Bermeon HHko 2 urteko umeentzako itunpeko plazen gain-eskaintza "bereziki larria" dela salatu dute
Bermeo-San Frantzisko Herri Eskolako Familia Elkarteak egoera konpontzeko "urgentziazko bilera" eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, eta "itunpeko gain-eskaintza murrizketa exijitzeko" kanpaina publikoa abiarazi dute.
Bermeo-San Frantzisko Herri Eskolako Familia Elkarteak Bermeoko Haur Hezkuntzako 2 urteko umeentzako itunpeko plazen gain-eskaintza “bereziki larria” dela salatu du, eta egoera konpontzeko “urgentziazko bilera” eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.
Hezkuntza Legeak —27. artikulua—, ikasleak onartzeko dekretuak, ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideen dekretuak eta 2025-2026ko ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegia eta ikasleak onartzeko jarraibideak finkatzeko 2024ko abenduaren 18ko aginduek ikasgela plazen eskaintzen plangintza “eskolatze behar errealetara” egokitu behar direla zehazten dutela aldarrikatu dute. Era berean, itunpeko ikastola eta ikastetxeetako gain-eskaintza eta “eskola publikoen eskaintza gabezia” saihestu behar direla nabarmendu dute.
Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko itunpeko plazen gain-eskaintza %74koa da Bermeon, “Euskal Herriko segregazio maila altuenetarikoa ekarriz”. Gernika-Lumon %69koa da, eta Zornotzan, berriz, %78koa. Gain-eskaintza horrek eskualdeetako “eskola publiko txikiak husteko joera” indartzen duela zehaztu dute, jaiotza tasen jaitsieraren testuinguruan “ateak ixtera edo haien arteko fusioetara kondenatuak izanda”.
Hiru urteko bi plangintza.
Hezkuntza Legearen negozioazio prozesuan, EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren babesarekin Eusko Legebiltzarrean “2022-2028 seiurtekoa ez hipotekatzeko transakzio-zuzenketa” onartu zela gogoratu dute familia elkartekoek: “Seiurtekoa hiru urteko bi plangintza-zatitan banatu zen”. Lehen hirurtekoak “ikasle zaurgarrien banaketa orekatua” bultzatu eta “segregazioa gutxitzeko” neurriak aplikatuko zirela aurreikusi zuten. 2025eko otsailaren 3ko onarpen-prozesurako eskaintzarekin hasten den bigarren hirurtekotik aurrera, berriz, Hezkuntzaren Euskal Legean ezarritako itunpeko gain-eskaintza murrizteko “plangintza-irizpide orokorrak” ere aintzat hartuko zirela adostu zen.
2025-2026 ikasturtera begira, baina, Haur Hezkuntzako 2 urteko gelarako 98 ume daude Bermeon, eta eskola publikoak 54 plazarako ahalmena du; ondorioz, itunpeko ikastetxeekin 44 plaza itaundu beharko zirela aldarrikatu du guraso elkarteak: “Hau da, hiru gela guztira, eta ez lau; are gutxiago 2024-2025 ikasturtean iturnduta dauzkaten bost gela”.
Gaur egun, Eleizalde Ikastolaren eta Sagrado Corazon Ikastetxearen artean Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako 100 plaza dituzte itunduta, “behar direnen %227“. Bermeo-San Frantzisko Herri Eskolako Familia Elkarteak salatu duenez, HHko 2 urteko umeentzako egungo ituntze mailak HHko 3. mailatik aurrera “4 gela sendotzeko aukera” ematen die horrek itunpeko hezkuntza-zentroei: “92 ume hartzeko aukera, zehazki, eta Lehen Hezkuntzara sartzerako 100 plaza arte heltzeko gaitasuna”. Zehaztu dutenez, horrek udalerriko “eskolatze-premia osoa” bereganatzea suposatzen du, “injustua, ez eraginkorra eta ilegala” izan arren. “Hurrengo ikasturteetarako bigarren zikloko bi gela baino ez dira itundu behar, bat zentro bakoitzeko”, azaldu dute.
Horregatik, Hezkuntza Sailari udalerriko egoera konpontzeko “urgentziazko bilera” eskatzeaz gain, itunpeko gain-eskaintzen “murrizketa exijitzeko” kanpaina publikoa bultzatu dute: “Bi zentroen artean beharrezkoak diren Haur Hezkuntzako 2.mailako hiru gela eta Haur Hezkuntzako 3.mailatik aurrera bi gela baino ez ituntzeko aldarrikatzeko, legeak eta dekretuek agindutakoa aplikatuz”.