Bertan behera utzi dute Sukarrietako Usparitxa ontziralekuaren eraisketa
Iragan astean jakinarazi zuen erabakian atzera egin du Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak, eta ez dute Usparitxa ontziraleku historikoa eraitsiko. Herritarrek atzo [martxoak 16] deituta zuten elkarretaratzean eman zuen Jaime Orueta Sukarrietako alkateak erabakiaren berri.

Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak, Urdaibai naturalizatzeko planaren barruan Sukarrietako Usparitxa ontziraleku historikoa eraisteko agindu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiaren oniritziagaz. Erabaki horren aurrean gaitzespena adierazteko elkarretaratzea zuten deituta herritarren domekan [martxoak 16], baina bertaratu zirenek berri on bat jaso zuten: “Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak atzera egin du ontziralekua eraisteko erabakian”, jakinarazi zien Jaime Orueta Sukarrietako alkateak.
Duela ia 60 urte eraikitako ontziralekua eraitsi nahi zutenaren berri izan zuen Oruetak iragan astelehenean [martxoak 10], eta segituan Euskal Herriko Itsasertz Mugarteagaz harremanetan jartzea erabaki zuen: “Ez zuten plana aldatu eta ontziralekua mantentzeko intentziorik”. Orduan, martitzenean Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzara jo zuten, eta eguenean [martxoak 13] jaso zuten lehen ordezkariordearen erantzuna; auziari irtenbidea emateko lanean zebiltzala jakinarazio zieten.
Oruetak azaldu duenez, ordezkariordean barikuan jakinari zion Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkariagaz hitz egin zuela, eta horrek zegokion sailarekin eta Euskal Herrik Itsasertz Mugarteko zuzendari nagusiagaz: “Arratsaldean esan ziguten, printzipioz, ontziralekua mantendu egingo zela”. Hala ere, alkatea bihar [martxoak 18] batzartuko da ordezkariordeagaz, Usparitzaren eraisketa bertan behera uztea “zertan datzan zehazteko”: “Imaginatzen dugu ontziralekua errespetetatuko dela”.

Argazkia: Txato Etxaniz
Sukarrietako alkateak erabakiaren berri izan zuenerako baina, dagoeneko herritarren artean “alarma soziala piztuta” zegoen, eta Oruetaren ustetan, “garrantzitsua” zen herritarrak bertaratzea, kairen erausketaren aurka zeudela argi geratzeko. Horregatik, ordezkariordeak alkatearen esku utzi zuen herritarrei informazioa ematea: “Hitzordua aprobetxatu nuen herritarrei auzia positiboki konpontzeko bidean zegoela esateko”. Izan ere, deialdiak herritarren erantzun zabala jaso zuen, asko izan zirelako atzo eguerdian Usparitzara bertaratu zirenak: “Herriarentzat eta herritarrentzat garrantzitsua da ontziralekua; uste dut Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak gutxietsi egin duela”.
Bi urteko lankidetza.
Sukarrietako Udala eta Euskal Herriko Itsasetz Mugartea Portuondoko ainguralekua erregularizatzeko plan berezi bat garatzen ari direla gogoraratu du Oruetak: “Batzarretan egon dira, eta beraien esku dituzten plan bereziaren zirriborro eta txosten guztietan agertzen da ontziralekua ontziratze eta lehorreratze puntu gisa”.
Azaldu duenez, duela bi urteko marea handiek Usparitxako ontziralekura zeramaten antzinako egurrezko pasealekua suntsitu zuen, eta une horretan, Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak pasealekua eta ontziralekua kendu behar zituztela jakinarazi zion udalari. Halere, akordio batera iristea lortu zuten: “Esan genion pasealekua kenduko genuela, goitik beste bat dagoelako, baina ontziralekua ezin genuela inondik inora ere kendu”. Oruetaren esanetan, bi parteen arteko harremana “arina eta adeitsua” izan da erausketaren berri “harrigarria” jaso duten arte.