Itsas ondarea zaindu eta transmititzearen garrantziaz
'Nuevo Anchustegui, Gure Señoriti' erakusketa inauguratu dute Arrantzaleen Museoan. Ondarroako 'Nuevo Anchustegui' ontziaren istorioa kontatzen duen erakusketa uztailaren 6ra arte ikusi ahalko da.

Euskal Herriko baxurako arrantza tradizionalaren garapenaren ordezkari eta ondare material garrantzitsua da Nuevo Anchustegi, 1958an Ondarroako Antxustegi-Badiola familiak eraikitako ontzia. Horregatik, Bermeoko Arrantzale Museoak bertan bizi eta lan egin zuten pertsonen “lekukotasun eta esperientzietan” murgiltzera gonbidatzen duen Nuevo Anchustegi, Gure Señoriti aldi baterako erakusketa hartuko du. Atzo inauguratu zuten, eta bertaratu zirenek ontziaren historia eta xehetasunak Juan Antonio Apraiz erakusketaren koordinatzaile eta histozale bermeotarraren eskutik ezagutzeko aukera eduki zuten. Erakusketa uztailaren 6ra bitartean bisitatu ahal izango da.
“Ez dugu itsasoari lotutako ia ondarerik, itsasoari lepoa emanda bizi gara. Gure Señoriti da horren adibide on bat, neurri batean Euskal Herrian dugun ontzi handiena da, eta 1958koa da”, hasi zuen aurkezpena Apraizek. Ondarea “zaindu eta transmititu” egin behar dela, eta ontzietan ondare materiala —ontzia eta hori osatzen duten elementuak— egoteaz gain, ondare inmateriala ere badagoela aldarrikatu zuen: “Bertan hainbat pertsona bizi izan dira, urte guztian zehar, urte luzez; jende asko egon da inplikatuta, eta beraien bizimoduak ere batu egin behar dira, ezagutu egin behar dira”.
Ondarroako biztanle gehienak bezala, antxustegitarrak eta badiolatarrak arrantzarekin lotuta zeuden, zehazkiago, baxurako arrantzarekin, eta bi familiak portu berean bizi ziren, “kresalak ia-ia estalitako eraikinean”. 1897ko Gabon gauean jaio zen Juan Antxustegi, Simon Antxustegi eta Gozoa Badiolaren semea. Bi urte beranguado jaio zen Dominika Badiola, Cecilio Badiola eta Rufina Etxaburren alaba. Bikotea 1922an ezkondu zen, “hainbat belaunalditan itsasoari lotutako familia osatuz”. “Ensanchean, San Pedro Kofradiaren eraikin zaharberrituan finkatu zuten familiaren egoitza”, azpimarratu zuen Apraizek. Bost seme-alaba izan zituzten: Jon, Miren Arantza, Ixidor, Miren Biotza Euzkadi eta Sabin Mirena.
Erbesteratuta.
Familia “oso nazionalista” zen, eta 1936ko kolpe militarraren ondorioz Dominikak, bost seme-alaba eta bere ahizparekin batera, Ondarroatik ihes egin behar izan zuen. Erakusketak familia Ondarrotik alde egin eta Lekeitiora iritsi zireneko argazkia biltzen duen arren, Frantzian erbesteratu ziren. “Gizonak ontzian joan ziren, eta zuzenean Iparraldera joateko arazoak egongo zirela uste zutenez, Asturias aldera jo zuten, goitik joateko”, zehaztu zuen komisarioak. Bidean baina, Almirante Cervera gurutzaontziak harrapatu zuen ontzia, eta kartzelaratu egin zituzten. Ontzia, berriz, konfiskatu egin zioten: “Zortea izan zuten, konsfiskatzean Yeregui fabrikak ordaindu ez ziotela eta ontzia beraiena zela esan, eta jabetzan hartu zuen”. Gerra amaituta, familia guztia Ondarroara itzuli zen, eta Yereguik berriro itzuli zien ontzia.
Badiolatarrek zein antxustegitarrek ontziak zituzten jabetzan, eta seme-alabak ezkontzean, Juan Antxustegi Badiola ontzian lanean hasi zen, sugin bezala. Denborak aurrera egin ahala, ontzi berri baten “enkargua” egin zuten, baina azkenengo momentuan Lekeition “jabeak nahi ez zuen” Castro-Urdiales izeneko ontzi bat zegoenaren berri izan zuten. “Hori hartu, aprobetxatu eta Antxustegi izena jarri zioten”. Sasoi batean “aldi berean, bi ontzi” izan zituzten: aita eta seme bat egoten batean, eta beste bi semeak bestean. “Bapore biekin aritu ziren, eta Badiola zahartu zenean, saldu, eta bestearekin jarraitu zuten”.
Baxurako arrantzaren mundua, baina, aldatzen zebilen, “teknika eta material berrien agerpenaren ondorioz”: tunidoak harrapatzeko sistema berriek (kainaberaz), motor indartsuagoek, eta “komunikazioan eta elektronikan” egindako aurrerapenek “ikuspegi berriak” zabaldu zituzten baxurako flotetn, hala nola arrantza leku urrunagoak edota urte osoan zehar arrantzatzeko aukera. Familiak, Juan Anchustegiren mugen jakitun, 1956an ontzi berria enkargatu zuen. Ontzia muntatzeko garaian esaten zen Yereguiren motorrak “zahar” geldituta zeudela, baina Juanek “zor morala” zuela uste zuen: “Bai ala bai Yerenguin muntatzeko erabakia hartu zuen. Entzuna daukat semeak ez zirela guztiz ados egon, gauza modernoagoak zeudelako, baina hala egin zuten”. Gure Señoriti “sasoirako ondo preparatutako” ontzia zen, eta hamasei lagunera arte hartzen zituen: “Familia ontzia zen”.
Laguntasuna.
Garai hartan “arrantzaleen arteko laguntasuna” ohikoa zela azaldu zuen Apraizek, adibide bat emanez: “Lau egun pasatxoko ibilbidean, matxura zuen ontzi bat atzealdean ekarri zuten Antxustegik eta beste batek. Antzinako gauzak, gaur ere egiten badira ere, debekatuta dagoelako”. Izan ere, arrantza ontzi batek ezin du beste ontzi bat atzekaldean ekarri, “atoiontzia joan behar da”.
Ontziak “eboluzioa” izan zuen: hasiera batean “hiru mastagaz” aritzen zen, eta azkenean “ia urte guztian” sareekin ibiltzeko geratu zen. Portu guztietan gertatu bezala, lana ez zen portura iristean bukatzen: “Ontziak portura heldu, deskargatu eta norbaitek prestatu behar zituen, elikagaiak eraman etabar. Neskatilek eta sareginek hartzen zuten erreleboa”.
Urteek aurrera egiteagaz batera, Antxustegi familiako kideek bide ezberdinak hartu zituzten, eta ontzia portuan lotu zuten. 1997an Antxustegi-Badiola familiak Itsasmuseumari dohaintzan eman zion ontzia: “Ondarrutik nabigatu zuen Axpeko kaietan lehorrean mantentzeko, eta azkenean museoan amaitu zuen”. Dikean “hamar bat urte” igaro eta gero, Gure Señoritik “degradazio maila handia” zuen; izan ere, aurretiazko esku hartze “desegokiak” eta dikearen “muturreko baldintzek” zailagotu egin zuten kontserbazioa; esaterako, hezetgasun maila handiak eta tenperatura altuak “usteltze-onddoentzat haztegi” izan ziren.
Egoera horren aurrean, askok ontzia “berreskuraezina” zela esaten zuten: “Baja eman eta erakusketa kentzeko proposamena egin zen”, gogoratu zuen historiazaleak. Une horretan, 203tik 2016ra bitartean, Antxustegi-Badiola familiak “mugimendu sozial bat” bultzatu zuen, “erakunde batzuen, komunikabideen eta itsas ondarearekin zerikusia zuten partikular eta elkarteen laguntza jasoz”.
Hala, 2016an “beste berreskuratze-proposamen batzuk” aztertu eta Itsasmuseumek, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, Erain sortzearen aldeko “apustua” egin zuen, hau da,”Bizkaiko erriberako arotzeriako lanen ezagutzako gunea”. Proiektuaren oniritziarekin, Nuevo Anchustegui “osorik leheneratzeari” ekin zioten. Zaharberritzea egiteko, baina, “hiru oinarri” jarritzen ari dira: ondare-objetuetan esku hartzeko irizpideak errespetatzea, erabakiak diziplina anitzeko kontsulta-talde batean hartzea eta boluntarioen parte-hartzea.














































