Ekintza eta komunikazio klimatiko eraginkorraren beharra azaleratuz
Hezkuntza Klimatikoaren Mundu Eguna baliatuta, 'Komunikazio eta hezkuntza klimatikoa: emozioen eta ekintzaren bidez ahalduntzea' jardunaldia antolatu du Un Etxeak gaur [azaroak 28] , BBK Urdaibai Zentroan.
Klima aldaketa “egungo erronka larrienetako bat” da, eta horregatik, Un Etxea, Unesco sustatzeko Euskal Herriko elkarteak Komunikazioa eta Hezkuntza klimatikoa: emozioen eta ekintzaren bidez ahalduntzea jardunaldia antolatu du gaur [azaroak 28], Hezkuntza Klimatikoaren Mundu Egunean. BBK Urdaibai Zentroa “hausnarketarako, ikaskuntzarako eta ekintzarako” gune bihurtu da, bertan elkartu baitira ingurumenarekin, komunikazioarekin eta hezkuntzarekin loturiko diziplinetako ikasle eta irakasleak, komunikabideetako profesional eta, oro har, “jasangarritasunean eta komunikazio klimatikoan interesa duten profesionalak”.
Jardunaldian klima aldaketari loturiko informazioa “eraginkortasunez komunikatzeko gako eta tresna praktikoak” eskaini dizkiete bertaratu direnei. Horrez gain, emozioek trantsizio ekosozialean duten garrantzia eta herritarrak ekiteko gai izan daitezen ahalduntzeko moduak jorratu dituzte.
“Jasangarriak ez bagara, ez gara izango” esaldiagaz ekin dio jardunaldiaren aurkezpenari Leire Zarate BBK-ko ingurumen eta jasangarritasun arloko arduradunak. Adierazi duenez, jasangarriak izatea “denen erronka” da: “Eta ez da erronka txikia“. Izan ere, krisi klimatikoak “gizarte osoari” eragiten diola nabarmendu du, horregatik gaurko jardunaldian herritarrak, erakunde publikoak eta sektore pribatua elkartu dituzte. Zehaztu du denek “helburu bera” lortzeko lan egiten dutela: “Etorkizun jasangarri, justu eta inklusiboagoa lortzea”.
Arantza Acha Un Etxeko zuzendariak lurralde ikuspegi batetik lan egitearen garrantzia nabarmendu du: “Gure lurraldean gertatzen ari dena plano eta eskala ezberdinetatik begiratzea funtsezkoa da, behar dugun eta dugun aukera bakarra den trantsizio ekosozialaren transnformazio horiek egin ahal izateko”.
Hizlariak. Jardunaldiak hainbat hizlari izan ditu, eta Odile Rodriguez de la Fuente ingurumen dibulgatzailea izan da oholtzara igotzen lehena. Garaiz gabiltza: krisi klimatikoa geldiarazteko gakoak hitzaldian, oraindik “baliagarriak” diren konponbide klimatikoen eta horiek aktibatzeko moduen berrikusketa egin du hizlariak. Jarraian, Conchi Bidero eraldaketa ekosozialerako ikertzaileak Ekoantsietatea eta aktibismoa: emozioen zeregina trantsizio ekosozialean tailer praktikoa bideratu du. Horretan, “ekoantsietatea eta hori ekintzarako motor” bihurtzeko tresnak landu dituzte.
Etenaldia eta gero, Komunikazio klimatikoa: beldurretik ekintzara eztabaida panelean bildu dira Neli Zaitegi pedagogia eta hezkuntzan aditua, Mari Luz Gomez Ihoberen Herritarren Ekintza proiektuaren arduraduna eta Alex Fernandez Muerza ingurumen kazetaria eta EHUko irakaslea. Mintzagaien artean izan dituzte klima-aldaketa “inor ito edo geldiarazi gabe” nola komunikatu daitekeen edota herritarren ekintza nola bultzatu daitekeen, “emozio positiboetatik abiatuta”.
Jardunaldia ixteko, Ekintza komunitarioa eta partaidetza klimatikoa Euskadin hitzaldian, hurbileko zenbait “esperientzia eraldatzaile” aurkeztu dituzte, besteak beste Mater, Teait eta Urdaibaiko Ingurumen Hezkuntzako Proiektua.