Emakumeak euren eskubideen jabe egiteko proiektua abiaraziko dute
Bermeoko Udalak negu, udaberri eta udazken morea proiektua jarriko du martxan. Negu Moreko programaren barruan denetariko ikastaro, tailer eta hitzaldiak eskainiko dituzte.
Bermeoko Udalak negu, udaberri eta udazken morea proiektua abiaraziko duela jakinarazi du, Negu moreko egitaraua aurkezteagaz batera. Berdintasun Sailak martxan jarritako proiektua da, kultura, euskara, kirol eta hezkuntza sailekin elkarlanean sortu dutena. Egitasmoaren helburua “emakumeak euren eskubideen jabe egiteko eta beste emakumeekin sareak sortzeko” tresnak eskaintzea dela zehaztu dute. Horretarako, ikastaro, topaketa, hitzaldi eta tailerrak prestatu dituzte.
Emakumeen “jabetze eta ahalduntze prozesuan eragitea” eragitea da proiektuaren xedea: “Autokontzientzia hartzea, eutoestimua lantzea, gaitasun propioak ezagutzea eta emakumeek dagokien espazioa berreskuratzea”. Horretarako, errealiatatea ikuspegi feministatik aztertuko dute, jendarte “justu, anitz eta osoago baterantz” urratsak emateko.
Bi ikastaro.
Bermeoko emakumeek elkar ezagutzeko, herriko elkarte desberdinekin eta mugimendu feministarekin emakumeen arteko sareak sortu eta indartzea bilatuko dute Negu morea proiektuagaz. Bi ikastarogaz ekingo diote programari: biziraupenerako brikolajea eta perreo feminista. Lehenengoan ohiko matxurak nork bere buruaren kabuz konpontzen ikasteko aukera egongo da. Ikastaroa 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, eta metodologia praktikoa erabiliko dute. Guztira zazpi saio egingo dituzte; eguaztenetan batuko dira, 18:00etatik 20:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean. Lehenengo saioa urtarrilaren 22an izango da.
Perreo feminista ikastaroaren helburua twerk edo reggaeton moduko dantzen potentziala esperimentatuta, “espazio seguru bat” sortu ahal izatea da, “boteretsuago sentitzeko tresna bezala”. Ikastaroak hiru saio izango ditu, eta 16 urtetik gorako emakumeek parte hartu ahal izango dute. Zehaztu dutenez, hileko azken zapatuetan bilduko dira, 11:30etik 12:30era, Gizarte eta Kultura Etxean. Lehen hitzordua urtarrilaren 25erako [zapatua] jarri dute.
Ikastaroetan parte hartzeko ezinbesteko baldintza da aurretik izena ematea; azaldu dutenez, ikastaroa hasi baino astebete lehenagora arte egongo da horretarako aukera. Izena emateko berdintasuna@bermeo.eus posta elektronikora edota 688 63 84 49 telefono zenbakira idatzita egin ahalko da. Ikastaroetako plazak mugatuak dira, eta partaideen zerrenda izen emate dataren arabera egingo dela iragarri dute. Era berean, Bermeon erroldatutakoek lehentasuna izango dutela zehaztu dute. Ikastaroak doakoak izango dira.
Tailerrak eta hitzaildiak.
Ikastaroez gain, emakumeei zuzendutako hitzaldiak ere eskainiko dituzte. Hala, urtarrilaren 28an [martitzena] Ezagutu zure eskubideak hitzaldia antolatu dute. Bi orduko iraupena izango du, 10:00etan hasita. Urtarrilaren 30ean [eguena], berriz, Sexu eta genero aniztasuna HIRIETATIK AT hitzaldia emango dute, 18:00etan. Bi hitzaldian Gizarte eta Kultura Etxean eskainiko dira.
Negu moreak programak tailerrak ere eskainiko ditu. Esaterako, biziraupenerako sukaldaritza tailerra antolatu dute, otsailaren 6rako [eguena]. 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, eta bertan, 5 euro baino gutxiagoko aurrekontuarekin “errezeta osasuntsu eta zaporetsuak” egiten ikasiko dute. Hiru orduko iraupena izango du, 09:00etatik 12:00etara, eta Bermeoko OLHUI eraikinean izango da, bertako ikasleek eskainiko baitute tailerra.
Familiei zuzendutako tailerrik ere egongo da. Lehen Hezkuntzako 5. mailako neskek eta beraien amek ziklotasunari buruzko tailerrean parte hartzeko aukera izango dute, otsailaren 17an [astelehena], 17:30etaik 19:30era. LGTBI+ kolektiboko pertsonei zuzendutako Heterosexualitatea irauli tailerra ere eskainiko dute, otsailaren 27an, Gizarte eta Kultura Etxean.
Era berean, Irakurleen Txoko Feminista hilero, hileko laugarren eguaztenetan batzen dela gogoratu nahi izan dute. Emakume Korrikalarien Taldea ere martxan dago: 16 urtetik gorako emakumeek parte hartu dezakete, eta dagoeneko zehaztuta dute urtarriletik aurreralp programa.
Bermeoko Udalak Negu morearen barruan antolatu diren ekimenetan parte hartzera animatu ditu herritarrak, “mota askotako aukerak baitaude”.