Inklusioa bermatzeko giza baliabideak exijitu dituzte Bermeo BHIko irakasleek
Greba zikloetan murgilduta daudelarik, Bermeo BHIko irakasle batzordeko kideak elkarretaratzean bildu dira gaur goizean [martxoak 27], Lameran, "ikasleen osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzea" exijitzeko.

Hezkuntza publikoko irakasleak greba zikloetan murgilduta dabiltza azken aldian, eta Bermeo BHI irakasle batzordeko kideak elkarretaratzean bildu dira gaur goizean [martxoak 27], Lameran, Hezkuntza Sailarekiko duten “desadostasuna” plazaratzeko. Batzordekideentzat “ezinbestekoa” da gurasoei grebaren zergatia eta beraien aldarrikapenak azaldu eta “hezkuntza komunitate osoari helaraztea”: “Zuen seme-alaben hezkuntza kalitateagatik borrokan ari gara”, zehaztu dute. Hala, irakasleek lau aldarri nagusiak azaldu dituzte.
Irakaleek “gero eta plan, proiektu, eranskin eta protokolo gehiago” bete behar dituztela salatu dute, “ikasleen arreta zuzenaren kaltetan” beraien denbora eta energia paper gaineko zereginetara bideratuz: “Honek zuen seme-alabei eskainitako hezkuntza kalitatea okertu baino ez du egiten”, azpimarratu dute. Era berean, ikaslegetako aniztasun eta premiak “gero eta gehiago” direla, eta ikastetxeetan horiei erantzuteko gero eta baliabide gutxiago dituztela nabarmendu dute. “Bullying egoerei, azkenaldian nabarmen gora egin duten antsietate kasuei, suizidio arriskuan dauden gazteei, eta abar luze bati benetazko laguntza emateko psikologoak behar ditugu zentroetan”, aldarrikatu dute.
Horrez gain, ikastetxeetan beharrizan bereziak dituzten ikasleak dituztela eta “beraiengana ezin helduta” dabiltzala salatu dute, “irakasle bakoitzak ikasle gehiegi dituelako bere ardurapean, burokrazia gehiegi bete behar duelako eta lan-zama handiegia delako”.
Politika segregatzaileekin amaitzea.
Era berean, benetako inklusio eta ekitate sozialaren bidean, politika segregatzaileekin amaitzeko exijitzen diote Hezkuntza Sailari: “Segregazioa sustatzen duten neurriekin bukatu beharra dago”. Ildo horretatik, Bermeo-San Frantzisko Herri Eskolako Familia Elkartearen salaketa gogoratu dute: “Itunpeko ikaspostu gehiegi eskaintzen dira herrian, izan ere , 2023-2024 ikasturtean ikaspostuen %74 iturnpekoak izan ziren Bermeon eta %26a baino ez publikoak”. Nabarmendu dutenez egoera hori ez da Bermeokoa soilik, Hezkuntza Sailak plazen esleipena egiteko erabiltzen duen politikaren araberakoa baizik: “Ondorioz, jaiotza tasaren jaitsierak ez du itunpekoetan hainbesteko eraginik, baina eskola publikoa ikaslez hustutzea eragiten du”, azaldu dute.
Bermeon “aniztasun handiko familiak” daudela eta horietako askoz euskara menperatzen ez dutela gogoratu dute irakasle batzordeko kideek, hezkuntza publikoa erdigunean jartzeak “sailaren baliabide guztiak hezkuntza publiko euskaldunarentzat bideratzea” esan nahi duela zehazteagaz batera. Egoera horren ondorioz ikasle asko “aurrera egin ezinda” dabiltzala gehitu dute, “Hezkuntza Sailak giza baliabide eta estrategia nahikorik ipintzen ez dituelako benetako eta kalitatezko euskalduntze prozesua gauzatzeko”. Ikasleek eskubideak eta “guztion etorkizuna jokoan” daudela eta, gurasoei beraien borrokara elkartzeko deia egin die irakasleek, “ikastetxeetako ikasleek osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko”.