Etxean ke-detektagailuak izatearen garrantzia nabarmendu du Herri Babesak
Bermeoko Herri Babesako boluntarioek 241 irteera eta 30 entrenamendu egin zituzten 2024an zehar. Irteera gehienak suteekin lotutakoak izan dira, guztira 43.
Bermeoko Herri Babesak 2024 urteko balantzea egin du, eta taldea osatzen duten boluntarioek guztira 241 interbentzio eta 30 entrenamendu egin zituztela jakinarazi dute. “Mota guztietako interbentzioen kopuruak erakusten du Bermeok, 17.000 biztanle baino gehiago dituen herriak, bere arriskuak eta zailtasunak dituela besteak beste sarbideetan”, azaldu du Jon Ojanguren Herri Babesako koordinatzaileak. Azaldu duenez, azken urteetako balantzeek bermatzen dute hori, “zifrak antzekoak” baitira.
Irteera gehienak suteengatik egin zituzten iaz; guztira 49 egin zituzten, baina horietatik sei alarma faltsuak izan ziren: “Denetariko irteerak izan baditugu ere, aurten suteak izan dira gehienak, batzuk larriak eta beste batzuk arinak. Aurten, gainera, gora egin du zenbakiak”. Izan ere, 2023an baino zazpi irteera gehiago egin zituzten iaz, arrazoi horrengatik.Hala, ke-detektagailuen garrantzian jarri ¡dute fokua.
Herri Babesako koordinatzaileak 1297, 1347an, 1360an, 1422an, 1503an, 1722an, 2013ko apirilaren 11n eta 2016ko otsailaren 29an Bermeok pairatutako suteak gogoratu ditu, “garrantzi gutxiagoko” beste sute batzuk ere izan direla nabarmenduta: “Sute asko izan ditugu; Bermeo askotan suntsitu da ia-ia osorik, bereziki Alde Zaharra“. Azaldu duenez, suteak egotea neurri batean “logikoa” zen, itsasoari lotutako lan eta aroztegi asko zeudelako, eta horrek “arrisku handiko herria” bihurtzen zuen: “Dagoeneko ez gaude itsasoko lanaren menpe, edo ez horrenbeste”.
Hitzaldiak, beharrezkoak.
Suteak ekidite asmoz, “kontzientzia pizteko” hitzaldiak eskaini zituzten iaz, gehien bat jubilatuen kolektiboei zuzenduta, eta aurten tailer kopurua areagotzea espero dute: “Guk taldeek hitzaldiak egiteko eskatzea nahi dugu, beraiei ondo datorkienean; azken finean gure helburua kontzientziazioa indartzea da”. Zehaztu duenez “oinarrizko hitzaldiak” dira, eta ez dute teorian sakontzen: “Oinarrizko tailerrak dira, bestela jendeak ahaztu egiten du entzundakoa. Oinarrizkoa, egunerokotasunean bizi dena eta norbere esku dagoena gogoratzen da, bizia salbatzen lagundu ahal duen hori”.
Prebentzioan lan egiten jarraitze bidean, “ke-detektagailuen garrantzia” nabarmendu du Ojangurenek, “bizitza asko” salbatzen dituztelako: “Etxean lo banago eta sute bat pizten bada, ez dut antzemango, keak loa sakonagoa izatea eragiten duelako. Alarma batzuk jarri behar dira”. Era berean, Bermeoko Herri babesa aholkularitza eskaintzeko prest dagoela azpimarratu du, detektagailuan non kokatu jakiteko. “Diru asko uzten dugu etxetresna elektrikoak erosten, eta ez dugu ke-detektagailuak bezalako tresna sinpleetan inbertitzen, 15 euro inguru balio dutenean”, adierazi du koordinatzaileak.
Herri Babesa “behar den beste” tailer emateko prest dauela azpimarratu du koordinatzaileak: “Nagusi zein gazte, talde guztiei jakinarazi nahi diegu hitzaldiak eskaintzeko prest gaudela, bizitzak salbatzen lagundu ahal duten oinarrizko ezagutzak eskuratu ditzaten”. Izan ere “sute asko sukaldeetan” izan dira, eta hitzaldiek horiek “nola ekidin edo nola erantzun” ikasteko balio dezakete.
Arazoak, Alde Zaharrea.
Instalazio elektrikoek eragindakoak izan ziren iaz boluntarioei buruhauste gehien eragin zizkieten irteerak; 2023an 5 irteera izan ziren, eta iaz 16: “Nahiko arazo izan ditugu instalazio elektrikoekin, batez ere Alde Zaharrean”. Ojangurenek obra bat egin aurretik “instalazio elektrikoak, gasa eta bestelakoak berrikusi” behar direla nabarmendu du, horretarako “udal tekniko bat” egon beharko litzatekela aldarrikatuta: “Instalazio elektriko bat egiten denean, udal tekniko bat egon beharko litzateke ondo dagoela ziurtatzeko. Ezi da izan instalazioak edozein lekutan egotea, eta gaizki daudenak egokitzera behartu beharko lirateke arduradunak”. Herriek dutenaren “kontzientzia hartu” beharko luketela gehitu du koordinatzaileak: “Ezin da lurra altxatu eta udalak kontrolatu gabeko instalazioak egitea onartu”.
Gasak eragiten dituen arazoak “beste kontu bat” dira, normalean banaketa-kaxan ematen direlako: “Gehienetan presioa erregulatzeko bonbak huts egiten duelako deitzen digute, edo makinaren batek hodiren bat apurtu duelako”. Gasari lotutako irteerak hamar izan ziren iaz.
Arriskuan zeuden pertsonak artatzeko, berriz, 29 irteera egin zituzten. Gehiago izan ziren fatxaden erorketengatik egindakoak, guztira 34. “Fatxaden erorketak ditugu eta badakigu horretan kontuan hartu beharreko gauzak daudela. Eguraldi aldaketek, adibidez, material batzuen dilatazioa eragin dezakete. Azkenean, ditugun eraikuntza ditugun bitartean arazoa mantendu egingo da, gora ez badoa”, azaldu du.
Urtean zehar egindako 241 irteerez haratago, 30 entrenamendu ere egin zituztela azpimarratu du. Era berean, Valentziara ere joan zirela gogoratu du, DANAk utzitako kalteak arintzen laguntzera: “Catarrojako Musika eta Kongresuen Jauregia esleitu ziguten eta lurpeko bi garaje solairuetako ura ateratzen aritu ginen. Murgildutako ibilgailuen eta egituren ikuskapenean ere parte hartu genuen”.
Suhiltzaile boluntarioak.
Eusko Jaurlaritzak suhiltzaile funtzionarioaren figura “desagertarazi” duela salatu du Ojangurenek: “Europan suhiltzaile boluntarioek funtzionatzen dute, pila bat daude, eta hemen desagertarazi eta babes zibilera mugatu dute, hau da, itxurak egiteko bakarrik egotea”. Azaldu duenez, suhiltzaile profesionalek 15 minutuko epean iritsi behar dira sute edo bestelako intzidentzia bat dagoenean, baina ez da hala gertatzen: “Gaur egun hori ez da betetzen, ez Orduñan, ez Karrantzan, ez Bermeon. Nola esan dezakete ez dutela suhiltzaile boluntariorik nahi, profesionalek 15 minututik gora tardatzen dituztenean”. Egoera horren aurrean, Herri Babesak Bermeon suhiltzaile profesionalen “laguntza-talde finko bat” jartzea proposatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari; “Ez zitzaien interesatu, garestiegia omen da”.
Era berean, goi karguek hartutako erabakiek “materiala lortzea baldintzatzen” dutela azaldu du: “Suhiltzaileek erabilera denboragatik baztertzen dituztenak ondo etorriko zitzaizkigun, baina ez dago interesik”. Ojangurenen hitzetan, neurri batean enpresek “modu desinteresatuan” egiten dizkieten ekarpenekin egiten dute aurrera. Aste honetan bertan, “anonimotasuna” mantendu nahi duen enpresa pribatu bat jarri da Herri Babesako koordinatzailearekin harremanetan, dohaitzan “ekipamendu autonomo” bat emango dietela jakinarazteko. Boluntarioek beharrezkoa duten ekipamendu horrek 1.200 eta 1.500 euro arteko prezioa du.