Euskal Karabanarako janari-bilketari hasiera eman dio Besaldek
Euskal Karabanaren 21. aldiko janari bilketa gaur [urtarrilak 13] hasi eta urtarrilaren 24an [barikua] bukatuko da. Eskualdeko hezkuntza zentroetan eta Bermeoko San Frantzisko elizako arkupeetan batuko dituzte Saharara bidaltzeko jakiak eta konpresak, eta ekarpen ekonomikoak egiteko aukera ere egongo da.
Beste urte batez, Sahararen Lagunen Elkarteen Federazioak koordinakundeak eta Saharar Ilargi Erdu Gorriakek Sahararen aldeko Euskal Karabana: Piztu Itxaropena antolatu dute. Aurtengoa Euskal Karabanaren 21. aldia izango da, eta Besaldek —Bermeo Sahararen Alde— elkarteak bat egin du, beste behin, dealdiagaz. Hala, gaur [urtarrilak 13] hasi eta urtarrilaren 24a [barikua] bitartean, janari-bilketa egingo dute, “herri sahararrari ahalik eta elikagai kopuru gehiena eramateko”. Elkarteak errefuxiatuen kanpamenduetan dagoen “elikagai falta asetzea” du helburu nagusia.
“Sahararen aldeko Euskal Karabana honek saharar herriari, oro har, eman diezaiokeen laguntza humanitarioa laguntza txiki bat baino ez da, Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetako populazioak behar duen laguntza humanitario guztiaren aldean”, azaldu dute koordinakundetik. Horregatik, Besaldek janari-bilketan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Zehaztu dutenez bilketa Busturialdeko hezkuntza zentroetan egingo da, eta ekarpena egin gura dutenek urtarrilaren 24ra arte izango dute horretarako aukera.
Era berean, hala nahi duenak Bermeoko San Frantzisko eleizako arkupeetan ere egin ahalko du bere ekarpena, kanpainak iraun bitartean bertan egongo baitira Besaldekoak jakiak biltzen, 18:30etatik 20:00etara bitartean. Aurreko urteetan egin bezala, janari-bilketan arroza, egoskariak, pasta, azukrea, atuna oliotan eta sardinak batuko dituzte. Horrez gain, konpresak bidaltzearen garrantzia azpimarratu dute. Halaber, Besaldek ekarpen ekonomikoak egiteko aukera ere eskainiko du: ES62 2095 0314 3091 0499 5077 kontu korrontean egin daitezke.
Besaldek eskualdeko herritar eta udalek Euskal Karabanagaz erakutsi duten “harrera eta eskuzabaltasuna” eskertu ditu. Izan ere, iaz 2.715 kilo jaki bildu ziren Busturialdean. Aurten ere ahalik eta elikagai gehien biltzearen garrantzia azpimarratu dute, “errefuxiatuak bizi daitezen”: “Saharar herriak 50 urte daraatza Aljeriako basamortu latzean Marokok okupatutako euren benetako herrialdera noiz itzuliko itxaroten (Mendebaldeko Sahara”. Zehaztu dutenez, basamortu horretan erakunde ta herriek bidalitako laguntzarekin baino ez dira bizi: “Ez da ezer hazten, ez dago urik, ez elektrizitaterik”. Gainera, irailean Dajla herriko errefuxiatuen kanpamenduan “uholde larriak” izan zirela gehitu dute.
Jaki-bilketa amaitzen denean, urtarrila eta otsaila bitartean, boluntarioek jasotakoak sailkatu eta paketatuko dituzte, eta hainbat erakunde publiko eta pribaturen eta dohaintzetan parte hartu duten ppartikularrek egindako ekarpenekin erositako kamioietan kargatuko dituzte. Gero, martxoaren hasieran, Euskadiko Saharar Ordezkaritzak finkatutako egunean —zehazteke dago—, Euskal Karabana Alacanteko porturantz abiatuko da; bertatik, gero, saharar errefuxiatuengana bidaliko da.