Makroproiektuak ezkutuan ostonduak
Alor ezberdinetako adituek Guggenheim Urdaibai museo makroproiektuaren aurrekari, datu eta ondorioak aztertu dituzte, ‘Guggenheim Urdaibai: zentzugabeko proiektua behar ez den lekuan’ izeneko elkarrizketa sortan.
Urdaibai Biosfera Erreserba: egoera delikatutik kezkagarrira. Horixe da Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformak ondu berri duen Guggenheim Urdaibai: zentzugabeko kultura proiektua behar ez den lekuan elkarrizketa sortaren ernamuina. Bertan, hainbat esparrutako adituek proiektuaren inguruabarrei alde jakin batetik heldu diete, haren aurrekariak, garapena, funtsak eta ondorioak aztertzeko. Txema Garcia kazetari eta idazlea izan da egitasmoaren gidari beharrak egin dituena. Elkarrizketatuak, berriz, honakoak izan dira: Julen Rekondo, Blanca Urgell, Haizea Barcenilla, Joseba Zulaika, Eider Gotxi, Jon Larrinaga eta Ramon Zallo.
Iragan astean bete zen Urdaibairen Biosfera Erreserba izendapenaren 40. urtemuga. Unescok izendapen kategoria hura aintzatetsi izana “jende gutxik” gogoratzen duela dio Rekondo ingurumen espezialista eta Ingurumeneko Sari Nazionalak. Ordutik egun arteko lau hamarkadetan, “gorabehera ugari” egon direla aitortu du, baina «inposatu» gura duten Guggenheim Urdaibai museo makroproiektua zutabe izan daitekeela azpimarratu du: “Tarte horretan atentatu ekologiko asko ikusi ahal izan ditut; alde horretatik, proiektuak ez du kontserbazioa hobetuko, funtsean, 140.000 bisitari ekartzea aurreikusten baitute dagoeneko udaldian masifikatuta dagoen eskualdera”.
Julen Rekondo: “Proiektuak ez du kontserbazioa hobetuko, 140.000 bisitari erakartzea aurreikusten baitute”
Rekondoren berbetan, munduko 759 Biosfera Erreserben artean, Urdaibai litzateke tankerako proiektu bat hartzen “bakarra“: “Horren ordez, Busturialdeak behar duena da plan ekosozial integral bat, betiere natura oinarri izango duena”.
Zulaika antropologo eta Renoko (Nevada, AEB) Center of Basque Studieseko zuzendari ohiak “miraria” du ahotan: “Bilboko Guggenheimek bere sasoian hain ondo funtzionatu zuenez, apustua bikoiztu beharra ikusi dute batzuek, miraria Urdaibain errepikatuko den pentsuan; kontua da mirariaren gidalerroak lausotu egin direla, eta ez gaudela ziur turista gehiago eta kapitalismo gehiago nahi ote dugun”. Halaber, kaltegarriak izan litezkeen beste alderdi batzuk ere zerrendatu ditu: “Museo frankiziaren egungo eredua, New Yorkekiko menpekotasuna, kultura burgesaren sustapena nahiz euskal artearen bazterketa”.
Haizea Barcenilla: “Ez dute aintzat hartu antzeko museo imitazio saiakera asko egin direla, eta porrot egin izan dutela”
Hain zuzen, artean ipini du fokua EHUko irakasle eta Artearen Historian doktore den Barcenillak. Galdera bati erantzunez abiatu du bere esku hartzea: “Nora bideratuta dago proiektua, artera eta kulturara ala turismora?”. Erantzuna bat-batekoa bezainbesteko argia da: “Zalantzarik gabe, turismora“. Zulaikaren enbor beretik, Barcenillak ere “Guggenheim efektua” azpimarratu du: “Bilbon, museoak hiriaren profil ekonomikoa aldatu, eta turismorantz zuzendu zuen, eta hori da bilatzen ari direna; horren erakusle da turismo planik aurkeztu ez izana. Gainera, ez dute aintzat hartu egun arte Guggenheimen imitazio saiakera asko egin direla, eta porrot egin izan dutela”.
Edukirik gabeko edukiontzia.
Arte adituak argi laga gura izan du museoak, bere horretan, “ez direla erakunde ekologikoak”: “Mantentzeko garestiak dira, baliabide pila bat eskatzen dute, eta bestelako azpiegiturak eraikitzea ere bai”. Oinarrizko arazoa kultur eredu eza dela azaldu du: “Ez da azaldu zelan egokituko litzatekeen proiektu hori tokiko plan kultural baten barruan, ez baitago halako planik”. Premia larriagoak aipatu ditu: “Kultur sortzaile edo eragileen prekaritatea, dauden museoen beharrak aztertzea zein beka sistema berrikustea; makroproiektuak ekintza horiek beharko luketen aurrekontuaren zati nabarmena irentsiko du”.
Blanca Urgell: “Ez dute aintzat hartu antzeko museo imitazio saiakera asko egin direla, eta porrot egin izan dutela”
Urgell ere elkarrizketen foku da. Euskal filologoa ikasketaz, PSEk zuzenduriko Eusko Jaurlaritzan Kultura sailburu izan zen, duela hamar urte. Erakundeek duten “irudimen falta izugarria” nabarmendu du: “Makroproiektua ez da inondik inora eskualdeak behar duena; zentzugabekeria da marka berbera bi aldiz instalatzea Euskal Herria moduko herri txiki baten barruan”. Era berean, argitu du proiektu turistikoa dela, “ez kulturala“: “Distantziak gorabehera, proiektua kulturaren Starbucks bat da, Starbucks oso garestia”. Alde horretatik, azaldu du kulturari laguntzeko sare batek hiru ardatz eduki behar dituela: “Sorkuntzari eta ekoizpenari laguntza ematea, kanpora ateratzea eta dirulaguntzen izapideak erraztea”.
Zer edo zer indartsua izan baldin bada, “herritarren erantzuna” da. Gotxi Kimikan lizentziatuak eta SOS Gaztelugatxe nahiz Guggenheim Urdaibai Stop plataformetako militanteak ederto ezagutzen du proiektua, baita horren aurrean herritarrek antolatu duten erresistentzia ere: “Ekimenak ez du Busturialdeko herritarrok uler dezakegun inongo zentzu komunitariorik. Eskualdeak premia oso zehatzak ditu, denboran luzatu direnak; beraz, horiek asebetetzeko plan bat ondu behar da, ze, hori egin ezean, gainontzekoak ez du ez hanka, ez buru”.
Eider Gotxi: “Erakundeek esan dute ezer ez dagoela erabakita, baina belar sastrakak garbitzeko lan handia egin dute”
Egitasmoaren interesa, bere ustez, ez da “ez kolektiboa, ezta publikoa ere”: “Guggenheim fundazio pribatua da; Muruetako ontziola, enpresa pribatua. Biak pozarren daude, administrazio publikoak egingo dien opariaren zain, bakoitza bere interesekin”. Administrazio horiek (Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak), hain zuzen, aditzera eman dute “ezer ez dagoela erabakita”: “Edozelan ere, belar sastrakak garbitzeko lan handia egin dute”. Hortaz, aukera bi oholtzaratu ditu Gotxik: “Batetik, erabakia hartuta egitea eta itsu-itsuan aurrera doazela pentsatzea; bestetik, erabakia hartuta egon barik, erabateko zentzugabekeriaz jokatzen dabiltzala planteatzea”.
Ustezko entzute prozesuaz.
Erabakia hartuta egon zein ez, erakundeen jarrera du hizpide bermeotarrak: “Entzungor jarduten dute”. Horregaz lotuta, eskualdean berriki abiatutako kontsulta prozesuari buruz ere mintzatu da. “Berandu heldu den prozedura horrek ez du ezertarako balio, proiektuari hutsetik ekiteko borondaterik ezean; beste berba batez, bai ala bai egingo badute, erabakia dagoeneko hartua da”. Baliabide hori “ez da entzute prozesua”, Gotxiren hitzetan: “Ez da parte hartzailea eta, gainera, diru publikoz ordainduta dago; xahutzen ari diren diru hori guztia zuzenean eskualdean inbertituta egon beharko litzateke”.
Larrinaga gernika-lumotarra Ekonomian lizentziatua da. Euskadiko Ezkerra (EE) alderdiaren kide aipagarria da, eta Jose Antonio Ardanza lehendakariaren agintaldi bitan Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen arloen sailburu izan zen. Proiektuaren tentakuluetako batean, Muruetakoan, jarri du lupa: “Ez du Kostaldeen Legea errespetatzen, salbuespena eskatu behar izan baitu; Babes Bereziko Eremu baten aurka doa ekimen hori, jakinda Gernika-Lumo eta Murueta arteko padura eremua masifikatu egingo duela eta, gainera, beharrezko harrera zerbitzurik ez daukala”.
Alderdien arteko akordioen noranzkoaz mintzo da politikari eta ekonomialaria: “Uste dut PSOEk eta EAJk sinatutako hitzarmena Erreserba Babesteko eta Ordenatzeko Legearen menpe egon beharko litzatekeela”. Muruetako garroa, beste alde batetik, Gernika-Lumon aplikatu daitekeela azaldu du: “Gernika-Lumok marka unibertsal indartsuagoa eta zerbitzu baliabide gehiago dauzka, eta ingurumen inpaktu murritzagoa. Ez hori bakarrik: eskualdearen industria sektoreak berrikusketa baten beharrizan agerikoa du, 40 urteko utzikeriaren ondoren”.
Gainbeheraren begirale.
Zallo da gainbehera horren nondik norakoak sakonen jorratu dituen egileetako bat. Gernika-lumotarra, Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatua eta EHUko katedradun emeritua izateaz harago, liburu sorta zabala idatzitakoa da. Gutxik defini ditzake hark bezain zorrotz Busturialdearen beharrak: “Industria ehuna, eraikuntza eta lehen sektorea beheranzko joeran daude, eta Biosfera Erreserbaren egungo egoera zeharo tamalgarria da; izan ere, ez du eredu ekonomikorik, natura eta bereziki hondartza turismoan oinarri hartutakoa ez bada”.
Ramon Zallo: “Proiektuak Guggenheim Bilbao Fundazioaren behar legitimoari erantzuten dio, ez herritarrenei”
Dena dela, Zallok eskualdearen “ahalmen handiak” goraipatu ditu: «Beste toki batzuetan, zerbitzuak ematen dituzten giza baliabide oso kuatifikatuak daude; sektore arteko tradizio handia dago; deskarbonizazioaren aroan, eredu ekonomiko berriek ate asko zabal ditzakete; eta egoera iraultzeko beharraren kontzientziazio kolektiboa oso agerikoa da».
Zalloren iritziz, museo makroproiektuak eskualdeak bizi dituen gaitz guztiak ez ditu “inolaz ere” konponduko: “Busturialdea-Urdaibairen gainbehera ezin daiteke proiektu ekonomiko bakar batekin bideratu, are gutxiago jomuga turistikoa baldin badu”. Proiektu hori Guggenheim Urdaibai izateak, gainera, “traba gehigarriak” dakartza beregain, babestutako eta hondatze prozesuan dagoen natura eremu bati eragin diezaiokeelako: “Mitecoren 40 milioi euroko inbertsio leheneratzailea guztiz derrigorrezkoa da, paduran museoa altxatu zein ez”.
Ekonomikoki “jipoitua” dagoen eskualdearen egoerari buelta emateko gakoa Un desarrollo económico y ecosocial para Busturialdea-Urdaibai izeneko liburuan landu zuen Zallok; talka plan baterako eta plan estrategiko baterako lan dokumentua ondu zuen. Dokumentu horretan, 25 proiektu traktore aipatzen ditu, horiek guztiak lau eremutan barnebildurik: azpiegiturak, ekosistemak, ekonomia eta esparru soziokulturala.
Zallok uste du proiektuak Guggenheim Bilbao Fundazioaren “behar legitimoari” erantzuten diola, baina ez herritarrenei. Biztanleria txikiko herrialdea izanik, nabarmendu du kultur sektore “ezin hobea” edukitzea hil ala bizikoa dela, “kultura propioa sortzeko eta mundu ireki baten testuinguruan beste herrialde batzuekin trukatzeko”.
Horrenbestez, makroproiektuak baino, Zallorentzat honako proiektuak ditu zentzurik eta aplikagarritasunik handienak: “Gernika-Lumorako proiektatuko litzatekeen Memoriaren Museoa (Bakearen Museoaren jarraipen eta ordezkapen legez) Dalia lantegiaren orubean plantea zitekeen. Euskal Gizartearen eta Kulturaren museo baten aterkipean, bereziki hezkuntza sistemari zuzendutako gogoeta gunea zatekeen; egungo museo etnografikoek ez dute dimentsio hori harrapatzen”.
Ondorioak, mahai gainean.
Elkarrizketatu denak ala denak bat datoz eskualdeak gehien behar duena zehazterakoan: Babesa. Turismo “mehatxagarria” horrekin “ez datorrela bat” argituta, proiektua geldiarazi beharra nabarmendu dute guztiek, bakoitzak bere lan eta ezagutza ildotik. “Urdaibaik kultur politiken eredu berria behar du, bertako kultura saretzearen eta sorkuntzaren alde irmoki egingo duena”, argitu dute aho batez.
Muruetako proiektu zatiaren kasuan, “ingurumen bateraezintasuna” da plazaratu duten termino nagusia. Bateragarritasun hori erdiesteko plan estrategikoari dagokionez, eskualdearen amiltzeari “buelta emateko” gai izateaz harago, “Biosfera Erreserbarekiko errespetuzkoa eta deskarbonizatzailea” izan beharko litzateke.