Gida Bira: Museotako bisita gidatuak bertsotan
Bermeoko Arrantzaleen Museoak, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak eta Kortezubiko Santimamiñekoak parte hartzen dute.
Euskararen Egunari begira Bizkaiko Foru Aldundiak diseinatutako egitasmoa da Gida Bira. Ekimenak Bizkaiko Foru Jauregi, museo eta aretoetako ondarea eta bertsogintza bilduko ditu, bisitariei “esperientzia kultural berezi eta erakargarri bat” eskaintzeko helburuagaz. Barikuan [azaroak 29] hasiko dituzte eta martitzenera arte, abenduak 3, egingo dituzte. Bisita gidatuen izena ematea ezinbestekoa da. Horretarako, museo edo areto bakoitzagaz jarri beharko dira harremanetan.
Bermeoko Arrantzaleen Museoak (arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus), Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak (euskalherriamuseoa@bizkaia.eus) eta Kortezubiko Santimamiñekoak (santimamine@bizkaia.eus) parte hartzen dute, baita Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hainbat bertsolarik ere. Hain zuzen ere, bertsotan egingo dituzte bisita gidatuak. Euskarak munduari begiratzeko “aparteko modu bat” eskaintzen duela diote, Gida Biragaz begirada hori bertsolarien bidez islatu nahi dute. “Hala, bertsolariek haien ekarpen oparoa egingo diote gidarien diskurtsoari, bisitarien gozamenerako”.
Leixuri Arrizabalagak Euskera eta Kultura diputatuak azaldu duenez, Gida Bira baliatuz, ondare materiala ezagutuko dute ondare immaterialaren bidez. “Hau da: Bizkaiko 10 museo eta areto berrezagutu ahal izango ditugu, 16 bertsolarik parte hartzen duten bisita gidatuetan”. Gaineratu du aldundiak “ahalegina” egiten duela euskararen erabilera “sustatzeko eta eremu guztietan indartzeko”. Eta Gida Birak horretan laguntzen duela diote.
Egitaraua:
Barikua, azaroak 29
- 18:00: Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Ander Elortegi eta Enare Muniategi.
Zapatua, azaroak 30
- 12:00: Bilboko Euskararen Etxean, Maite Sarasola eta Xabat Galletebeitia.
- 17:00: Bilboko Arkeologia Museoan, Iruri Altzerreka eta Gorka Pagonabarraga.
Domeka, abenduak 1
- 11:30: Muskizeko El Pobaleko Burdinolan, Iruri Altzerreka.
- 12:00: Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan, Koldo Gezuraga eta Izaro Bilbao.
- 12:00: Kortezubiko Santimamiñen, Aissa Intxausti eta Aitor Etxebarriazarraga.
- 12:00: Bakioko Txakolingunean, Jone Larrinaga eta Asier Galarza.
- 12:30: Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga.
Martitzena, abenduak 3
- 11:30: Foru Jauregian, Xabat Galletebeitia eta Ane Labaka.
- 18:00: Bizkaiko Ondare Aretoan, Maite Sarasola eta Eneko Abasolo.