Denboran atzera bidaiatzeko deia
‘Foruko historia 12 mugarritan’, herriko gertaera historikoak biltzen dituen liburua argitaratu du Foruko Udalak, Rober Garai ilustratzaileagaz batera.
Historiaurrea, Antzinaroa, Erdi Aroa, Aro Modernoa, Aro Garaikidea… Denboran zehar bidaiatzeko aukera eskaintzen badu ere, askorentzat interesgarria bezain astuna da beste garai batzuetako bizimodu eta gertaeren inguruan irakurtzea, lanak «akademikoegiak» izaten direlako. Horregatik, historia liburuetatik atera eta herriko etxe guztietan sartzeko asmoz, Foruko Udalak Foruko Historia 12 Mugarritan liburua argitaratu du.
Udalerriko gertakari garrantzitsuenak “edozein profileko herritarrek” imajinatu ahal izatea bilatu dute, zientifikoegiak diren lanak «modu pedagokiko» batean azalduta. Herriaren bilakaeraren errepasoa, Rober Garai marrazkilariaren ilustrazioekin biribildu dute. Historiaurretik Aro Garaikidera, duela 100.000 urtetik gaur egunera arteko bidaia eginez, “Foruko nortasun, kultura eta ondarea balioan jarri», iraganari buruz hausnartu eta «atzera harrotasunez begiratzeko gonbita” egin die udalak forutarrei.
Herritarren artean “gutxi dibulgatu den mito batean” du hasiera liburuak, Pleistozeno Ertainean hominido bat Forura iristean. Izan ere, Urdaibain neandertalen aurreko arrasto bakarra utzi zuen homonido horren hagin batzuk agertu ziren Atxagakoako aztarnategian. Datuen arabera, lehen pertsonaiak duela 100.000 urte iritsi ziren udalerrira. Adituen arabera, «gizakien eta haragijaleen okupazioak txandakatuz» joan ziren haitzuloan.
Harrobiaren aurretik zeuden bi galeria bereizten zituen harrizko arkuak irudikatu ditu Garaik, “haragijaleak eta gizakia denbora eta espazio berean egon izanaren ilusioa” adierazteko. Horren inguruan «misterio handia» badago ere, harrobia eraistean, esplorazio arkeologikoa egin ahal izan zuten; hala, 2002. urte inguruan Juan Carlos Lopez Tanaren taldeak —Agiri Arkeologia Elkartea— “lekuko txiki bat” induskatu zuen Atxagakoan, galeria bateko hormari atxikita kontserbatu zena.
Hasiera, haitzuloetan.
Atxagakoatik Atxetara, Historiaurretik duela 3.000 urtera arte erabilia izan den kobara egiten du jauzi obrak, “okupazio modernoago” batera. Paleolitikoak bizi ziren bertan, agertu diren “erregistro erraldoiek” —paleofauna hondakin asko eta oso ondo kontserbatutako garezur bat— erakusten dutenez.
Jose Migel Barandiaran aritu zen 1959an Atxagakoa, Ginerradi eta Atxetako kobak aztertzen, eta bere txostenetatik atera dute testua eta ilustrazioa egiteko materiala. “Duela 20.000 urte inguru Atxetako koban bizi ziren Foruko bi pertsonaiek bizitako momentu polit bat imajinatu eta irudia jarri nahi izan diogu”, azaldu du ilustratzaileak. Horretarako, Baldatika errekan arrantzatutako arrain bat garbitzen dagoen gizona irudikatu du.
Hirugarren mugarrian, hilarriak irudikatu dituzte. Izan ere, San Kristobaleko hilarria agertzeagaz batera, Baldatikakoak ere garrantzia hartu du: “Jendeari adierazi nahi diogu zer den agertu dena, zertarako erabiltzen zen leiho gainean dagoen harria”, azaldu du Mikel Magunazelaia Foruko alkateak. Horretarako, Baldatikako Santa Kurtziako estela gehitu diote ilustrazioari.
Forua Erromak Urdaibain zuen portua dela esaten da.
Erromatarren garaian foruma izan zen Forua, “funtzio publiko, erlijioso eta kudeaketa ekonomikoa” zituen eta Erromak konkistatu berri zuen lurralde bat antolatzeko lekua. Erromatar herrixka I. mendearen erdialdean sortu zen, eta K.O. IV. mendera arte bizi izan ziren bertan. Armadak hasierako plangintzan parte hartu zuen, eta eraikin militar baten testigantzak gaur arte iraun du.
Herrixkatik portura, erromatarren aztarnategian bi espazio horiek bereizten dituen harrizko horma bat dago. Forua Erromak Urdaibain zuen portua dela esaten da, “imajinatzea zaila” bada ere. Ontziraleku bat ere egon zen herrian, eta horren aztarnak gaur egunera arte iritsi dira. Merkataritza-jarduera «garrantzitsua» zegoen bertan, «kabotaje-nabigazioaren bidez metalurgia-jardueratik eratorritako produktuak esportatu eta penintsulako iparraldetik eta Akitaniako eskualdetik ekarritako baxerak, ardoak, kontserbak… inportatzen ziren».
Mikel Magunazelaia: “Foruarrentzat eliza gauza bat da, eta Foruko frantziskotarrak eta komentua, beste bat”
Seigarren mugarria Amotxerri auzoan dago: Urdaibai dorretxea. Bertan eraiki zuten etsaien presentzia zaintzeko, eta liburuan “garai ilun eta triste” bezala irudikatu dute. Dorretxea sute batek suntsitu zuen 1929an, eta egun, “erdiko dorrearen bi horma eskas” bakarrik geratzen dira. Dorretxeak «erantsitako zati batzuk» izan zituen, eta eraikin nagusiaren ondoan “bigarren mailako” beste eraikin bat. Nagusian bi familia bizi ziren, eta txikian, berriz, morroiak. Erre zenean aldundiak Urbedi moduan ezaguna den Urdaibai baserria berreraiki zuen, denentzako etxeak eginez: “Gaur egun ere ikus daiteke horren ondorioetako bat”.
Erdi Arotik hasita, burdinolak eta errotak izan dira Foruko industria nagusiak. Herriko erreketan 11 errota egon ziren, baina gaur ez da bat ere geratzen; horregatik, argitalpen horretan gogoratu nahi izan dituzte, zazpigarren mugarri bezala aurkeztuta. Hala, XIX. eta XX. mendeen artean udalerrian zeuden erroten funtzionamendua islatu gura izan du Garaik, “ilustrazio infografikoa” eginez. Aranzadi Zientzia Elkarteko Javier Castroren gidaritzapean egindako lana da, berak eman baitzizkion mekanismo eta egiturak modu zuzen batean irudikatzeko nondik norakoak. Forukoak «erreka ziztrina» ematen badu ere, ur asko zeukan garai batean: “Indarra du, eta mekanismo horiek mugitzen zituen”.
Erromeria, tradizio.
Lanaz gain, dantzarako tradizioa duen herria ere bada Forua, eta liburuan islatu gura izan dute. Erromeriaren irudia Mikel Ondaro foruarraren amamaren argazki baten erreplika da, eta bertan ikusten dira, besteak beste, txistulariak, San Kristobaleko elizpea, arbola… Garaik, gainera, keinu bat egin dio Jose Arrueren Erromeria koadroari. Magunazelaiak, bestalde, SaragiMutillek anaidia gogoratu du: “Beraiek ziren, besteak beste, gerra aurretik ermitaren mantenuaz eta belar eta adarrak kentzeaz arduratzen zirenak”. Kofradia gerraostean galduz joan zen arren, ermita ondoan Saragi deitzen dioten lokala dago oraindik ere.
Rober Garai: “Fikzioagaz jokatu dugu, baina garai horretako min guztia adierazi nahi izan dugu”
Erromeriak «oso dokumentatuta» daude; harrobiaren inguruan, berriz, “ez dago dokumentazio zehatzik”. Ahozko testigantzak daude, eta horregatik, jakina da Izarotik frantziskotarrak joan zirenean, euren lehenengo komentua egiteko harri asko behar izan zituztela, eta orduantxe hasi zirela materiala ateratzen, gerora herriaren garapenean eragingo zuena; izan ere, industria horri lotuta egin ziren lehenengo etxebizitzak, kamioiak, tabernak… “Harrobiaren inguruan sortu zen herria”, eta horregatik, bederatzigarren mugarritzat hartu dute.
Hamargarren mugarriak aurrekoek baino gaurkotasun gehiago du. 305 urte eta gero, uztailean joan ziren Foruko azken hiru frantziskotarrak komentutik. Omenaldiagaz agurtu zituzten Felix Bilbao, Jesus Mari Madariaga eta Pedro Urriolabeitia, liburuan agertzen den ilustrazioa oparituta. Harrobiagaz gertatu bezala, “Frantziskotarren komentuaren inguruan ere” garatu da Forua: “Bai une onenetan, bai gainbeheran egon denean, beti egon da herriari lotuta”. Alkateak aditzera eman duenez, “foruarrentzat eliza gauza bat da, eta Foruko frantziskotarrak eta komentua, beste bat”.
1986ko abenduaren 21eko erreferendumean %86k desanexioaren aldeko botoa eman zuen.
Arruerenaz gain, Goyaren lanak ere inspiraziotzat hartu ditu Garaik. Hamaikagarren mugarrian, Juan Jose Basterretxea, Santiago Pinaga eta Serapio Urrutxuaren fusilamentuak jorratu dituzte, Maiatzaren 3ko fusilamenduak lana oinarri harturik: “Fikzioagaz jokatu dugu, baina garai horretako min guztia adierazi nahi izan dugu”. Hiru foruarrak Derion erail zituzten, 1937ko maiatzaren 22an. Magunazelaiak azaldu bezala, detaile txikiena zaindu nahian aritu dira: “Detaileak oso zintzoak dira”. Horren isla da Urrutxua oinutsik irudikatu izana: “Egunero ateratzen zituzten Larrinagako kartzelatik Deriora; halako batean, foruarren izenak irten ziren, eta Santiago urduri egon zenez, ez zen zapatak lotzeko gai izan. Arrastaka eraman zuten”.
Foruko historia 12 mugarritan liburuaren aurkezpena “herriaren askatasunaren ikurra” den udaletxean egin zuten. Udaletxea bera da liburua ixten duen mugarria, desanexioaren irudikapena. 1966an Foru eta inguruko herriak Gernikara lotzea erabaki zuten aginte frankistek, “hobeto kudeatu eta zentralizatzeko aitzakiagaz”. Herritarrak kontra agertu ziren, eta 1986ko abenduaren 21eko erreferendumean %86k desanexioaren aldeko botoa eman zuen.
Udalerriaren historia 12 mugarritan laburbiltzea “zaila” izan da, «askoz gehiago» izan ziteztekeelako, baina historiara lehen hurbilketa hau egiteko “Foruaren bereizgarria markatu” duten gertaeretan jarri nahi izan dute fokua.