"Nire obra tarta bat bada, azken liburu hau gindatxoa da"
Joseba Mikel Ugalde idazle bermeotarrak ‘Lazunen izariaz’ argitaratu du, 'Ai gure Bermio' lanagaz hasitako ibilbide literarioari amaiera ematen dion kontakizun irritsuz beteriko liburua.
Ai gure Bermio liburuan herriko esaera eta izaerak bilduta eman zion hasiera Joseba Mikel Ugaldek (Bermeo, 1956) bere literatur ibilbideari 2010. urtean. Orain, hamabost urtetan zehar trilogia eta bilogia bana idatzi ostean, Lazunen izariaz lanaren argitalpenarekin itxi du. Idazle bermeotarrak umorea eta euskara uztartzen dituen kontakizun irritsuak bildu ditu bere azken obran.
Zure azken lana izango dena kaleratu duzu.
Bai. Ez nuen idazteko asmorik, argi diot liburuan. Azken bi liburuak nire bi bilobei zuzendutako bilogia izan dira, aurrekoak trilogia, eta egindakoagaz lasai nengoen. Egun batean baina, Nabarnizera bazkaltzera joan nintzen lagun batzuekin. Halako batean, bazkalostean Bermeoko bikote nagusi bat hurbildu zitzaigun eta berbetan geundela, amonak esan zigun euren biloba izan zela ez asko portuan hildakoa. Horrek klik bat eragin zidan.
Ze helburugaz argitaratu duzu?
Portuan bizi naiz, eta aipatutako amona bilobari lorak eramaten edo bisitan doanean ikusten dut. Egunero agurtzen gara. Behin, begira gelditu nintzen, eta bizitza aurrera doala pentsatu nuen. Gordeta nituen apunteak, apur bat barre egiteko, ez txiste bezala, baizik eta euskararekin jolasteko asmoz biltzea pentsatu nuen. Liburu honen helburua nire gogoeten bitartez irribarrea piztea da, euskara eta umorea uztartuta.
Nondik dator izenburu hori?
Egun batean, kafea hartzen joan nintzen betiko legez Andeko tabernara, eta heriotzaz hitz egiten ari ziren. Nik esan nien nire etxekoek badakitela hiltzen naizenean nire errautsak nora bota: portura. “Lazunek berehala jango zaituzte” erantzun zidan batek, eta bai, egia da. Nire bilobek ogi mamia botatzen dutenean, segituan jaten dute, baina askotan aurreiritziak ditugunez, horretan sakondu nuen. Lazunak portuan daude, gure bizilagunak dira; arrain batzuk itsasontzietan ekartzen dituzte, baina horiek ez. Etxetik ikusten ditut, eta niretzat herrikideak dira. Gauza kurioso bat irakurri nuen: bere elikagaia hildako arrainetan bakarrik aurkitzen du, eta berak buztankada baten bidez egiaztatzen du jan aurretik hala den ala ez. Liburuak izenburua behar zuen, eta lazunak azalera eramatea pentsatu nuen. Izariari dagokionez, nire neurritasuna, nire lana lazunena bezalakoa da, xumea. Hortik dator Lazunen izariaz izenburua.
“Nire neurritasuna, nire lana, lazunena bezalakoa da: xumea. Hortik dator izenburua”
Euskara al da zure lanaren ardatza?
Bai, euskararen maitale izan behar da, eta apur bat galtzen doala sentitzen dudanez, hori transmititu nahi izan dut; irakurleak euskararekin barre egitea. Hitz-jolasetan oinarritu naiz, eta horietatik sortu ditut istorioak, antzekotasunak… Gainera beti dago nire gogoetarako tartea, beti ere irribarre bat ateratzeko.
Hitzekin jolasean maisu zen Markos Gimeno ere aipatzen duzu liburuan.
Bai, palindromoekin aritzen zen Gimeno. Nik ere sartu dut palindromoren bat, esaterako kataratak. Hala ere, nik palindromoak bilatu baino, hitzekin jolasten dut, euskara jendeari modu dibertigarrian helarazteko. Liburuak irakurtzeko erakargarriak egitea bilatzen dut. Nire obra bat bidali nion behin Gimenori, eta berak berea eman zidan. Hau ere bidali diot bere familiari.
Nolakoa izan da idazketa prozesua? Hitz-jolasak lehendik zenituen gordeta?
Zentzu horretan nahiko anarkikoa naizela esan daiteke. Nire oharphonak —notak mugikorrean—ditut edo kaxaren batean gordetako papertxoak. Herritik kanpo banago, beti eramaten ditut euskarazko liburuak, eta irakurtzen nagoela ideiaren bat badatorkit, edo gogoeta bat egiten badut, paper baten idazten dut, labur-labur. Izen bat, hitz-joko bat, ideia bat… Idatzitakoa hor dago, gordeta. Liburua idazteko erabakia hartu nuenean, banekien irribarre bat ateratzeko materiala nuela. Ez ninduen arduratzen, banekielako zerbait aurkituko nuela. Gainera, nire lanetan beti sartzen dut Bermeoko ukituren bat, azken liburu honetan, adibidez, gure hondartzak eta itsasontzien izenak agertzen dira.
“Beti esaten dut nirea ez dela generoa, gen-eroa baizik”
Formatua ere berezia da.
Ezohiko formatua da; herritik kanpo beti erosten ditut horrelako liburuak, eta praken atzeko poltsikoan gordetzen dut. Formatu oso polita iruditzen zait, eta asko gustatzen zaio jendeari. Liburuak oharphone baten neurria duela esaten dut. Letrak ere handiak dira; jende askok betaurrekoak ipini behar izaten ditu irakurtzeko, eta hau espresuki dago horretarako egina. Marketinean esaten da “egin hobeto edo ezberdin”. Nik ez dakit besteek baino hobeto egiten, nirea beti izan da bidezidorra, ez beste batzuena bezain zabala, baina nire idazteko modua aurkitu dut.
“Urertzeren uberan izeneko blogean daude nire liburu denak irakurgai”
Zure lan guztiak autoedizioak izan dira.
Bai, literaturan honelako bitxikeriek ez dute tartetik: ez da eleberria, ez da saiakera… Beti esaten dut nirea ez dela generoa, gen-eroa baizik. Argitaletxeetatik kanpo nago, ez da hobea ez txarragoa, baina nire lana parametroetatik kanpo dago, eta beste modu batera egiten ditut gauzak.
Lazunen izariaz ez dago salgai, baina sarean dago eskuragarri.
Ezaugarri propio bat da. Urertzeren uberan izeneko blogean daude nire liburu denak irakurgai. Azken hau ez dago salgai, aurrekoak egon ziren, baina, zoritxarrez, ez da hainbeste irakurtzen euskaraz. Lagun batek beste ezaugarri bat ere esan zidan: itzulezinak dira, euskaraz bakarrik ulertu ahal dira.
Pozik geratu al zara zure ibilbidearekin?
Bai, nire obra tarta bat bada, azken liburu hau gindatxoa da. Erraza, barre egiteko, eta nire ibilbidea lasaitasunarekin ixteko da. Oso pozik nago, liburuak idazten hasten zarenean, ez dakizulako ze emaitza egongo den. Norberaren emaitza, ez besteek ikusten dutena. Gainera, hitzatzea Markos Zapiainek egin du, aspaldiko lagunak. Nire lehen liburuan ere, hitzaurrea berak egin zuen.