Errealitatearen ezagutza, inklusio errealerako giltza
Bermeoko Udalak, Haszten Fundazioaren bitartez, dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboak kirolean duen inplikazioa aztertu du.

Bizkaian, urtero, 13.000 adingabe baino gehiago artatzen ditu Osakidetzak osasun mentalaren nahasmenduak direla eta; horregatik, euskal gizartean haurren eta nerabeen osasun mentalaren arreta «lehentasun» bilakatu dela aldarrikatu du Eusko Jaurlaritzak. Zehaztu dutenez, nerabeen artean, antsietate eta depresio arazoak dira arrazoi nagusiak, eta 0-4 urtekoen artean, berriz, mintzairaren atzerapenak. Datu horien aurrean ardura agertuta, iaz Gotzone Sagardui Osasun sailburuagaz izandako bilera batean, arazoa mahai gainean jartzea erabaki zuten Bermeoko Udaleko ordezkariek.
Endika Etxebarria Gizarte Ongizate saileko zinegotzi arduradunak azaldu du bai Bermeon, bai eskualdean “beharrizan bat” dagoela, adingabeko umeek Galdakaora joan behar dutelako, Barrualdeko Haur eta Nerabeen Zentroan artatuak izateko: “Ematen den zerbitzua ez da nahikoa dauden behar guztietarako”. Bileran baina, ezezkoa eman zioten hurbilago zentro bat irekitzeko beharrari, “datuen arabera ez zelako beharrezkoa”. Etxebarriak zehaztu duenez, ordea, datu horiek osasun sistema publikoko erabiltzaileak soilik hartzen zituzten kontuan: “Adin txikiko asko psikologo eta psikiatra pribatuetara joaten dira”.
Endika Etxebarria: “Adin txikiko asko psikologo eta psikiatra pribatuetara joaten dira”
Iaz, aurreko bileraren sasoi berean, Amatea Elkartekoekin elkartu zen zinegotzia bestelako kontu batzuk lantzeko, eta bertan izan zuen Haszten Fundazioa elkartekideekin harremanetan jarri zenaren berri. Aniztasun funtzionala duten pertsonen kolektiboari eta horiek kirolean duten inplikazioari buruzko diagnostikoaren berri izan, eta 2024an Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko udalerriei hori gauzatzeko eskainitako laguntza teknikoa ezagutzean, udalak Hasztenekin harremanetan jartzea erabaki zuen. Hala, hasierako plana moldatu eta bestelako diagnostiko bat egiten bukatu dute.
Hemeretzi egitura.
Diagnostikoa, beraz, Haszten Fundazioak garatu du. Guztira udalerriko 23 egiturarekin jarri ziren kontaktuan; horietatik hamalau ziren kirolari lotutakoak, bost hezkuntza zentroak eta lau egitura sozialak. Eragile horietatik baina, hemeretzik parte hartu dute diagnostikoan, hau da, deituta egon zirenen %82,6k: “Balorazioa oso ona da, bai aldundiak, bai Hasztenek Bermeo zoriondu dute, parte hartze altuagatik”, adierazi du Etxebarriak. Izan ere, hezkuntza eta gizarte sailetan erantzuna %100ekoa izan da. Parte hartu duten egituren artean, hamahiru kasutan (%68,42) artatzen dituzte gaur egun desgaitasuna duten pertsonak, guztira 250.
Etxebarria: “Balorazioa oso ona da; Hasztenek eta aldundiak Bermeo zoriondu dute, parte hartze altuagatik”
Kirol eragileei dagokienez, parte hartu duten hamar egituretatik, bost dira dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzen dituztenak: Kikunbera Igeriketa Taldea, Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldea, Urdaibai Eskubaloi Taldea, Xixili Gimnasia Taldea eta udal kiroldegia. Guztira hamalau pertsona artatzen dituzte, generoari dagokionez nahiko parekatuak daudenak: gizonezkoak %51,5 dira, eta emakumezkoak %48,5. Desgaitasun motari dagokionez, adimen urritasuna daukate gehienek (%50). Etxebarriak nabarmendu du talde batzuek “ekintza konkretuak” egiten dituzten arren, txostenak argi utzi duela “ez dagoela inklusio bat zentsu horretan”. Hala ere, diagnostikoaren harira, talde batzuetan “ekintza plan bat egiteko gogoa” piztu dela zehaztu du.
Hezkuntza egituren artean lau dira dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzen dituztenak, guztira 41 pertsona, gehienak, %63,4, gizonezkoak eta, adinari dagokionez, batez beste 10,4 urte dituztenak. Ezgaitasun motari dagokionez, kasu horretan ere adimen urritasuna da gehien errepikatzen dena (%63), ezgaitasun fisikoaren (%20,4), buru gaixotasunen (%13) eta ezgaitasun sentsorialaren (%3,7) aurretik.
Hirugarren multzoan, gizarte egiturei dagokienean, lau taldeetan artatzen dituzte dibertsitate funtzionala duten pertsonak. Amateak, udal egoitzak, Etxez Etxe Zerbitzuak eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak 143 pertsona artatzen dituzte, gehienak (%55,2) emakumeak. Aurrekoetan ez bezala, horretan ezgaitasun fisikoa da ohikoena (%42), ezgaitasun sentsorialaren (%22,6) aurretik.
Dibertsitate funtzionala duten pertsonen komunitateari buruzko diagnostikoa izanik, ezin ziren falta lehen pertsonan bizi duten horien erantzunak: 250 pertsonatik, hamalauk erantzun dute inkesta, gehienak gizonak izan dira (%57, 1), eta erantzun gehien eman dituen adin tartea 6 eta 20 urte bitartekoa izan da, erantzun guztien %57,1. Pertsona horien artean adimen urritasuna eta ezgaitasun fisikoa izan dira gehien errepikatu direnak. Era berean, ezagutu dute kirol praktikatuenak igeriketa, gimnasioa, karatea eta xendazaletasuna badira ere, eskatuenak saskibaloia, igeriketa eta txirrindularitza direla, besteak beste.
Hobetzeko proposamenak.
Datu orokorrak biltzeaz gain, diagnostikoa egitean, egiturek udalari zerbitzua edo arreta hobetzeko egiten dizkieten proposamenak bildu dituzte Hasztenekoek. Kirolaren kasuan, bi izan dira gehien errepikatu direnak: instalazio irisgarriagoak egotea (%55,5) eta “dibertsitate funtzionala duten pertsonekin unean uneko kirol esperientziak txertatzea (%44,4)”.
Hezkuntzari dagokionez, hiru proposamenetan bat egin dute ia denek: sentsibilitatea eta kontzientziazioa indartzea (%60), berezko prestakuntza gorputz eta kirol jarduera egokitu eta inklusiboan (%60) eta desgaitasunen bat dutenentzako eskolaz kanpoko kirol eskaintza gehiago ezagutzea, “egituratik orientatu ahal izateko” (%60).
Gizarte multzoko lau egiturek proposatu dute dibertsitate funtzionalean eta kirolean trebatutako eta esperientzia duten profesionalak izatea, eta inguruko egitura konbentzionaletan esperientzia puntualak izatea.
Etxebarria: “Asmoa da 2025ean zehar, ahal denik eta arinen, ekintza batzuekin abiatu eta ikustea ea ze forma eman ahal diogun guzti horri, beharrizan guztiak asetzeko
Desgaitasunen bat duten pertsonen artean, berriz, hiru izan dira gailendu diren aukeratutako proposamenak; batetik, dibertsitate funtzionalean eta kirolean trebatutako eta esperientzia duten profesionalak izatea, jarduera inklusiboen eskaintza zabaltzea eta sentsibilizazioa eta kontzientziazioa areagotzea.
Ekintza plana.
«Dibertsitate funtzionala duten pertsonak ezintasunetik ikusten dira, eta ez gaitasunetatik», nabarmendu du zinegotziak. Egoera horren aurrean, «proba ezberdinak» egin beharko dituztela iragarri du, “aniztasun funtzionala mundu oso bat delako, hainbat gradu, modu eta abar daude, eta pertsona indibidualak diren heinean, beharrizan indibidualak dituztelako”.
Kiroldegia da udalak kirol arloan duen oinarria, eta, horregatik, Gizarte Ongizate eta Kirol sailarekin «osasungintzarako bidean» ekintza plan bat jorratu nahi dutela azaldu du Etxebarriak, oraindik lantzen ari badira ere: “Asmoa da 2025ean zehar, ahal denik eta arinen, ekintza batzuekin abiatu eta ikustea ea ze forma eman ahal diogun guzti horri, beharrizan guztiak asetzeko”.
Etxebarria: “Dibertsitate funtzionala duten pertsonak ezintasunetik ikusten dira, eta ez gaitasunetatik”
Ekintza planaren helburuen artean egongo da sentsibilizazioa eta kontzientzia areagotzea, baina diagnostikoa egite hutsak horretan “positiboki” eragin duela uste du: “Azken batean, diagnostikoa ez da udalak ekintza plan bat egiteko bakarrik, dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzen dituzten entitateei ere norabide bat izateko balioko die, ematen diren zerbitzuak nola baloratzen diren ikusi ahal dutelako”. Azpimarratu duenez, prozesuaren ondorioz talde batzuk udalarekin harremanetan jarri dira, “taldeen barruan ere ekintza planak garatzeko asmoagaz”.
Udalari dagokionez, diagnostikoak zer egiten den ezagutzeko aukera eman diela dio Etxebarriak: “Zer egiten den ezagutzen hasi gara. Kirol talde batzuek argi izan dute zer egiten ari diren, zer probatu nahi duten… Zer egiten duten eta historikoki zer egin duten jakiten hasi gara”.
Gizarte Ongizate saileko zinegotzia “pozik” agertu da diagnostikoarekin, eta erakutsitako interesagatik eskerrak eman dizkie parte hartu duten klub, talde, elkarte, zerbitzu, hezkuntza zentro eta bestelakoei: “Diagnostikoaren zergatia bat izan da, eta beste leku batera eraman gaitu berez, eta alor ezberdinak ukitu ditugu”. Modu berean, honek udalari eman dion informazioa azpimarratu gura izan du: “Udal eta herri moduan ondo datorkigu datuak jakitea eta erabiltzea; datuak dauden momentuan inork ezin dizu esan ez dagoela beharrizan bat edo beste. Gauza objektiboa da”.