailkapenen lehian ibiltzea izan behar dira benetako erronkak”, dio Juaristik.
Bilbaoren aspirazioa harago doa: “Gernika-Lumoko etapa garaipena lor daitekeen gauzarik handiena da; horregaz batera, podiumean sartzea helburu erreala da. Sarritan geratu izan naiz atarian, eta neure burua aukerekin ikusten dut”.
Testiguak Busturialdeko eta Lea-Artibaiko bide bazterretako auzitegian tokia hartzen hasiak dira. Errepidea da epaile. Aldapak dira fiskal. Euskal Herriko Itzuliak izango du azken epaia. Epairik zorrotzena, urteko kirol auzi ederrenetakoan.
Beste urte batez, Itzulia Basque Country World Tour denboraldiaren lehen zatiko astebeteko itzulirik gogorrenetako bat izango da, ibilbideari dagokionez. Aurtengo aldiak Gasteiz eta azken urteotako helmuga, Eibar, lotuko ditu. Tartean, 864,7 kilometrori eta 27 mendate puntuagarriri aurre egin beharko diete ziklistek.
Iruñea eta Lodosa arteko bigarren etapa izango da leunena; haizea izan daiteke ziklista bizkorrenei egokitutako egun horren arrisku nagusia. Zarauztik Beasainera, Beasaindik Markina-Xemeinera eta Urduñatik Gernika-Lumora arteko hurrengo hiru jardunaldi itogarriek aldapa piko eta laburrak mendate luzeagoekin uztartuko dituzte. Azken etaparen menua, ostera, laburrena baina gogorrena izango da: lehen mailako hiru mendate izango ditu, bigarren mailako bakarra eta hirugarren mailako hiru.
‘Big Six’ modura bataiatutako eliteko txirrindulari multzoko (Tadej Pogaçar, Jonas Vingegaard, Primoz Roglic, Remco Evenepoel, Wout Van Aert eta Mathieu Van Del Poel) inor ez da arabar irteeran egongo. Edozelan ere, hainbat taldek zazpiko boteretsuak oholtzaratuko dituzte, besteak beste, UAE Team Emitates-XRG, Red Bull-Bora Hansgrohe, Movistar, Soudal-Quick Step edo Lidl-Trekek.