Busturiako Udalak 2.188.566,33 euroko aurrekontu "errealista eta arduratsua" onartu du
EAJko udal gobernu-taldeak epe labur, ertain eta luzean "aurrera" egiten jarraitzeko aukera emongo duen "kudeaketa garatzeko baliabideak" aurreikusi dituela azaldu du Aitor Aretxaga Busturiko alkateak. EH Bilduk kontrako botoa eman zuen.

Busturiko Udalak 2025. urterako 2.188.566,33 euroko aurrentua onartu du, EAJren aldeko botoekin. 203.159,97 euroko inbertsio erreala agertzen da, herritarren “egunerokotasuna hobetzeko, Busturia guztiontzako leku irisgarri bihurtzeko eta zerbitzuak bermatzeko”. EH Bilduk kontra bozkatu du.
Azken urteetan udalaren diru-sarreren zati bat “oinordetzan hartutako” udal-zorra kitatzeko erabili dutela gogoratu dute udal gobernu taldetik: “Udal saneatuagaz, 2025erako aurrekontuan epe labur, ertain eta luzean gure ibilbidean aurrera egiten jarraitzeko aukera emango digun kudeaketa bat garatzeko baliabideak aurreikusi ditugu”. Aitor Aretxaga Busturiko alkateak zehaztu duenez, onartutako aurrekontuak bat datoz programan proposatu zuten “garapen-ildoagaz” eta Busturiko bizilagunek helarazi dizkietan “behar eta asmoekin”.
Aretxagak aurrekontua “arduraz” diseinatu dutela azpimarratu du, “benetako hobekuntzak” lortze bidean: “Beste behin ere, zerbitzu publikoen funtzionamendu eraginkorra, sare sozioekonomikoa, kulturala, eta asoziatiboa indartzea eta gure azpiegiturak modernizatzeko beharrezkoak diren inbertsioak bultzatzea izan ditugu helburu”. Modu horretan, Busturia eta busturiarren “bizitza hobetzen jarraitzeko konpromisoa” hartu dutela berretsi du, “bizilagunak kontutan hartuta eta inor atzean utzi barik”. Aurrekontu “errealista era ardutatsua” dela nabarmendu du, inbertsio “praktiko eta beharrezkoak” biltzen dituena.
Hirigintza atseginagoa.
Aurrekontuko diru-sail nabarmenetako bat “azpiegiturak hobetzera” bideratuko da. Zati handi bat San Krisitobaleko biribilgunearen Altamira alderako adarra eraikitzera bideratuko da: 175.935 euro. Zenbateko hori 2024ko ekitalditik datozen 108.451,43 eurorekin, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura Sailak emandako 550.000 eurorekin osatuko dela aurreratu dute. San Kristobal auzoko udal espaloiak konpontzera, berriz, 104.000 euro bideratuko dituzte: “Bai obra horrek, bai Altamirako obra berria eraikitzea funtsezkoak dira mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, segurtasuna bermatzeko, San Kristobal auzoari hirigintza atseginagoa emateako eta gure udalerriko puntu garrantzitsuenetako batean bizi kalitatea handitzeko”, azaldu du alkateak.
Era berean, 30.224 euro kaleak asfaltatzeko eta landa-bideak konpontzeko erabiliko dituztela iragarri dute, “udalerriko azpiegiturak egoera onean daudela eta herritar guztientzat irisgarriak direla ziurtatuz”.
Gehien behar dutenak zaintzea “lehentasuna” dela adierazi dute udaletik, eta horregatik, 71.948 euro bideratuko dituzte Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera. Urremendi Busturialdeko Landa Garapen Elkarterako, bestalde, 14.712 euroko diru-saila aurreikusi dute, “udalerrian eta eskualde osoan egiten diren proiektuetarako”.
“Nortasuna hazi eta garatu”.
Euskara da aurrekontuaren beste puntu esanguratsuenetariko bat. Izan ere, “euskararen erabileraren normalizazioa” sustatzen duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitaterako —UEMA— 8.282 euroko partida onartu dute. Horrez gain, 30.000 euro bideratuko dituzte euskara sustatzeko tokiko planera.
“Esparru soziokulturalean gure nortasuna hazi eta garatu egiten da; jarduera hauek zaindu eta sustatzen laguntzeak elkartu egiten gaitu eta garen komunitatean dugun bizikidetza aberasten du”, nabarmendu du Aretxagak. Horregatik, 90.000 euroko diru-saila aurreikusi dute jarduera soziokultural eta jaietarako. Era berean, 2025. urtean “memoria historikoaren ikertari eta hedapenari jarraipena” emango diotela iragarri du, 20.000 euroko diru-sailagaz: “Etorkizuna eraikitzeko atzera begiratzea funtsezkoa da”. Diru kantitate bera aurreikusi dute “berdintasun arloan aurrera” egiten jarraitzeko. Nabarmendu dutenez, “gizarte bidezkoagoa” pertsona ororen eskubidea da, eta “hori beti dago udalaren ekimen bakoitzaren azpian dauden oinarrizko erantzukizunen artean”.
Biodibertsitatearen sustapena.
Ingurumenari dagokionez, hasierako aurrekontuak 8.000 euroko diru-saila aurreikusten du. Horrez gain, beste 3.447 euro bideratuko dituzte Mape ibaiaren uholde-arriskuei aurre egiteko neurriak identifikatzeko azterlan bat egitera. Gogoratu dutenez, eremu horretan “erabilgarritasuna arintzeko” Eraginkortasun Energetikoaren Plana idaztea abiarazi zuten iaz, besteak beste udal kutxetan “gastu txikiagoa” eta Busturiko bizilaguntzat onurak ekarri ditzaketen “energia aurrezteko neurriak hartu ta ekintzak egiteko “beharrezkoa den ibilbide-orria” osatzeko.
Era berean, Mape ibaiaren ingurua leheneratuko dute, Alarbin parean “paisaia hobetuz, biodibertsitatea sustatuz eta bizilagunentzako gune irisgarriagoa eta atseginagoa” sortuz. Aretxagak azpimarratu duenez, jarduera horiek “ingurune naturala babestea, erabilera jasangarria bultzatzea eta Busturiko ondare etnografikoa babestea” dute helburu.
2025. urterako onartu duten aurrekontuak udal langileen “profil profesionaletan oinarritutako soldata eguneratzea” ere barne hartzen dute: “Administratzaile laguntzaileak administrazaile kategoriara igo dira, eta peoien lana ere baloratu da, hauen maila igoz”. Hobekuntza horiek soldata igoera dakartela zehaztu dute, neurri horren helburua lan-baldintzak hobetu, profesionalen lana aitortu eta “langileak profesionalki duintzea” dela nabarmenduta.
Busturirako “funtsezko inbertsioak” egiten jarraitzeko, udala bai “beste administrazio publiko batzuekin”, bai Bizkaiko Foru Aldundiarekin “ondo ulertzearen garrantzia” azpimarratu du Aretxagak.