Xabi Barandikak Berriatuko Masterseko finala jokatuko du
Barikuan [urtarrilak 10] jokatuko dute finala Ihart-Arai eta Elaia-Frida bikoteek emakumezkoetan eta Erkiaga-Argoitia eta Barandika-Zabala bikoteek gizonezkoetan.
Berriatuko Masters Series txapelketa erabateko arrakasta izan da. Urtarrilaren 4an jarri zituzten finalerako sarrerak salgai eta egunean bertan agortu ziren. Hain zuzen ere, bi finalerdietan ere Mendibarren frontoia bete egin da. Barikuan [urtarrilak 10] jokatuko dute finala Ihart-Arai eta Elaia-Frida bikoteek emakumezkoetan eta Erkiaga-Argoitia eta Barandika-Zabala bikoteek gizonezkoetan.
Hain zuzen ere, barikuan [urtarrilak 3] jokatu ziren bigarren finalaurrekoak. Biak ala biak hirugarren jokoan erabaki ziren. Emakumezkoetan, nagusi izan ziren Elaia Gogenola berriatuarra eta Frida Watkins zumaiarra. Herriko alabak sahietseko posturan tanto bikain asko amaitu zituen. Ikusgarria izan zen ere Maialen Aldazabal bere herrikideak zortzina berdintzeko egindako horma biko ederra ere. Hori izan zen lehen seteko ia berdinketa bakarra. Bikote marroiak, berriz, aurrea hartu eta 15-10 itxi baitzuen jokoa. Bigarrenean ostera, hutsak egin zituzten, batez ere Elaiak, eta bikote horia sendoago agertu zen. Helena Barrenetxeadurangarra hobeto aritu zen errebotean eta bikote horiak segurtasun gehiego erakutsi zuen piloteoan: 12-15. Hirugarren eta azken jokoa Gojenola eta Watkinsentzat izan zen, 5-2.
Gizonezkoetan, bigarren seteko erdira arte nagusi izan ziren Antxon Alberdi eta Unai Lekerika. Eroso jokatu zuten, piloteoan hutsik egin gabe. Barandikak eta Zabalak ostera, ez zuten euren lekua aurkitzen. 4-8, 7-12 eta 10-15 joan zen lehen jokoa eta bigarrenean ere 4-8 jarri ziren horiak aurretik. Ez zuen ematen bueltarik izan zezakeenik, baina izan zuen bai.
Bigarren joko erditik aurrera, Zabala pilota guztiak sartzen hasi zen. Bikote marroiak konfiantza berreskuratu zuen. Barandikak ere, euren aukeretan sinistu zuen. Lekerikaren pilotetara aire edo punpa-gora sartu eta eskuinarekin min egin zuen. 9-9 berdindu zuten partida eta 15-12 irabazi bigarren seta. Hirugarrengoan 5-3 gailendu ziren marroiak. Azken tantoa ikusgarria izan zen, ia bi minutukoa. Pilota itzelzeko abiadan mugitu zuten, publikoa zoratzen jarriz. Azkenean, Zabalak txapa gainean moztu eta tanto egin zuen. Bertan zegoen Antxon, baina ezin izan zuen pilota saskian behar bezala sartu.