Ekoizleen lana ulertzeko gida kaleratu du EHNE-Bizkaiak
EHNE nekazaritza-sindikatuak 'Elikatzeko gisa osasuntsua, bidezkoa eta iraunkorra baserritar begirada batetik' gida argitaratu du, elikadura sistema eredu "osasungarriago eta iraunkorrago bat" aldarrikatzeko.
EHNE-Bizkaia —Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna— nekazaritza-sindikatuak elikagaien ekoizleen lana ulertzen hasteko gida kaleratu du, Elikatzeko gisa osasuntsua, bidezkoa eta iraunkorra baserritar begirada batetik izenpean. Azaldu dutenez, egunerokoan elikagaien ekoizle izateak ematen dien “esperientziatik eta praktikatik” landu dute.
“Lurra, abereak eta pertsonak zaintzen ditugu, eta, batez ere, oinarrizkoa den elikadura eskubidea eta gure herrien elikadura burujabetza berreskuratzeko borrokatzen gara”, adierazi dute sindikatutik. Horregatik, gidaren bitartez egunerokotasuneko elikagaiak nola ekoitzi eta berreskuratuko diren, kontsumitzaile bezala, “elikadura osasungarria eta iraunkorra izateko eskubidea, gozamena eta kontzientzia”, eta guzti hori inguru ingurumena zainduz nola lortu daitekeen azaldu nahi die herritarrei. “Hala, elikagaien eta banaketari buruz erabakitzeko ahalmena berreskuratuko dugu, inposatzen dizkiguneten eguneroko kontsumo ohiturak kontuan hartuz”, gehitu dute.
Elikadura-sistema.
EHNEtik gizarteak modu osasungarri eta iraunkor batean elikatzearen gaineko “burujabetza, kontzientzia eta kontrola” galdu ditu. Horregatik, elikadura osasungarri eta modu seguru bat izateko eskubidea “funtsezko eskubidea” dela aldarrikatu dute.
Elikatzea “tramite hutsa” bihurtu dela azpimarratu dute, eskualdeko elikadura-sistemen bitartez elikatzea pixkanaka galduz joan dela nabarmentzeagaz batera: “Duela 50 urte inguru, tokiko eta eskualdeko elikadura-sistemen bitartez elikatzen ginen, gertuko produktuak hartzen genituen, sasoiko elikagaiak identifikatzeko gai ginen eta belaunaldiz belaunaldi irakatsitako elikadura-kultura bat zengoen, batez ere emakumeen artean”. Zehaztu dutenez, etxeko janarian oinarritutako sukaldeko tradizio hori galdu egin da, “ezin izan baititugu haren erritmoak gure bizitza eta lan erritmoetara moldatu”.
Mundu mailako elikadura banatzaile handien eskuetan dagoela eta horrek “ekoizpen sistema intentsibo eta industriala” inposatzen duela salatu dute: “Horren bitartez, bioaniztasunarekin amaitzeaz gain, lurrak bereganatzen dituzte, kutsadura eragiten dute eta elikagaien ekoizleak esklabo bihurtzen dituzte”.
“Produktu-aniztasun faltsua”.
Banatzaile handiek ekoizleak labore bakarra ekoiztera behartzen dituzte, “modu eutsiezinean”; hau da, “ekoizpen kostuak betetzen ez dituen prezioan, eta kantitatea kalitatearen gainetik jarriz”. Era berean, merkataritza-zentroetan “produktu-aniztasun faltsua” eskaintzen dutela salatu du EHNEk, gehienek “lehengai berdinak” erabiltzen dituztela zehaztuta: “Lehengai horiek munduko hainbat lekutatik ateratzen dituzte eta horiek eskuratzeko, gainera, lurrak bereganatzen dituzte, bertako komunitateak kanporatzen dituzte eta tokiko merkatuekin amaitzen dute”.
“Urte gutxitan, munduko edozein lekutan modu industrialean eta gizarte eta ingurumen irizpiderik gabe ekoitzitako produktuak kontsumitzera igaro gara”, azaldu dute. Sistema horrek, “elikadurarekin espekulatzen du” eta ziklo amaieran milaka tona elikagai xahutzea dakar, urtean. Horrez gain, elikagai askore jatorrizko herrialdietan “gero eta elikadura segurtasun gutxiago” dagoela zehaztu dute, eta ondorioz, baserritarrak pobretu egiten dira.
Era berean, “modu interesatuan” ondo elikatzea garestiagoa denaren ideia sortu dela adierazi dute, horren ondorioak azalduz: “Espainiako Estatuan, esate baterako, harren obesitate-indizea munduko altuenetakoa da”. Horregatik, ondo elikatzea ezin dela garestiagoa izan aldarrikatu dute: “Elikadura eroshalmenaren araberako prozesu indibiduala delako ideia hegemonikoari aurre egin behar diogu, eredu horren inplikazio globala baloratu ahal izateko. Elikadura-sistema globalek inposatutako eredu horrek pertsona ororen oinarrizko eskubideak urratzen ditu”.
Eredu iraunkorragoa.
EHNE-Bizkaiatik “eredu osasungarriago eta iraunkorrago” baten alde lan egiten dutela nabarmendu dute, ekoizleentzat eta kontsumitzaileentzat “bidezkoak” diren prezioak aldarrikatuz eta “gertu erostearen alde” agertuz. “Baserritarrek elikatutako gizarte bat nahi dugu, ez bi edo hiru makro-industrien menpe dagoena”, azpimarratu dute sindikatutik. Horretarako, sektoreak gazte gehiago sartzearen beharra dagoela zehaztu dute, “sektorea gero eta zahartuago dagoelako eta ez baitago erreleborik”. Beraz, lurra eskuratzeko aukera ematea “ezinbestekotzat” jo dute, eta batez ere, “politika publikoak eta kontsumitzaileen konpromisoa” behar direla nabarmendu dute: “Zer elikagai kontsumitzen ditugun, non erosten ditugun edo nola prestatzen ditugun bezalako erabakiek, gure osasunean eta ekonomian ez ezik, besteengan eta ingurunean ere eragiten dute”.