Gernika BHIko ikasleen literatur lan onenak saritu dituzte
Hiru mailatan banatuta, ikasleek sortutako denetariko lanak saritu dituzte gaur goizean Lizeo Antzokian. Prosa zein poesia, idazten eta irakurtzen jarraitzeara animatu ditu ikasleak Andoni Agirre Gernika BHIko zuzendariak, "indartsuagoak" egingo dituelako.

Irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, aurten ere literatur lehiaketa antolatu dute Gernika BHI-n, eta beste urte batez, ikasleen partetik erantzun zabala jaso dute. Gaur goizean [martxoak 28] Lizeo Antzokian egin duten sari banaketan, arduradunek ikasle guztiak zoriondu dituzte, denetariko istoriak sortu dituztelako, hamaika gai ezberdin jorratuz.
Ohi legez, sari banaketa hiru kategoriatan banatu dute: A kategorian Batxilergoko 2. mailako ikasleak; B mailan, DBH 4. mailako ikasleak eta C kategorian, DBH 2. mailakoak. Epaimahaikideak etxeko lanak eginda iritsi dira sari banaketara, eta jaso dituzten lan guztien arten finalista izatea merezi dutenei aipamen berezia egin diote, hiru lan onenak saritu aurretik. A kategorian 26 finalista izan dira, eta prosazko istoriorik onena Amaia Zabala Madariagarena izan da: Itziarren hitzak . Poesia mailan, Xabat Irazabal Lopez saritu dute, Pisuen pisua lanagatik.
B mailako hamahiru finalisten artean Nire Arana Sarduiren Kate ikusezina izan da prosa lan onena, eta Gari Caballero Legarretaren Itzal hutsen dantza, berriz, poema onena. Gaztetxoenen artean prosa maila baino ez dute saritu, eta hamahiru lan onenen artean nagusituta, June Olaeta Ikazuriak jantzi du txapela, Miraria? lanagatik.
Andoni Agirre Bilbao Gernika BHIko zuzendariak ikasleen parte hartzea eskertu du, batxilergoko ikasleekin izan duen elkarrizketa bat gogoratzeagaz batera: “Irakurtzen duzue? galdetu diet, eta erantzuna ezezkoa izan da: klaseko gauzak kenduta ezetz. Eta idatzi, WhatAppean eta punto”. Horren aurrean, idazteak “ideaiak antolatzen” lagunduko diela azaldu die Lizeo Antzokian elkartu diren ikasleei: “Komunikatzeko gaitasuna ezinbestekoa da, hori barik ez gara pertsonak ere”. Horregatik, idazten eta irakurtzen hastera gonbidatu ditu bertaratutakoak: “Indartsuagoak egingo zaituzte”.
Gonbidatu berezia.
Sari banaketaz gain, Lizeo Antzokiko eszenatokian bertso, dantza eta musika ikuskizunetarako tartea ere egon da, Gainera, aurkezle lanetan aritu diren ikasleek Ibon Malaxetxebarria elkarrizketatzeko aukera izan dute. Renault 41 batean sartu eta bere lehengusua den Andoni Larrinagagaz batera 4L Trophy auto abentura solidarioan parte hartu zuen Malaxetxebarriak 2023an, aitonaren Cuatro Latas batean sartuta Biarritzetik Marrakexerainoko bidea eginez. Goizean zehar abentura horren inguruko zein beste hamaika gairen inguruane egin dizkioten galderak erantzun ditu, eta gainera, beregain geratu da literatur lehiaketako irabazleei txapela jartzea.
Sarituak
A kategoria (Batxilergoko 2. maila)
- Prosa:
- 1. saria: Amaia Zabala Madariaga
- 2. saria: Maren Uriarte Elordieta
- 3. saria: Maddi Gorostiaga Alzaga
- Poesia:
- 1. saria: Xabat Irazabal Lopez
B kategoria (DBH 4. maila)
- Prosa:
- 1. saria: Nile Arana Sardui
- 2. saria: Unai Artiñano Gargallo
- 3. saria: Xabier Riancho Callau
- Poesia:
- 1. saria: Gari Caballero Legarreta
C kategoria (DBH 2. maila)
- Prosa:
- 1. saria: June Olaeta Ikazuriaga
- 2. saria: Sara Elgezua Santamaria
- 3. saria: Eztizen Pelissier Chamorro
























































































