Herritik sortua, herrian sartua
Auzolanean elkartzeko ohitura berreskuratu du Eleizalde Ikastolak, deialdi "arrakastatsu" batekin: 60 lagun baino gehiago bildu dira. Jangela berrian, EI Txokoa erabiliz, biribildu dute ekimena.

Bizpahiru hilabeterekin sartu eta, begi-kliska egiterako, hamasei urterekin ateratzen dira ikasleak. Bertan igarotzen dituzte beraien garapen psiko-motorrean, intelektualean, afektibo-emozionalean eta sozialean funtsezkoak diren urteak, eta asko “etxean bezala” sentitzen dira. Hori da Eleizalde Ikastolak bere sorreraz geroztik lortu gura izan duena, bertara hurbiltzen den edonork “parte dela sentitzea”: “Ateak denontzat zabalik daude, denak dira ongietorriak”.
Herriak berak ikastola sortu eta zabaldu zuenetik ia 60 urte igaro diren honetan, “komunitatea” eratzea lortu dutela esaterik bada, asko direlako “etxekotasun sentimenduagaz bat” egin duten herritarrak: “Herritik gatoz, herritarrek sortutakoak gara, eta herritarrentzako gaude”. Ikasle, langile, familia edo herritar legez bertatik igaro direnek EI Familia osatzen dute, eta familiek norbere etxea zaintzen duten moduan zaintzen dute denek ikastola.
“Eleizalde Ikastola gure etxea da, guk zaindu behar dugu”. Agindua baino, ikastolako bazkideek —ikastola Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioko kide da— barneratua duten ideia da. Horren isla da, esaterako, urtarrilean zabaldu zen auzolanerako deialdiak izan zuen “erantzun arrakastatsua”. “Auzolana egin genuen, eta garena ondo islatzen duela uste dugu”.
Aurtengoa ez da EI Familia auzolanean batu den lehen aldia izan, baina bai duela pare bat urte “galdutako zerbait” berreskuratzeko lehen pausoa; izan ere, “ohitura berreskuratu” dute, denboran zehar “jarraipena” emango dioten zuhurtziagaz. Izan ere, ikastola osatzen duten “eragile ezberdinetako” 60 lagunetik gora bildu ziren, auzolanean jarduteko.
Etxea zaindu eta laguntzera hurbildu ziren langile, familia, ikasle ohi, familia ohi eta langile ohiak: “Inausketa lanak egin genituen, haur eskolako sarrera margotu genuen, pintadak kendu, inguru berdea txukundu, negutegia berritu… Ikastola egon ginenona, gaudenona eta etorriko direnena da, denon etxea, eta horrela zaintzen dugu”.
Bai auzolana, bai egunerokotasuna “elkarrekin” egitea da Eleizalde Ikastolaren ezaugarri nagusietako bat: “Eleizalde Ikastola elkarlanean egiten den proiektu bateratua da, eta sinisten dugulako egiten dugu“. Izan ere, bat eginda aurrera egitea posible dela defendatzen dute: “Gainera, horrelako erantzuna ikusteak gauza gehiago egitera bultzatzen gaitu”.
Ikastolako atzoko, gaurko edota biharko erabiltzaile edota bazkide ez-erabiltzaileen arteko lankidetza “etengabea eta irabazi asmorik gabekoa” baldin bada ere, batzuetan lana saritu egin behar izaten da. EI Familiaren kasuan, auzolanari amaiera mahai inguruan eman zioten, ikastolako jangelan.

Jantokitik jangelarako trantsizioa egin da.Eleizalde Ikastola
Izan ere, urte luzez Eleizaldekoa jantokia izan da, hau da, ikasleek jateko espazio hutsa. Lanketa baten ostean, berriz, “jantokitik jangelara salto” egin dute, eta espazio hori jateaz gain, “hezten jarraitzeko” espazio bihurtu dute. Gainera, erabiltzaileak “erososoago eta etxekoago” sentitu daitezen zenbait lan egin dituzte, hala nola, lurzoru eta zoru aldaketak edota zarata murrizteko zenbait lan.
Horrez gain, zentroko jangela “txoko moduan” erabiltzen jarraitzen dute. Hau da, Eleizalde Ikastolako “edozein erabiltzailek” jangela alokatzeko aukera du, txokolatadak edo bestelakoak egiteko: “Bakoitzak euro bat ordaitzen du eta jangela zabaldu egiten da, EI Txokoa bihurtuz”. Bertan ospatu zuten, esaterako, auzolanaren egunean egindako lana, egun guztian zehar lanean aritu ostean EI Txokoan mondxorran elkartuta.

Rexcatering sareagaz bat egin zuen ikastolak iaz.Eleizalde Ikastola
Herritarrentzat ekimen solidarioak.
Etxe guztietan bezala, jangelan ere elikagaien soberakinak sortzen dira. Horiek berreskuratzeko asmoz, duela urtebete Rexcatering sareagaz bat egin zuen ikastolak, Busturialdean horrelako proiektua ezartzen aintzidaria izanik. Izan ere, elikagai-hondakinen kontrako eta ekonomia zirkularreko proiektuetan aitzindari bilakatu zen zentroa.
Geroztik, sortzen dituzten elikagai soberakinak “herritarren esku” jartzen dituzte, doan, kiroldegiaren kanpoaldean kokatutako Zero Zabor Hozkailua izeneko salmenta automatikoko makina batean. “Proiektuak hiru helburu nagusi ditu: jasangarritasuna, ikasleek horrelako ekintzetan parte hartu ahal izatea eta elkartasuna; guk soberan duguna behar duen beste batek erabili ahal izatea, inolako kosturik barik”, azaldu zuten makinaren aurkezpenean.
Rexcatering Bermeoko herriari “ekarpen handia” egiten dion “elkartasun proiektua” da, ikasleen “parte hartze aktiboa” sustatzen duena. Zerbitzuagaz, ikastolaren oinarrian dagoen “herritik eta herriarentzat” ideia gazteenei transmititzeko “beste leiho bat” ireki dute.