Izotz-fabrika Arrantzaleen Kofradiaren eraikinera lekualdatzea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Bermeoko portuko izotz-fabrika berria eraikitzeko 2.688.813,11 euroko aurrekontu-kontratua bidali du Europako Batzordera.
Bermeoko portuko izotz-fabrika berria gaur egungo kokapenetik Arrantzaleen Kofradiaren eraikinera, Erroxapeko portu-eremura lekualdatzea da Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordearen asmoa. Eusko Jaurlaritzatik zehaztu dutenez, izotza kargatzeko “lana erraztea” eta arrain-lonja “instalazioetan fabrikatutako material hoztaileagaz hornitzea” dira lekualdaketaren helburu nagusiak.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak fabrika eraikitzeko 2.688.813,11 euroko aurrekontu-kontratua bidali dio Europako Batzordeko Arrantza Zuzendaritza Nagusiari, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
Eraikuntza-enpresen proposamenak otsailaren 17an aztertuko dituztela zehaztu dute. Eta, gero, esleipena egiteko izapide administratiboak amaituta, lanak “sei hilabeteko epean” gauzatuko dira. Azaldu dutenez, proiektu horrek Portua Antolatzeko Plan Orokorrean aurreikusita dagoen “kaiaren eraldaketaren hasiera” suposatuko du.
Bi solairu.
Gainera, fabrika berriko izotza gordetzeko siloak bi solairu izango dituela iragarri dute; batetik, beheko solairuan izotz-plakak biltegiratuko dituzte, eta “makina-gela bat” jarriko da, hotz-konpresoreak eta hotz-koadroak kokatzeko. Lehenego solairuan, bestalde, izotz-zerbitzua kontrolatzeko bulegoa, langileentzako eremua eta “izotza itsasontzietara ateratzeko gune bat” egongo direla adierazi dute. Bestalde, “hozteko bi ekipo” instalatu direla iragarri dute, “izotz-siloa zero azpitik bi gradura mantetzeko”.