80 pertsona inguru elkartu dira Ariatzako baso landaketan
Domekan [urtarrilak 19] Allende Salazar ikastetxeko mendi taldeak BaSOS elkarteagaz batera osatu zuten baso landaketa.
Busturialdeko basoak Euskal Herriko zuhaitzez landatzeko aukera paregabeaz gozatu ahal izan zuten 80 pertsona inguruk domekan [urtarrilak 19]. Izan ere, BaSOS elkarteak eta Allende Salazarreko Mendi Taldeak zuhaitz landaketa egin zuten, Muxikako Ariatza auzoan. Gaur egun basoak kudeatzen diren eredutik aldentzeko helburuari jarraituz, BaSOS elkarteak aretxak, gereziondoak, urkiak edota lizarrak landatzen ari da gune horretan. Domekan 300 zuhaitz inguru landatu zituzten, gutxi gorabehera hektarea erdi hartungo dutenak.
Izugarritzat jo dute BaSOSetik baso landaketa. “Hotza eta basa ez ziren aitzakia izan lan egiteko, ume zein nagusi talde ederra osatu genuen”, adierazi dute. Hain zuzen ere, giro ona nabarmendu dute eta txikienek erakutsitako “gogo eta ilusioagaz” geratu ziren: “Helburuak beteta oso pozik amaitu genuen”. Aurreratu dutenez, otsailaren 9an Barrutialde ikastetxekoekin egingo dute baso landaketa.
Elkartetik azaldu dutenez, Busturialdeko lurzoruaren %70 dago zuhaitzez eztaliaz. Zuhaitz horien hiru laurden kanpotik ekarritako espeziek osatzen dute, eta egoera horri buelta ematea dauka helburutzat BaSOSek. Izan ere, gaur egungo basoak “monokultibora bideratuta” daudela salatu, eta hori aldatzea posible dela aldarrikatu dute.
Elkartetik “oso beharrezkoa” ikusten dute umeekin lan egitea. Izan ere, gaur egungo gizartea ingurugiroagaz “erabat deskonektatuta” dagoela sentitzen dute, eta “gure etorkizuna” diren umeei kontzientzia piztea bilatzen dute. “Nagusien artean, gutxi dira ingurugiroarekiko interesa erakusten dutenak. Ba, pentsa umeen artean zenbat izango diren… askoz gutxiago! Guk argi dugu beraiek direla gure etorkizuna, eta balio horiek transmititu nahi dizkiegu. Inguruan dutenaz arduratu daitezen bilatzen dugu. Hau da, inguruko zuhaitzak zeintzuk diren ezagutzea, animaliak identifikatzea…”, aldarrikatu dute BaSOSekoek.