Herriak bat egiten duenean
Busturiarren artean "ilusio puntu bat" sortu du Busturia Ur-Zelai Futbol Klubak; gurasoen arduratik sortu zen kluba iaz, eta urtebete beranduago hiru talde eta 300 bazkide baino gehiago ditu.
Fanatikoentzako egindako ikuskizuna, kirolaren eta zaletasunaren izenean, epe motzean, pertsonen onena eta txarrena ateratzeko gaitasuna duen parafernalia da futbola askorentzat. Bizitzeko, jolasean hazi eta hezteko, sozializatzeko eta kirola egin zein ikusiz gozatzeko aukera ere bada beste horrenbesterentzat. Hain zuzen ere, bigarren multzo horren ezaugarrietan sinisten duen guraso talde batek bultzatuta sortu zen iaz Busturia Ur-Zelai Futbol Kluba.
“Futbola futbola da, baina umeak umeak dira”. Pentsamendu horri jarraituz erabaki zuen Busturiko guraso talde batek talde berri bat sortu beharra zegoela. Izan ere, beraien seme-alabak Urdaibai Futbol Taldean jokatzen zuten, baina azken urteetan “deseroso” sentitzen hasi ziren, bai umeak, bai gurasoak. Orduan, guraso-elkarte bezala antolatzen hasi, eta Lehen Hezkuntzako 4. mailara artekoek Gernika-Lumoko eskolekin batera, ligaxka batean parte hartu zuten. Bosgarren eta seigarren mailakoak ere kudeatu nahi zituzten, baina horiek belarra behar zuten jokatzeko.
Udalarekin harremanetan jarri ziren zelaia erabiltzeko eskumena eskatzeko, baina ezezkoa jaso zuten: “Kosta departamentua zelaia kentzearen atzetik zebilela esan ziguten; baimena klub bati kendu eta guraso elkarte bati ematean, zelaia kendu eta padura berreskuratzen sartuko ote ziren beldurra zutela”. 2024. urtean baina, “hiru eskuko akordioa” lortu zuten, Busturiko Udalak, Urdaibai FTk eta guraso elkarteak: “Urdaibairen izenpean jokatuko genuela adostu zen, baina guraso talde batek eramango zuela kudeaketaren gehiengoa, entrenatzaileak aukeratu eta abar. Mugitzen hasi ginen, eta oso ondo funtzionatu zuen”.
Hala ere, Urdaibairen aldetik “ezer” lortzen ez zutela ikusita, udaletxetik proposamen bat iritsi zitzaien: klub bat sortuz gero, zelaia erabiltzeko baimena emango zietela esan zieten: “Hor sartu ginen, umeak herrian gelditu ahal izateko”.
Herriko taldearen berpiztea. Ur-Zelai ez da udalerriak izan duen lehen taldea. 1980. urtean sortu zen Busturia Kirol Taldea eta bi urte beranduago hasi ziren Itxas-Adarren jokatzen. Duela “hamar urte inguru” baina, zelaiko argiak itzali egin ziren, eta Ur-Zelairen jaiotzak piztu ditu berriro. Klubaren sorreragaz, “Busturiko taldea berpiztea” zen helburua, baina ezin izan diote izen bera jarri: “Desagertu zenean, klubaren lizentzia saldu zen, eta ezin da berriro erabili”.
Argi zuten izenak aurretik herriarena eramango zuela, “identitatea” mantendu nahi zutelako. “Imajinazioagaz eta presioagaz” aritu ziren izen aukeraketan, kluba “astebeteko epean” sortu zutelako: “Izenak buruko min handia eman zigun; Urdaibai ezin zen izan, Itxas-Adar ere ez, antzeko talde bat dagoelako, eskola Jose Maria Uzelai denez, Uzelai ipintzea pentsatu genuen, baina abizena denez, azkenean ez jartzea erabaki genuen… Bost mila buelta eman genituen, eta ez genuen izenik lortzen”. Halako batean, Ur-Zelai otu zitzaion norbaiti, “Uzelairekin lotuta dago, eta hau padura bat denez, ura egoten da”. Hitz-jokoa bozketara eraman eta aurrera jo zuten. “Jendeari gustatu zaio”.
Izen ezberdinarekin bada ere, urte luzez itzalita egon den sua pizteko bidean da Ur-Zelai. Horrela azaldu zuen Mikel Retozala Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAko zutabegile busturiarrak: Behin sua egon zen lekuan errautsak geratzen dira luzaroan. Errautsetatik sortu den txispa hori laster bilakatuko da sute berriz, gauzak ondo egiten baitabiltza. Gauzak ondo egite horren isla da gazteek proiektuarekiko erakutsi duten “ilusioa” eta parte izateko nahia: “Umeen entrenatzaileetako bik galdetu ziguten ea erregional mailako talde bat ateratzeko prest geunden”. Hori, bai diruagatik, bai lan kargagatik, “beste maila bateko erronka” zen taldeko kudeatzaileentzat, baina gazteak “hain emozionatuta” ikusteak probatzera animatu zituen.
Etxeko jokalariak. Urtebete beranduago, hiru taldek osatzen dute Ur-Zelai: kimu mailako bik eta erregional mailako batek, eta denetan “herriko jokalari asko” daude. Hala ere, handik eta hemendik datozen jokalariak ere ongi etorriak dira: “Txikiekin astebeteko campus txiki bat egiten dugu ekainean, eta ondorioz, jendea Gernikatik, Bermeotik, Mundakatik… etortzen hasi da”. Nagusiei dagokionez, beraien esku geratu zen jokalari eta entrenatzaileak aurkitzea; “17 edo 18” herrikoak dira, eta gainontzekoak, beraiek ezagutzen zituzten jokalariak.
Kimu mailan taldeak mistoak dira, baina futbolean emakumeentzat “aukera oso gutxi” zeudela ikusita, taldea osatzeko deialdia zabaldu zuten, eta bederatzi neskak eman zuten izena, taldea osatzeko gutxiegik: “Ezin genuen taldea sortu eta Lumo ere taldea sortu nahian zebilela jakin genuenean, harremanetan jarri ginen. Baiezkoa eman ziguten, baina bertako neskek Urbietan jokatu nahi zutenez, gurekin harremanetan jarri ziren neskei Lumoko kontaktua eman genien”. Azken batean, helburua jokatzeko “aukera bat” ematea zen.
Erantzun “oso ona”. Herriak eta herritarrek ongi etorri beroa eman diote klubari. Nagusien taldeak, baina, dirua behar zuen, eta hori lortzeko, txosnetan pentsatu zuten. Itxas-Adarren partiduak erosteko sarrera ordaindu behar denez, beranduago “bazkideak egiteko aukera” otu zitzaien. Deialdiak erantzun “oso ona” izan zuen: 200 bazkideko helburua zuten, eta “300 baino gehiago” dituzte. Uste dute herrian “ilusio puntu bat” sortu dela: “Herriari beste zerbait egiteko aukera zabaldu zaio”. Bazkide izan nahi duenak urte guztian du horretarako aukera, 20 euroren trukean. Udalak ere “piloa” lagundu die, besteak beste, zelaia konpontzen. Inguruko tabernetatik ere ekarpenak jaso dituzte: “Laguntza oso ondo etorri zaigu, bestela ezingo genuke guzti hau egin”. Umeak “pozik” daude, gurasoak ere bai, eta erregional taldekoak “emozionatuta”.
Itzuli gara gure infernu gogokoenera. Mezu hori zekarren pankartagaz zelairatu ziren Itxas-Adarren jokatu zuten lehen partidan, eta, erantzuna ikusita, agian, zilegi da Busturian Ur-Zelairen sua dagoeneko piztu dela esatea.