Tabuak hautsi eta hitz egiten hasteko beharra
Guraso eta hezitzaileei ume eta gazteekin heziketa afektibo-sexuala lantzea errazteko asmoz, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 'Sexualitatea: zelan hitz egin ume eta nerabeekin' hitzaldia eskaini du gaur [urtarrilak 11], Astran. Nayara Malnero psikologo eta sexologoa izan da hizlaria.
Biluztuta besarkatu, geure gorputzez gozatu, lotsik gabe ezagutu. Halaxe dio En Tol Sarmiento talde ekorarraren Sexuarekin abestiak. Izan ere, sexuarekiko erreferentziak edonon aurki daitezke gaur egun: abestietan, iragarkietan, Interneten… Edonon , eta, bereziki, edonork aurkitu ditzake, zer den ezagutzen ez duen horrek barne. Heziketa sexuala baina, haurtzarik jorratu beharreko gaia da, eta familiek zeresan handia dute horretan. Prozesu horretan laguntzeko, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Sexualitatea: zelan hitz egin ume eta nerabeekin hitzaldia eskaini du gaur [urtarrilak 11], Astran.
Nayara Malnero psikologo eta sexologo gijondarrak (Asturias) , heziketa sexualak balioak lantzen dituela azaldu die bertaratu diren guraso eta hezitzaileei: “Masturbazioa, abusuen aurreko prebentzioa, plazera —ez bakarrik sexuala—, espazio seguruak… Guzti horiek zuzenak dira, baina heziketa sexualak balioak jorratzen ditu”. Balio horiek modu zuzenean transmititzearen garrantzia nabarmendu du, “norbere buruarekiko edo giza harremanekiko mezu okerrak ez bidaltzeko”.
Gune sozialera bertaratutakoei galdera bat eginez hasi du bere mintzaldia Malnerok: Zergatik kostatzen zaigu sexualitateaz hitz egitea? Hausnarketa eginda, denetariko erantzunak atera dira: “Tabua”; “intimoa”, “beldurra”… Psikologoak baina, erreferenteen falta azpimarratu du: “Ez ditugu erreferenteak izan, horregatik, zaila da gu erreferente bihurtzea. Eredu berriak sortu behar ditugu, lehen zabaltzen ez zen espazioak zabaldu”.
Seme-alabentzat “espazio seguru bat” sortu eta eredu izateko, beharrezkoa da “norberak barruan dituen tabuak identifikatzea”, horiek direlako transmitituko direnak. Guraso askok uste dute ume eta nerabeek informazio guztia eskura dutela, Interneten. Malnerorentzat “heziketaren kontrakoa” da hori: “Informazio asko dago eta toxikoa izatera iristen da, infoxikazioa. Gainera, informazioa ez da zuzena izaten”
Sei jarraibide
“Sexologia sexuak ikertzen dituen zientzia da”, azaldu du Malnerok. Heziketa sexualak ere gai bera lantzen duela gehitu du, hala nola, “nolakoak garen, nola harremantzen garen, nola sentitzen garen…”. Heziketa horren ardura gurasoena dela zehaztu du: “Balioetaz ari gara, benetako informazioaz eta hitz egiteko espazioak sortzeaz”.
Malnerok azaldu duenez, guraso askok jotzen dute beregana seme-alabei preserbatiboa jartzen erakusteko eskatzera, baina praktika baino, nahiago du preserbatibo gabeko sexu harremanik ez izatea irakastea: “Mutilak preserbatibo barik egiteko esaten badio, ezetz esateko. Hori da erakutsi ahal dieguna, eta hori da lanketa garrantzitsuena. Gainontzeko teknizismoak edonon ikasiko dituzte”.
Baina, heziketa afektibo-sexuala nola landu? Hori da gurasoen beldur eta zalantza nagusia. Horren jakitun, sexologo asturiarrak sei gako eman dizkie hitzaldian. Lehena, galderetatik ihes ez egitea: “Umeak galderak egitea zorte handia da eta urrea balio du. Espazio bat sortzen ari da, eta guk balekoa dela esango diogu, ez dugu tabua betikotuko”. Horrez gain, ezin zaie umeei gezurrekin erantzun. Haurrak nola kontzebitu diren galdetzen dutenean “zikoinaren istorioa” ez erabiltzea gomendatu die: “Beste gauza bat da metafora bezala erabiltzea: antzekoa, imajinatu… baina ez dugu errealitatea horrela dela esango”. Azaldu duenez, informazio batzuk jasotzea “deserosoa” izan ahal bada ere, umeak ez dira traumatizatuko: “Hobeto da pasatzea, labur geratzea baino. Astuna izan behar da, sare sozialak, pornografia… astunak, konstanteak direlako”.
Laugarren gakoa heziketarako beldurra ez erabiltzea da, hasieran “errefusa”, baina gero “morboa pizten duelako”: “Beldurrak arriskua sustatzen du”. Horri aurre egiteko, galderak erantzuteko informazioa bilatzea proposatzen du, “ausartzen denak gazteekin batera”.
Eta ez badute galderarik egiten, zer? Malnerok zain ez geratu eta aurre hartzea proposatzen du: “Tabua ez da bakarrik etxean sortzen, soziala da, horregatik edozein aukera aprobetxatu behar da heziketa sexuala egiteko”. Horretarako “gerrilla teknikak” erabiltzea proposatu du: “Bikoteari esan diezaokegu pornoari buruz hitz egingo dugula afaltzen gaudela, Berak eta nik. Baina, umeak mahaian egongo direnez, entzun egingo digute eta gai horren inguruan hitz egin daitekeela ikusi eta gure itritzia ezagutuko dute”.
Pornografia, klik batera.
Pornografia heziketa sexual berritzat dute askok, baina Malnerorentzat “ez da hezitzailea, ezta ispiratzailea”. Hala ere, hitz egiteko espazio segururik ez badute gazteek pornografiara joko dutela “ukaezina” deritzo. Hala ere, gazte asko “bilatzaile” ez direla nabarmendu du: “Askok ez dute bilatzen, agertu egiten zaiela. Haien arreta bereganatzen dute, eta gero esploratzen jarraitzen dute”. Sexologoaren ustetan gurasoak “ardura lehenago hartuta” soilik ekidin daiteke hori.
Datuetarako tartea ere egon da gaur Astran. Pornografia “gutxienekoa” dela uste dute batzuk, baina, Interneteko web orrialde guztien %12a pornografia dela azaldu du psikologoak. Horrez gain, Interneten egiten diren bilaketen %25a eta deskargen %35a ere pornofrafiari lotuta daude.
Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren arabera, umeak 8 urterekin hasten dira pornografia kontsumitzen, eta nerabeen %90ak kontsumitzaile dela onartzen du. Bitartean, familien %90ak beraien seme alabak kontsumitzaileak izatea ukatzen dute. Malneroren ustez “ikusi nahi ez dugun zerbait da; pornografia kontsumitzaileen irudi bat sortzen dugu, errealitatearekin bat ez datorrena”.
Prebentzioa.
Sexu-abusuen prebentzioan heztea “oso erraza” da Malnerorentzat, haur et nerabeek ulertu beharreko kontzeptu bat dagoelako: intimitatea. “Gauza batzuk intimoak dira eta intimitate mailak daude. Nire gorputza intimoa da, baina eskuek eta nire bularrek ez dute intimitate maila bera. Intimitatea baimena dudanean soilin inbaditu dezaket”. Era berean, guraso, irakasle eta medikuek ere baimena eskatu beharko luketela gehitu du.
Hitz egiteko espazio bat emanez, eta “balio zuzenak transmitituz” seme-alabek beraien “sexualitateaz eta sexu harremanez” gozatuko dute, “arriskurik gabe”: Sexuarekin bat izango gara, zuk ta nik gozatzen dugun bakoitzean, eta geure burutik joan daitezela gizarteko aurreiritzi guztiak.