Herria jolasean hezteko patioa
Ikaskuntza-prozesuan jolastokiak duen garrantziaz jabetuta, San Frantzisko Herri Ikastetxean patioa berriztu eta "inklusiboagoa" egiteko lanketa abiatu dute, Patio Inklusiboa: Herriari Begira proiektuagaz.
Ume eta gaztetxo askok, eskolara joateari buruz gustukoen duten horretaz galdetzean, jolastokia aipatzen dute. Izan ere, egunaren zati handi bat ematen dute bertan, eta patio orduak dira jolaserako edota beste maila batzuetako ikasleekin elkartzeko duten aukera bakarra. Ikaskuntza-prozesuan “eragin positiboa” izan ohi dute patio orduek, jarduera fisikoa egitea ahalbidetzeaz gain, ikasteko gaitasunean ere zeresana omen baitu.
Ikaskuntza-prozesuan laguntzeko moduak, baina, aldatuz joan dira azken urteetan, eta kasu askotan, gaur egun jolastokiek duten egitura eta diseinuen bilakaera ez da bilakaera pedadogikoaren eskutik joan. Ondorioz, horren erabilera ez da guztiz ekitatiboa izaten. Hala antzeman dute Bermeoko San Frantsizko Herri Ikastetxean, eta horregatik, Patio Inklusiboa: Herriari Begira proiektua garatzeko lehen urratsak ematen hasi dira, hezkuntza-komunitatea osatzen duten agente ezberdinekin batera: guraso elkartearekin, irakaslegoarekin, ikasleekin eta Bermeoko Udalarekin.
Ikasleak dira jolastokiari etekina aterako diotenak. Horregatik, San Frantziskokoek horiek esateko dutena entzun nahi dute. Hala ere, lehen urrats bezala, diagnotikoa egitea erabaki zuten, patio “ideala” irudikatzen hasi aurretik egungo errealitatearen xehetasunak biltzeko: “Ikastetxean lau jolastoki, bi portxe eta aterpeak ditugula ikusi da”. Gune berdeak ere badituzte, “balioa ematen ez zaiela” uste badute ere.
“Ikasle guztiak eta jolas mota guztiak kontuan hartu behar ditugu”
Orain arteko erabilerari dagokionez, “adinen arabera” banatzen dituzte eskola orduetan. Izan ere, San Frantsizkokoak bestelako hezkuntza-zentro batzuek ez duten ezaugarri bat du: kanpoaldeko instalazioak eskola orduetatik kanpo ere erabiltzen dituzte: “Gaur egun, karpa bat asteburuetan herriarentzako zabaltzen da, eta astegunetan eskolako patioa ere erabilgarri dago. Kiroldegia ere, aurretik adostuta bada ere, herritarrek eskola orduetatik kanpo erabiltzeko gunea da”.
Inklusibitatea oinarrian.
Ikasleriari zein herriari zuzendutako proiektua izanik, “beraien ikuspegitik” sortutakoa izatea “ezinbestekotzat” jo dute San Frantsizkoko arduradunek. Horrez gain, bada oinarrizko baldintzatzat finkatu duten beste puntu bat: inklusibitatean oinarritu behar direla. “Ikasle guztiak eta jolas mota guztiak kontuan hartu behar ditugu”, zehaztu dute. Hain zuzen ere, kirolaz haratago, sormena lantzeko edota giza trebetasunak garatzeko espazioak ere eskaini nahi dituzte: musika, buztina, zientzia jolasak… Ikasleen “ekarpen gehienak zentzuzkoak” izan dira, eta “ahal den neurrian” kontutan hartuko dituzte.
Azken proiektua nolako izango den zehaztu gabe badute ere, horrek ekartzea espero duten lehen emaitza batzuk bildu dituzte, baita horiek atalka antolatu ere. Ikasleei dagokienez, ustezko patio berriagaz, espazio hori ikasle guztiek erabiltzea lortu nahi dute, “neskak eta ikasle ez aktiboenak ere tartean direla”. Horrekin batera, taldeko kide-sentipena eta ongizate-sentipena indartu gura dituzte, ikasleen “garapen kognitiboa hobetu eta garapen emozional egokian” laguntzeagaz batera.
Eskola eta hezkuntza komunitatea osatzen duten familiekin duten harremanean ere eragina espero dute, besteak beste, “gatazka-egoerak murriztuz” eta jolastokiak “tresna pedagokikotzat” erabiliz. Gainera, patioa eskola orduez kanpoko topagune bezala indartu nahi dute, “sozializazio-gune erakargarri” bihurtuz.
Adin guztietako ikasleen inklusioa ahalbidetzeko, hezkuntza komunitatearen gizarte-kohesioa bilatzeko, berdeguneak aprobetxatzeko eta adierazpen artistikorako espazioak eskaintzeko asmoz, eta oro har, “elkarbizitza positiboa bultzatzeko” helburuagaz, San Frantziskoko arduradunek argi dute hurrengo pausoa zein den: ekintzara pasatzeko lan batzordea osatzea. Batzorde horretan udaleko, irakaslegoko eta familia elkarteko ordezkariez gain, teknikari bat egotea aurreikusten dute: “Udalak mahaia osatzeko prest dagoela esan digu, baina teknikariaren figura behar dugu, gure ilusioak egingarriak diren jakiteko, eta hala bada, non egin daitezkeen esateko”. Hala, proiektua eskolarentzako baino, herriarentzako dela nabarmendu dute arduradunek.
Ikasleen arteko lankidetza.
San Frantziskoko jolastokiak elkarlanetik ere hartuko du, ikasleen arteko lankidetzatik, bereziki. Izan ere, eskolakoek Bermeo BHIk udalagaz eta familia elkarteagaz batera sortutako proposamen bat jaso dute, eta institutuko ikasleak esku-hartzea behar duen patioko “horma bat txukuntzera” joango dira, eskola orduetan. Elkarlana Komunitaterako proiektuaren barruan gauzatuko da.
Aurrekontu parte-hartzaileetan gailendu da patioa berritzearen proiektua, herritarren 291 bozkagaz
Izan ere, zehaztu gabe badaude ere, asko dira aurreikusi dituzten esku-hartzeak: ikastetxeko patio nagusian baranda eta mugimendu jolasak jartzea, patio txikian altuerekin jolasteko eremu txikiak egitea eta “haur hezkuntzako patioan psikomotrizitatea garatzeko jolas gunea txertatzea”. Besteren artean, gainera, jolastokiaren “goiko horman rokodromoa” jartzea gustatuko litzaieke, «gaur egun igotzea debekatuta duten eremuan».
Bermeotarren erantzuna.
Proiektua ikasturte honetan martxan jarri nahi badute ere, egin nahi dituzten aldaketa guztiak horren epe laburrean egitea “oso zaila” den jakitun dira ikastetxeko ordezkariak. Horregatik, hobekuntzak “apur-apurka” egiten hasteko, udalak zabaldutako aurrekontu parte hartzaileetara aurkeztu dira, eta herritarren erantzun polita jaso dute. Izan ere, 291 bozka eskuratuta, San Frantziskoko patioa berriztearena izan da aurkeztu diren 76 proiektuen artean gailendu dena, eta udalak 50.000 euro bideratuko ditu “ahalik eta arinen” konponketa lanak egitera.
Horrez gain, «martxo inguruan» udalak egiten duen diru laguntzen deialdira aurkeztea aurreikusi dute, “patio inklusiboaren proiektua garatzen joateko”. Diru laguntzara aurkeztera bidean, baina, proiektuaren nondik norakoak eta xehetasunak finkatzeko lanketa egin beharko dute, aurretik aipatutako batzordeagaz.