Recisil proiektuak jaso du enpresa ideia onenaren saria
Busturialdeko XI. Enpresa Ideia Lehiaketan nagusitu den Asier Martinezen proiektuak silikonaren birziklapena du oinarrian. Bigarren saria Yon Cañon eta Eder Solarren Vacaciones adaptadas proiektuak jaso du.
Busturialdeko XI. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa egin zuten eguenean [azaroak 28], Busturiako BBK Klima Abentura parkeko instalazioetan. Lehiaketa eskualdeko 18 eta 35 urte bitartekoei zuzenduta dago, “laneratzea errazteko, ideia berritzaileei irteera emateko eta enpresa interesak saritzeko”. Aurten hamalau izan dira lehiaketara aurkeztu diren enpresa ideiak —iaz baino sei gehiago— eta guztira 5.000 euro banatu dituzte, “gazte ekintzaileei laguntzeko”. Lehiaketaren hamaikagarren aldian Asier Martinezen Recisil izeneko proiektuak jaso du lehenengo saria.
Silikonaren hondakinen “kopuru handia” ikusita sortutako proiektua da Martinezena, eta material horren birziklapena du oinarrian: “Recisilek silikonak birziklatzea proposatzen du. Material hori fabrikazioan erabiltzen da, batez ere industria-sektorearen barruan, eta azkenean beti hondarra bihurtzen da”. Hala, ideia honetan birziklapena silikona bere oinarrizko osagaietara deskonposatu eta birziklatutako produktu berriak sortzea proposatzen da, karbono aztarna murriztuz: “Ekonomia zirkularraren filosofia erabiliz, material birziklatua silikona birjina ordezkatzeko erabiltzen da”.
Ideiaren produktu nagusia “silikonaz egindako estaldura bat” izango da, eta “lehiakorra eta jasangarria” izateko diseinatuta dago. Proiektua gauzatzeko “kokapen egokia” Busturialdea litzatekela zehaztu dute, “industria eta garapen jasangarrirako proiektuetarako ingurune egokia baita”.
Martinez ezin izan zen Busturira gerturatu, une berean beste sari bat jasotzen ari baitzen, Cordoban. Bere lagun batek jaso zuen saria, Teresa Laespada Enpelu, Gizarte Kohesio eta Berdintasu Saileko foru diputatuaren eskutik. Lehen postua lortuta, Recisil proiektuaren idea garatzeko 3.000 euroko diru laguntza jaso du Martinezek, eta, horrez gain, urtebetez doako aholkularitza zerbitzua jasoko du, lan alorrera, zergetara edota kontabilitate aholkularitzara bideratua.
Gizarte-berrikuntza.
Bigarren saria Vacaciones adaptadas enpresa-ideiarentzat izan zen, eta 2.000 euroko diru laguntza eta sei hilabeteko aholkularitza zerbitzua jaso ditu. Yon Cañon eta Eder Solarren proiektua eskualdean desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonentzako bidei eta oporretara egokitutako baliabide eta zerbitzuak eskaintzeko helburuagaz sortu da. “Etxez etxeko arretarako kooperatiba bateko bazkideak gara, eta jendearekin hitz egin eta haien arazoak kontatzen zizkigutenean, bidaiatzeko aukerarik ez izatea zen gehien errepikatzen zen kexetako bat”, azaldu zuten ideiaren bultzatzaileek.
Zehaztu zutenez, proiektuagaz askotariko aukerak eskaini nahi dituzte, inklusioa sustatzeko txangoak, Busturialdeko eguneko irteerak, edo pertsonalizatutako irteerak, esaterako: “Besteak beste familiarekin oporretan joan daitezkeen bidaiak antolatuko ditugu, kontutan hartuz hotelak, irteerak eta garraioa eta behar duten guztia egokituta izatea, horrek dakarren guztiaz arduratu beharrik ez izateko”. Vacaciones adaptadas enpresa-ideiak “turismo irisgarri eta inklusiboa” sustatu nahi du, autonomia mugatua dutenei beraien ametsak betetzen lagunduz eta “familia eta zaintzaileen gain sarritan dagoen zama arinduz”.
Halaber, 1.000 euroko bi sari banatzea aurreikusita zegoen: bata, lehen sektorearekin lotutako ideiarik onena duen enpresa-ideiarentzat, eta bestea, gizarte berrikuntzara bideratutako eta gizarteari modu positiboan eragiteko gaitasun handiena duen egitasmoarentzat. Lehen sektoreagaz loturiko ideiarik aurkeztu ez zenez, baina, sari hori eman gabe gelditu zen. Gizarte berrikuntzari lotutako sariari dagokionez, 1.000 euro horiek jasotzeko baldintza aurreko sarietako bat ere ez jasotzea zen; hala, Vacaciones adaptadasek bigarren saria jaso zuenez, sari hori ere eman gabe geratu zen.