Jasangarritasunarekiko eta irisgarritasunarekiko apustua indartu du Urremendik, Fitur azokan
Urdaibai turismo-helmuga arduratsu gisa sendotzeko helburuagaz, jasangarritasunaren aldeko konpromisoa berretsi eta mendi-ibilien eta zikloturismoaren "eskaintza indartsuan" jarri du fokua Urremendi Busturialdeko Landa Garapen Elkarteak. Helmugan irisgarritasuna hobetzeari dagokionez 2024an zehar aurrera egin zutela nabarmendu dute.
Urdaibaiko turismo-kudeaketaren ardura duen Urremendi Busturialdeko Landa Garapen Elkarteko ordezkariak FITUR Nazioarteko Turismo Azokaren 45. aldian dira egunotan, Madrilen. Aurtengoan “jasangarritasunean eta irisgarritasunean” jarri dute fokua, “Urdaibai turismo-helmuga arduratsu gisa sendotzeko” helburuagaz.
Atzo [urtarrilak 22] zabaldu zituen ateak azokak, eta domekara arte [urtarrilak 26] egongo da zabalik, Ifeman. Bertan dira, Ager Lejarreta eta Aitziber Ansotegi Urremendiko LGEko presidentea eta gerentea, eskualdeko enpresa eta elkarte turistikoetako ordezkariekin batera, eta aurkezpen, bilera eta topaketa profesional ezberdinetan parte hartzen ari dira, beste turismo-eragile batzuekin “lankidetza sendotzeko”.
Jasangarritasunaren eta ingurua errespetatzen duen turismoaren aldeko apustu horretan, Urdaibaik “mendi-ibilien eta zikloturismoaren eskaintza indartsua” dio protagonismoa azokan. Azaldu dutenez, jarduera horiek lurraldeaz gozatzea sustatu eta “turismoa desestazionalizatzea” bilatzen dute.
“Turismo jasangarriarekin dugun konpromisoa berresten dugu, FITURren mendi-ibiliak eta zikloturismoa uztartzen dituen eskaintza aurkeztean”, adierazi du Ansotegik. Elkartearen nahia Urdaibai bisitatzen dutenek “eskualdeko aberastasun naturala eta kulturala” ezagutzea dela gehitu du, eta horretarako, jarduera horiekin Urdaibain urte osoan zehar “esperientzia ahaztezinak” eskaintzen direla erakutsi gura dute.
Jarduera eskaintza.
Jarduera eskaintzei dagokienez, mendi-ibilien barruan bi motatakoak bereizi dituzte: ibilbide luzeak eta ibilbide laburrak. Ibilbide luzeen barruan —GR ikurrez adierazita—, Urdaibain GR 38 ardoaren eta arrainaren ibilbideko bi egin daitezkeela nabarmendu dute: “Mandaizek Arabat Errioxako ardoa kostaldera eramateko eta arrainez kargatuta itzultzeko erabiltzen zituzten antzinako bideetan zehar ibili daiteke”.
Ibilbide motzagoei dagokienez —PR—, berriz, “paisaiaren edertasuna eta eskualdeko ondare kultural aberatsa” ezagutzeko aukera ematen duten “10 bidexken sarea” azpimarratu dute, Santiago bidearen bi etapak Urdaibai zeharkatzen dutela gogoratzeagaz batera.
Zikloturismoa, bestalde, txoko ezberdinak ezagutzeko modu “dibertigarria, osasungarria eta jasangarria” da, eta biosfera erreserba zeharkatzeko “adin, gustu eta maila guztietako jendearentzako ibilbideak” daude. Era berean, “bike friendly” ostatuak, txirrindularitza zerbitzuetarako enpresak eta bizikletak konpontzeko guneak ere badaudela zehaztu dute, “eskualdeko hainbat puntutan banatuta”: “Ibilbide, modalitate eta zerbitzu hauek guztiek Urdaibai urteko egun guztietan gozatu daitekeen paradisu zikloturista bihurtzen dute”.
Turismo birsortzailea.
Turismoaren ikuspegi “berritzaile eta jasangarria” da turismo birsortzailea, eta bere helburuen artean ditu helmugetako inpaktu negatiboak minimizatzea, ingurunea, tokiko komunitateak eta ekosistemak hobetuko dituen “inpaktu positiboa sortzea”. Turismo jasangarriaz haratago doan kontzeptua dela zehaztu dute, “baliabide naturalak eta kulturalak birsortzea, lehengoratzea eta biziberritzea bilatzen baitu”.
Turismo eredu horri buruzko formakuntza osatu izanaren ziurtagiria jaso zuen Turismo Urdaibaik atzo, FITURen inaugurazio jardunaldian. Adierazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako formakuntza “turismo-eredu jasangarriagoa eta kontzienteagoa sustatzeko konpromisoaren adierazgarri” da. Eider Ormaetxea Turismoko teknikariak jaso zuen diploma, Sonia Perez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatuaren eskutik.
Helmuga irisgarriagoa.
Urdaibai Helmuga Turistiko Adimenduaren Sareko —DTI— kide dela azpimarratu dute, hori “helmuga eraldatzeko eskualdearen apustuaren erakusle” dela nabarmenduta. Ildo hori jorratzeko, DTI metodologia ezarri dute. Bide horretan, Urremendik “hainbat ekintza” egin zituen iaz —bukle magnetikoak eta Bermeo, Gernika-Lumo eta Mundakako turismo bulegoetan eskuragarri dauden mapa turistiko irisgarriak, esaterako—, Urdaibai “helmuga irisgarriago bihurtzeko” helburuagaz: “Aurrerapen hauek Urdaibai DIT gisa posizionatzea indartzen dute”.
“Lanean ari gara Urdaibai helmuga irisgarria izan dadin. Gure helburua edonork Urdaibai ezagutu eta gozatu ahal izatea da oztoporik gabe, egokitutako zerbitzuekin eta eskaintza inklusiboarekin”, adierazi du Lejarretak. Azaldu duenez, turismo-mapa irisgarria “urrats bat da”, inklusioarekin duten “konpromisoa berresten” duena. “Helmuga Turistiko Adimendunen Sareko kide izateak berritzen jarraitzera bultzatzen gaitu, kalitatezko esperientzia turistiko irisgarriak eta integratzaileak eskaintzeko, betiere Urdaibaiko jasangarritasun eta bikaintasun balioekin lerrokatuta”, gehitu du.
Era berean, Turismo Urdaibai webgunea berritu dutela gogoratu dute, eskuladea “modu dinamiko eta errazean ezagutzeko espazio digital moderno bat” sortuta. Halaber, Urdaibai Biosfera Erreserbak 2021ean, Euskadiko helmuga turistiko jasangarri gisa Europarc Federazioaren Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari (CETS) atxikitzeko ziurtagiria lortu zuela nabarmendu dute: “Urdaibai aitzindari bihurtu zen Euskadiko helmuga turistiko jasangarri gisa”. Gaur egun, Urdaibaiko 40 enpresak baino gehiagok egin dute bat gutunarekin, eta Urremenditik adierazi dutenez, hori “tokiko garapena eta ingurunearen zaintza sustatzen dituen turismo-eredu
orekatu batekiko konpromiso kolektiboaren isla” da. Zehaztu dutenez, ekimen horiek eskualdeko turismo-enpresen, elkarteen eta erakundeen laguntza aktiborik gabe egitea ez zen posible izango.