Pertsona bat hil da Muxikan ibilgailu batek harrapatuta
Ibilgailuaren gidaria atxilotu du Ertzaintzak. Istripua atzo gauean gertatu zen, eta bertaratutako osasun-taldea biktima suspertzen saiatu zen, baina ezin izan zuten suspertu, eta medikuak heriotza baieztatu zuen.
BI-635 errepidean, Muxikan, Gernika-Lumorako norazkoan, ibilgailu batek 66 urteko gizon bat harrapatu zuen atzo [urtarrilak 15], 21:25ak aldera; oso larri zauritu zen, eta ondorioz, hil egin zen. Bertaratutako osasun-taldea biktima suspertzen saiatu zen, baina ezin izan zuten suspertu, eta medikuak heriotza baieztatu zuen. Segurtasun Sailetik emandako informazioaren arabera, Euskotreneko geltokiaren inguruan zegoen oinezkoa ibilgailuak harrapatu zuenean, eta “haren gidariak Gernikako noranzkoan jarraitu zuen, biktimari lagundu gabe”.
Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen gertatutakoa argitzeko, eta Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez, Ertzaintzak atzo gauean atxilotu zuen 32 urteko gidaria, “sorospen-eginbeharra ez betetzearen ustezko delituagatik, istripua eragin ondoren gertakarien lekutik alde egiteagatik”. Istripua gertatu eta bi ordura, Ondarroako ertzain-etxera joan zen gidaria, eta gertatutakoa aitortu zuen.