Bertsoaren bitartez egoiliarren bizi kalitatea hobetuz
Bertso Ardatz ekimena hartu du Bermeoko Sancti Spiritus Zaharren Udal Egoitzak gaur goizean [abenduak 10]. Ibai Amillategi eta Miren Amuriza bertsolariek emandako saioagaz "pozik" agertu dira egoiliarrak.
Ongi etorri gaztiok, gure egoitzara; egun ona pasatzen, ibiliko gara. Pozik eta kopla kantuan hartu dituzte gaur goizean [abenduak 10] Ibai Amillategi eta Miren Amuriza bertsolariak Bermeoko Sancti Spiritus Zaharren Udal Egoitzan. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko 12 udal egoitzarekin lankidetzan martxan jarritako Bertso Ardatz ekimena hartu du egoitzak. Bertsolaritza adineko pertsonen terapia gisa erabiltzea erabaki dute, eta ekimen horren bidez, batik bat, adinekoen bizi-kalitatea eta gaitasun kognitiboak hobetzea bilatzen dute.
Egoiliarren bizi kalitatea eta gaitasun psikoemozionalak bertsolaritzaren bidez hobetzeko programan parte hartzen duten hamabi egoitzen artean daude, besteak beste, Gernika-Lumoko egoitza, Ondarroako egoitza, Lekeitioko egoitza eta gaur saio hartu duen Bermeoko egoitza. Bai bertsolariek, bai egoiliarrek “pozik” hartu dute ekimenean parte hartzeko gonbitea: “Estimaz hartzen gaituzte joaten garen lekuetan, eta saioa bukatzean zelako poza dagoen ikustea baino ez dago”, azaldu du Amillategik. Amurizak gaurkoa bezalako saio batean bertsotan aritu den lehen aldia dela nabarmendu du, saioak egoiliarrak kalera ateratzeko balio duela azaltzeagaz batera: “Kanpoko gaiak, kontu alaiak, jaiak… Hemendik ateratzeko balio du”.
Denetariko gaiak eta bertso doinuak kantatu dizkiete bertsolariek udal egoitzako egoiliarrei; izan ere, udalerrien arteko lehia, Bermeok duen arrantzari eta portuari lotutako historia, egoitzako maskota legez hartu duten Bizkor izeneko txakurra, egoiliarren gaztaroko kontuak edota zaintzaile eta medikuek egiten duten lana izan dituzte, besteak beste, bertsotarako gai. Ekimenak egoiliarrei “ahalik eta esperientzia pertsonalizatuena” eskaini nahi die, eta, horregatik, zentroetako dinamizazio langileek aldez aurretik aztertzen dute egoiliarrei zein bertso zahar eta herri kanta gustatzen zaien gehien. Goizeko saioan, esaterako, Bermioko portuan abestiari hamaika erreferentzia egin diote bertsolariek.
Bertso saio goiztiarra “ilusio handiz” hartu dute Bermeoko egoiliarrek, eta halaxe bizi izan dute bertsolariek ere. “Batzuetan, apur bat ahaztuta edo alde batera utzita daude, eta ilusio handia egiten die”, zehaztu du bertsolari gernika-lumotarrak. Bizkaian lehen aldiz egiten den ekimena da Bertso Aldatz, baina Gipuzkoan “hainbat saio” egin direla azpimarratu du Amurizak: “Funtzionatzen duen zantzu da”. Hortaz, aurrerantzean ere hori bezalako ekimenetan parte hartzeko prestutasuna agertu dute. Egoiliarrek ere errepikatzeko gogoa adierazi dute, eta hala helarazi diete bertsolariei: “Etorri daitezela berriro”.