Zesta puntaren ohitura indartzeko jaialdia
Bermeoko Zesta Punta eta Pala Eskolak Boga Zesta Punta Jaialdia antolatu du abenduaren 28an [zapatua], Artza udal pilotalekuan. Hormaetxea puntista bermeotarrak 20 urte eta gero etxean jokatuko duen lehen partidua izango da.
Zesta-puntak historia luzea du Bermeon, profesional izatera iritsi diren puntista askoren jaioterria izan baita. Puntista bermeotar asko herritik kanpo arituta hazi dira kirolean, eta belaunaldi berriak herriaren ere aukerak izan ditzaten sortu dute Bermeoko Zesta Punta eta Pala Eskola. Era berean, udalerrian zesta puntarekiko zaletasuna zabaldu nahi dute, eta Gabonak aprobetxatuta, Boga Zesta Punta Jaialdia antolatu dute, abenduaren 28an [zapatua], Artza udal pilotalekuan.
Zesta eskola aurten sortu badute ere, dagoeneko badituzte ume eta nagusi batzuk taldean. Orain, zesta puntarako “ohitura indartu eta errotu” nahi dute: “Herrian partiduak ikusi ahal izatea eta afizioa sortzea bilatzen dugu”.
Hala, eskolako umeek etxean “maila handiko” zesta punta ikusi ahal izateko asmoz sortu dute jaialdia. Artzara bertaratzen direnek bi partida ikusteko aukera edukiko dute; 19:0etan kadeteena eta, jarraian, profesionaleana. Etxeko puntistak bi partiduetan egongo dira presente; lehenengo partiduan Iruskieta bermeotarra eta Rocha berriaturra, Kareaga eta Bustindui markina-xemeindarren aurka arituko dira; profesionaletan berriz, Hormaetxea bermeotarrak eta Bailo noaindarrak Cosme zumairra eta Salegi markina-xemendaindarra izango dituzte parez-pare.
Zesta eskolatik Hormaetxearen presentziari “duen garrantzia” eman nahi izan diote, urte asko eta gero Bermeon jokatuko baitu berriro: “Alex Hormaetxea herriko semeak, 20 urte profesional mailan aritu eta gero, lehenengoz jokatuko du etxean, Bermeon”.
Lehenengo jaialdia.
Abenduaren 28koa “partiduak ikustea baino gehiago” izango dela azpimarratu dute antolatzaileek: “Ez da bakarrik partidua bakarrik izango, jaialdia antolatu dugu. Esataria, DJ Mambru, otzaren zozketa… egongo dira. Horrez gain, taberna moduko bat ere egongo da”.
Boga Zesta Punta Jaialdia antolatzen duten lehenengo jaialdia bada ere, helburua “urtean bi edo hiru” egitea dela zehaztu dute zesta punta eskolatik: “Gainontzeko eskolek eiten dutena egin nahi dugu, baina gu hasten gaude, lehenengo urtea da eta apurka apurka goaz”. Jaialdiez gain, txapelketak ere antolatu nahi dituzte. “Batzuetan jaialdiak izango dira, eta beste batzuetan, agian herri arteko partiduak. Azkenean, beste frontoi batzuetan erraz ikusten dienak Bermeon ere ikusteko aukera egotea nahi dugu”, azaldu dute.
Sarrerak.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, jaialdiaren egun berean erosteko aukera egongo da, Artza pilotalekuko txartel-lehiatilan. Zehaztu dutenez, lehen partidua hasi baino ordubete lehenago irekiko dute, 18:00etan. Modu berean, herritarren eskaerari erantzunez, sarrerak aurretik erosteko egun bat finkatu dute. Hala, nahi duenak zapatuan [abenduak 21] eskuratu ahal izango ditu sarrerak, Artzan bertan, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Sarreren prezioari dagokionez, zortzi euroren truke eskuratu ahal izango dira; 17 urtetik beherakoek, berriz, sarrera librea izango dute eta ez dute ezer ordaindu beharko. Antolatzaileek herritarrek eta zesta punta zaleek erakutsitako “ilusioa” eskertu eta abenduaren 28an pilotalekura bertaratzeko deia zabaldu die.