Amaitutzat eman dituzte Mataderozarra lokala berritzeko lanak
Bermeoko Udalak urte luzez egoera txarrean egon den espazioa erabilera anitzeko bihurtu, eta herritarren eskura jarriko dutela iragarri du. Gaur arratsalderako [martxoak 21] ]ate irekien jardunaldia antolatu dute, lokala ezagutzeko.

Bermeoko Udalak Zarragoitxiko sarreran dagoen Mataderozarra lokala berritu du. Urte luzez egoera txarrean egon den espazioa erabilera anitzeko gune bihurtu dute, eta herritarren eskura jarriko dutela iragarri dute, topagune edota hainbat jardueratarako baliabide gisa. Udaletik nabarmendu dutenez, ekimen honen bitartez udalak “beste pauso bat” eman du erabilerarik ez duten udal-eraikinak bermeotarren esku jartzeko bidean.
Azaldu dutenez, Mataderozarra berreskuratzeko lanok 2022-2024 Inbertsio Estrategikoen Planaren Hiri Berroneratzeko Proiektuaren barruan gauzatu dira, enplegurako, prestakuntza, orientazioa eta laguntza sustatzeko programaren bidez. Esku-hartze Estrategiko Integralerako Proiektua ekimenaren barruan kokatzen den programa da eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin egin da.
Mataderozarra. Lokalari jarri diotez izena ausaz aukeratu ez dutela nabarmendu dute udaletik; izan ere, lokala kokatuta dagoen lekuan garai batean udal hiltegia zegoen. Horregatik, izen aukeraketarekin udalak herriaren “memoria historikoa zaintzeko konpromisoa” berretsi nahi izan du.
Hala, udalak 160 metro karratuko espazioa berreskuratu du, bi areto eta egokitutako komun bat dituena. Zehaztu dutenez, lokala “erabilera anitzekoa” izango da, hau da, bilera, prestakuntza, ikasgela, auzo-elkarteen bilerak eta jarduera sozial eta kulturalak egiteko erabili ahal izango da. Gainera, wifi konexioa ere izango duela azpimarratu dute, ikasteko edota lan egiteko ere “egokia” izan dadin.
Mataderozarra “ahalik eta arinen” martxan egotea espero da, data zehatzik finkatuta egon ez badago ere. Lokalaren aurkezpenean jakinarazi dutenez, oraindik zehazteke dago lokalak izango duen ordutegia, baina “ordutegi zabala” eskaintzea aurreikusten dutela iragarri dute, “herritarren beharretara egokitzeko”. Azaldu dutenez, lokalera sartzeko sarbide-txartela beharko da, aurretik udal liburutegian eskatu beharko dena, erabilera arauek onartzen dituen erantzukizun dokumentu bat sinatzeagaz batera.
Irtenbidea. Berriztatze lanak amaituta egoteagaz pozik agertu dira udal ordezkariak; izan ere, herritarren esku jarriko duten espazio bat berreskuratzeaz gain, “erabilera gabe dauden udal-eraikinei irtenbidea emateko konpromisoa sendotzea ere bada”. Horregatik, “ahal den neurrian” lokalak, etxebizitzak eta udal-eraikinak birgaitzen jarraituko dutela iragarri dute, “herritar guztientzako baliagarri bihurtuz”.
Udal ordezkariek proiektuan parte hartu duten pertsonen lana eskertu du, “euren lanari eta dedikazioari esker espazio hau herritarren topagune bilakatu delako”. Zehaztu dutenez, prozesua ikaskuntza-ekimen baten adibidea izan da, parte hartzaileek benetako lan ingurune batean ikasi eta trebetasunak garatzeko aukera izan dutelako.
Era berean, herritarrei “arduraz eta errespetuz” jokatzeko deia egin die udal ordezkariek, lokalaren berreskurapena “herriaren ilusio eta ahalegin kolektiboaren emaitza” dela gogoratzeagaz batera. Nabarmendu dutenez Bermeo eta bere ondarea zaintzea “guztion ardura” da; izan ere, ondare publikoa egoera onean mantentzeak bere etorkizuneko erabilera bermatzen du.
Ate irekiak. Mataderozarra espazio berria ezagutarazteko asmoz, udalak ate irekien jardunaldia antolatu du gaur arratsaldean [martxok 21], 18:30etik 19:30era bitartean —Askatasun Bidea, 23—. Bertaratzen direnek, lokala berrizteko egin diren lanak gertutik ikusi, espazio aztertu eta eskaintzen dituen erabilera aukerak ezagutzeko aukera izango dute.
Hala, udalak bermeotarrak, auzo-elkarteak eta herriko eragileak gonbidatu ditu espazio berria bisitatu eta “Zarragoitxiko eta Bermeoko bizitza sozial, kultural eta komunitarioan erreferente izango den espazio berria ezagutzera”.